Euskadiko Garraio Agintaritzak urrats berriak eman ditu BARIK, BAT eta MUGI txartelen elkarreragingarritasunerako

2021-03-16

  • Metro Bilbaok MUGI titulua gehituko dio bere sistemari 2022ko lehen hiruhilekoan
  • TUVISAk hiru txarteletako edozeinekin ordaintzeko aukera emango du 2021eko bigarren seihilekoan

 

Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) elkarreragingarritasunaren ponentzia aste honetan bildu da, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun dauden hiru bidaia-tituluen (MUGI, BAT eta BARIK) elkarreragingarritasunerako urrats berriak emateko. Topaketa horretan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, hiru foru-aldundiek eta garraio-operadoreek. Amaieran, data berriak ezarri ditu, titulu guztien elkarreragingarritasunerantz aurrera egiteko hiriko eta hiriarteko garraio guztietan. Helburua da txartelen erabilera erraztea eta horien konbinazio intermodala ezartzea.

Mugi txartela 2022ko lehen hiruhilekotik aurrera erabili ahal izango da Metro Bilbaoren linea guztietan. Urrats berri horretarako, Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP) sistemak egokitzen hasiko da. Horretarako, BGPko Administrazio Kontseiluak egokitzapen-lanak lizitatuko ditu hurrengo bileran. Aurrerapen horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru tituluak Bizkaiko hiriburuko garraio metropolitarrean erabili ahal izango dira (BAT eta BARIK txartelak onartzen ditu dagoeneko).

Bestalde, TUVISAk, Gasteizko hiri-autobusen konpainiak, erabat erabilgarri jarriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hiru tituluak Gasteizko hiri-autobusetan 2021eko bigarren seihilekoan. Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, MUGI txartelaren elkarreragingarritasuna erabatekoa da ALAVABUSeko autobusetan.

Euskadiko Garraio Agintaritzako presidente Iñaki Arriolak “erakunde arteko lankidetza” nabarmendu du, tituluen elkarreragingarritasunean aurrera egitea ahalbidetzen ari baita, Eusko Jaurlaritzak garraio publikoa bultzatzeko dituen helburuen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoan mugikortasun-sistema iraunkorragorantz aurrera egiteko funtsezko piezatzat. Nabarmendu duenez, elkarreragingarritasuna “funtsezkoa da garraio publiko kolektibo integratua eta haren intermodalitatea sustatzeko”.