Euskadiko Lanbide Heziketak Urratsbat eta Ikasenpresa sariak eman ditu, ikasleen eta ikastetxeen ekintzailetza aitortzeko

2021-06-17

  • Lanbide Heziketako ikasleek Urratsbat programaren bitartez sortutako 56 enpresetatik 5 enpresa berrik jaso dute saria
  • «Elkarrekin aukerak ereiten» lelopean, EAEko Lanbide Heziketako 11 ekintzailetza-proiektuk jaso dute aitortza XV. edizioan
  • La Caixaren Gizarte Ekintzak laguntzen du sarietan eta ekitaldiaren antolakuntzan

Euskadiko Lanbide Heziketaren XV. Ekintzailetza sarien ekitaldia aurten «Elkarrekin aukerak ereiten» lelopean egin da, eta Hezkuntza Saileko Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuetako zuzendari Rikardo Lamadridek hartu du parte bertan, gaur goizean.

Ikasle, irakasle eta enpresari berrien ordezkariak bildu dira ekitaldian, Iurreta LHIIn, segurtasun-neurri zorrotzen artean. Ekitaldian Jon Labaka ere izan da, Tknikako (Euskadiko LHren Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa) zuzendari exekutiboa. Tknika, hain zuzen, Lanbide Heziketako ekintzailetza-programak koordinatzeaz arduratzen da.

Sari horien bidez, urtero, Tknikak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan bultzatzen eta koordinatzen dituen ekintzailetza-programetako bakoitzeko proiektu onenak nabarmendu eta aitortzen dira; zehazki, Urratsbat eta Ikasenpresa programetakoak.

Sariak emateko ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuetako zuzendari Rikardo Lamadridek honako hau nabarmendu du: «Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek 2020-21ean egindako lana aitortu nahi dugu. Pandemiaren ondorioz, ikasturte hau oso konplikatua izan da guztiontzat, baina ekintzailetzan lan bikaina egin da. Ekintzailetza-programen beren lana ere nabarmendu nahi dugu, oztopoak gaindituz egoerara egokitzen jakin dutelako eta ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatzeko helburu guztiak aurrera ateratzea lortu dutelako. Ikasle guztiek barneratu behar dituzte dohain horiek, eta Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketarako Sailburuordetzak horien aldeko apustua egiten jarraitzen du».

“Gazteek, 4.0 testuinguru batetik abiatuz, jasangarritasuna edo osasuna jorratzen dituzten prestakuntza-zikloen alde egitea da oraindik ere sailburuordetza honetako kideon apustua, besteak beste, arlo horietan indartu beharra daukagulako. Euskal gizarteak 4.0 ekintzaileak behar ditu».

Bestalde, Tknikako zuzendari Jon Labakak gogorarazi duenez, aintzatespen-ekitaldi honen helburua honako hau da: «Euskadin ekintzailetzak duen garrantzia nabarmentzea eta, euskal Lanbide Heziketako hainbat esparrutako prestakuntza jaso ondoren, pandemia-urte honetako zailtasunak zailtasun, beren enpresa-ideia aurrera ateratzen jakin duten ekintzaileen balioa azpimarratzea. Ikastetxeetako irakasleek ekintzailetza-kultura zabaltzeko egindako lana ahaztu gabe, gainera. Balioak aldatu eta ekintzailetzari merezi duen garrantzia emateak gizarte erresilienteagoa izaten lagunduko digu, zalantzarik gabe».  

EKINTZAILETZA-PROGRAMA ETA PROIEKTU SARITUAK

Urratsbat programa: Ikasleek martxan jarritako 56 enpresetatik 5 enpresa saritu dira

Euskadiko LHko Urratsbat programaren helburua LHko ikasleei beren enpresa sortzen laguntzea da. LHko ikastetxeak benetako enpresa-haztegi bihurtzen dira, eta aholkularitza eta laguntza osoa jartzen dute ikasle ekintzaileen esku, beren enpresa martxan jarri ahal izan dezaten. Benetako enpresak.

