Euskadiko Lanbide Heziketak eta BEAZek II. Provider sariak eman dizkiete enpresa-proiektu berritzaile eta teknologikoei

2021-06-18

  • Bigarren edizio honetan, Diseñalmi eta Vertex enpresa-proiektuek jaso dituzte sariak; biak Lanbide Heziketako ikasleek sortuak
  • Saritan jaso dute biek: milana euro, aholkularitza teknikoa eta BIC-Bizkaiaren instalazioetarako sarbidea, euren enpresa-proiektua abian jartzen hasteko
  • Provider-en helburua Euskadin fabrika adimendunerako irtenbideak ematen dituzten enpresen sarea sortzea da

Rikardo Lamadrid Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, Jon Labaka Tknikako zuzendari exekutiboarekin batera, gaur goizean, Zamudion, Provider sariak banatu ditu; sari horien bidez, Lanbide Heziketako ikasleen eskutik sortu diren teknologiako enpresa-ekimen berritzaileenak aitortzen dira. Ekitaldian, era berean, Olatz Goitia BEAZeko zuzendari nagusiak eta Joseba Mariezkurrena BFAko Ekintzailetzako eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendariak parte hartu dute.

Providerren bigarren edizio honetako sari-banaketa elkarlaneko robot baten laguntzaz egin da, BIC Bizkaia eraikinean, Zamudioko Teknologia Parkean. Provider elkarlan baten emaitza da: Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroak, Hezkuntza Sailarena) eta BEAZ-Bizkaiak (Bizkaiko Foru Aldundiaren sozietate publikoa, enpresei eta ekintzaileei laguntzekoa) elkarrekin sustatutako programa.

Providerren helburua ez da soilik enpresak sortzea eta gazteen artean ekintzailetza-kultura sustatzeaa, nahiz eta bere zeregina hori ere baden. Helburu duen ekimena, nagusiki, Euskadin 4.0 industriarako zerbitzuen enpresa-sarea sustatzea da. Alegia, fabrika adimendunerako irtenbideen hornitzaileak sortzea. Horretarako, Lanbide Heziketako harrobira jotzen du eta, hala, ikasleen talentua, sentsibilitate ekintzailea eta gaitasun berritzailea aitortzen eta saritzen ditu. 

Saritutako proiektuak

Providerren bigarren edizio honetan, sariketara zazpi proiektu ekintzaile aurkeztu dira, eta honako hauek izan dira irabazle:

  • DISEÑALMI. Errealitate birtualaren eta 3D inprimaketaren teknologiak integratzen dituen proiektua da; hartan, errealitate birtualaren betaurrekoen bidez, erabiltzaileak 3Dn sortu eta modelatu ahalko ditu piezak, ondoren inprimatzeko.
  • VERTEX. 3D inprimaketako proiektua da; hartan, 3D inprimagailuak diseinatzen eta fabrikatzen dira, PRUSAk garatutako teknologian oinarrituak, eta, horretarako, VERTEXek garatutako osagaiak integratu eta, hala, inprimatzeko bolumenaren gaitasuna handitzen da.

Bi proiektu horiek milana euroko saria jaso dute, eskudirutan. Baina, gainera, BIC-Bizkaiaren teknikarien aholkularitza eta sei hilabetez enpresa-mintegi honen ekintzailetza-aretora (Zamudio) sarbide zuzena izango dute. Hala, lehen urratsak ematen eta haien enpresa-proiektuan lan egiten hasi ahalko dira eta, hil batzuetan, proiektu hori errealitate bilakatu.

Bi fase: sentsibilizazioa eta lehiaketa

Provider programak bi fase ditu: lehen fasea, ikasleak sentsibilizatzekoa, eta, bestea, enpresa-proiektuen lehiaketa-fasea.

Lehen fasea, sentsibilizaziokoa, LHko ikasleei, zabalkunde-jardunaldi batzuen bidez, programaren amaierako helburuarekin bat datozen teknologia disruptibo batzuk hurbiltzean datza. Edizio honetan, jardunaldiak teknologien –besteak beste, Blockchain eta big data–, zibersegurtasunaren, dronen eta elkarlaneko robotikaren eta 3D inprimaketaren ingurukoak izan ziren. Helburua ikasleak teknologia horietan sentsibilizatzea da, gero haien proposamen ekintzaileak landu ahal izateko. Gainera, aurrez aurre ezagutzen dituzte proposamenak enpresa bilakatu dituzten ekintzaileen esperientziak.

Providerren bigarren edizio honetan, sentsibilizazio-jardunaldietan Bizkaiko LHko 17 zentrok parte hartu dute; haietan, 340 ikasle baino gehiago daude.

Bigarren fasera, enpresa berritzaileen proiektuen lehiaketaren fasera, zazpi proiektu aurkeztu dira, eta, haien artean, aurretik aipatutako biak saritu dituzte.