Euskadiko gazteria pozik dago haren egoera pertsonalarekin 2020an, nahiz eta pandemiaren intzidentzia nabaritzen den

observatorio_juventud.png

2021-04-16

  • Covid-19ak harreman sentimentaletan eta/edo sexualetan izan duen eraginak gogobetetasun-maila baldintzatzen du
  • Enpleguarekin zerikusia duten adierazleek 2013an –finantza-krisialdian, bete-betean– baino aurreikuspen hobeak erakusten dituzte

Vitoria-Gasteiz, 2021/04/16

Euskadiko gazteria pozik dago haren egoera pertsonalarekin eta kolektiboarekin, oro har, nahiz eta pandemiaren eragina nabarmena izan den 2020an, salbuespenezko egoerez josita egon baita. Hala erakusten du Aurrera Begira 2020. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak txostenak. Txostena Gazteen Euskal Behatokiak prestatu du. Dokumentua urtero prestatzen da, eta datu erkatuak jasotzen ditu, 2013. urtetik jasotakoak; orduan egin zen lehendabizi.

Pandemiak eta haren ondoriozko krisialdi ekonomikoak Euskadiko gazteen aurreikuspenak baldintzatu dituzte, azterlanaren hamar adierazletik bik azken zortzi urteotan emaitzarik txarrena erregistratu izanak erakusten duen bezala. Hala ere, balantze globalak gazteak pozik eta haien prestakuntzara egokitzen den lana aurkitzeko itxaropentsu daudela erakusten du.

Hori horrela, norberaren gogobetetasun-indizea –lan-egoeraren eta ikasketa, astialdi, adiskide, familia eta osasunaren egoeren balorazioak bateratzen ditu– ona da, 74 puntukoa 100etik. Baina, 2020an, serieko puntuaziorik baxuena erregistratu da, aurreko urtean baino lau puntu gutxiago (78), nagusiki pandemiaren eta haien harreman sentimental eta/edo sexualetan izan dituzten murrizketen eraginez.

Historikoaren emaitzarik txarrena izan duen beste adierazlea etorkizunaren inguruko konfiantzarena izan da. Hurrengo bosturtekorako etorkizuneko aurreikuspen pertsonalei, kolektiboarenei eta Euskadiko aurreikuspenei buruz galdetzean, Euskadiko gazteek 100etik 63 puntu eman dute.

Balioak batez bestekoan

Lan-munduan, inkestak erakusten du ikasketekin zerikusia duen enplegua aurkitzeko itxaropena handitu egin dela ikasleen artean; % 76koa da, serieko altuena, hasi zenetik, eta 2018ko balioa errepikatzen du.

Enplegua dela eta, eta 2019ko zifrak baino txarragoak izanik ere, 2013an baino maila altuagoa du, orduan finantza-krisialdia bete-betean zegoela aintzat hartuta. Hala, gazte langileen artean enplegua galtzeko edo ezegonkortzeko arriskuaren pertzepzioa areagotu egin da, aurreko urtearen aldean; 2019an % 34koa zen eta, 2020an, % 48koa. Horretan eragin handia izan dute Covid-19aren pandemiak eragin dituen ABEEEk, enpresen itxierek edo jarduera eten izanak. Balio hori 2014eko balioetan dago (% 47), baina jarraitzen du 2013an erregistratutakoa baino ia hamar puntu baxuago egoten (% 57).

Bestalde, langabezian daudenen artean, enplegua aurkitzeko aurreikuspenak apurtu du azken urteotan izan duen goranzko joera; langabezian dauden % 64k uste du urtebeteko epean aurkituko duela enplegua. Balio horrek puntuak egin ditu atzera, beste urte batzuen aldean, baina jarraitzen du 2013an erregistratutako balioaren gainetik (% 54).

Kolektibo horrek lan egiteko atzerrira behartuta joateko duen aurreikuspena % 10ekoa da; alegia, Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko hamar pertsonatik batek uste du etorkizunean atzerrira joan beharko duela lan egitera, nahi ez badu ere. Konparatiban, balio hori beste ekitaldi batzuetan erregistratutakoa baino txikiagoa da, esaterako, 2017koa (% 11), 2014koa (% 14) eta 2013koa (% 16) baino txikiagoa.

Oro har, Euskadiko gazteek gazteen gaitasunen inguruko konfiantza dute, eta haien gaineko konfiantza-indizea 100etik 67koa da; ehuneko hori ia ez da aldatu 2019aren edo 2013aren aldean (kasu bietan % 66koa).

Une honetako balorazio-indizea –egoera pertsonalaz gainera, gazteena, oro har, edo Euskadirena ere hartzen ditu kontuan– 100etik 64koa da, eta, hala, 2014ko (62) eta 2013ko (60) balioetara bueltatzen da.

Emantzipazio moztuaren aurreikuspena dela eta –familia-etxetik independizatu nahi dutelako baina ezin dutelako–, serieko zifra baxuenetakoak ditu (% 41), eta ia ez da aldatu 2019aren aldean (% 40).

Txostena

Aurrera Begira 2020. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak txostena Gazteen Euskal Behatokiak urtero egiten duen ikerketa da; helburua da jakitea euskal gazteriak oraina nola ikusten duen eta zein diren epe laburrerako etorkizunaren inguruan dituen aurreikuspenak. Zortzigarren urtez jarraian egin da azterlan hau.

Horretarako, enpleguaren eta emantzipazioaren egoeran eragin berezia duten 10 adierazleren bilakaera aurkezten da: unean uneko balorazioaren indizea; gogobetetasun pertsonalaren indizea; funtsezko alderdien balantzea; enplegua galtzeko edo ezegonkortzeko arriskua; enplegu-aurreikuspena; prestakuntzaren araberako enpleguaren aurreikuspena; atzerrira behartuta joateko aurreikuspena; emantzipazio moztuaren aurreikuspena; gazteen ahalmenen gaineko konfiantzaren indizea, eta etorkizunaren inguruko konfiantzaren indizea.

Ikerketa hau 15 eta 29 urte bitarteko 6.341 gaztek eratzen duten Euskadiko gazteriaren lagin bati online bidez eginiko inkestan oinarritzen da. Informazioa 2020ko azaroaren eta abenduaren bitartean bildu zen.