Joan den ikasturtean (2019-2020), LHko ikasleek Euskadin 56 enpresa sortu zituzten beren ikastetxeetan bertan, Urratsbat programaren bitartez. Kategoria hauetako bakoitzean –2.500 €-ko sari batez hornituak– honako hauek nabarmendu dira:

  • 2021eko Urratsbat saria, 2.500 €-koa, teknologia-arloko enpresa onenari: Elkartenet, Harrobia ikastolarena. La Caixa fundazioak eman du saria. Elkartenetek hezkuntza- eta asozianismo-proiektuak eta merkataritza suspertzearekin lotutakoak egiten ditu, software librean garatutako aplikazioen bitartez.

 

  • 2021eko Urratsbat saria, 2.500 €-koa, industria-arloko enpresa onenari: Bela Detail, Iurreta LHII ikastetxearena. La Caixa fundazioak eman du saria. Bela Detail ibilgailuen zaintza eta mantentze estetikoaz arduratzen da.

 

  • 2021eko Urratsbat saria, 2.500 €-koa, zerbitzuen arloko enpresa onenari: Miri Sorgin, Zornotza LHII ikastetxearena. La Caixa fundazioak eman du saria. Miri Sorginek landa-eremuetan etxeko ile-apainketa eta estetikako zerbitzuak ematen ditu.

 

  • 2021eko Urratsbat saria, 2.500 €-koa, emakumeek zuzendutako enpresa onenari: Mamba arquitectas, Irungo La Salle ikastetxearena. Tknikak eman du saria. Mambak arkitektura, ingeniaritza, instalazio eta hirigintzako proiektu teknikoak idazten ditu.

 

  • 2021eko Urratsbat saria, 2.500 €-koa, gizarte-arloko enpresa onenari: Arati Galapan, Galdakaoko Ostalaritza Eskolarena. La Caixa fundazioak eman du saria. Arati Galapanek zaldi-txangoak eskaini eta ekinoterapia egiten du.

Urratsbat programak lehenengo pausoak eman zituenetik (2004-2005eko ikasturtea), LHko ikasleek programa honen bidez guztira 1.023 enpresa sortu dituzte, LHko ikastetxeetan bertan. Gaur egun, horietatik % 65ek jarraitzen dute martxan.

Ikasenpresa programa: 6 saritu, garatutako 970 proiektuetatik

Ikasenpresa hezkuntza-programa bat da, ikasleen artean ekintzailetza-kultura sustatzeko. Urratsbat programaren aurretik eman beharreko pausoa dela esan daiteke. Benetako produktu edo zerbitzu bat eskaintzen duen enpresa bat garatuta, ikasleek beren gaitasunak garatu eta profesional on, enplegagarri, pertsona aktibo, ekintzaile eta barne-ekintzaile bihurtzeko aukera daukate. Ikasleek ekinez ikasten dute ekintzaile izaten.

2020-2021eko ikasturtean, LHko 83 ikastetxetako 5.000 ikasle inguruk eta 236 irakaslek parte hartu dute programan, eta guztira 970 Ikasenpresa proiektu aurkeztu dituzte.

Ikasenpresa programan gehien nabarmendu diren proiektuak aintzatestea helburu duten sari hauetarako 6 kategoria sortu dira, eta landutako 970 proiektuetatik honako hauek saritu dira:

  • Negozio-ideia: Guretech S. Coop., Urnietako Salestarrak BHIPrena.
  • Merkatu-azterketa eta mix marketina: IzAz3D Coop., Emilio Campuzano LHIIrena.
  • Gizarte-eragina, abiatze-kanpaina eta dibulgazioa: Hyptnotic S. Coop., San José de Calasanz BHIPrena.
  • Salmenta-gunea eta merchandisinga: Nicolás Larburu LHII.
  • Etorkizuneko proiekzioa duen negozio-ideia: Babiru Argitaletxea kooperatiba, Nicolás Larburu LHIIrena.
  • Gizarte-ekintzailetza: Era Berria S. Coop., San José de Calasanz BHIPrena.