Euskadiko eta Québec-eko kanpo harremanen arduradunak bildu dira bi gobernuen arteko lankidetza-esparrua indartzeko  

2021-04-16

 Marian Elorzak eta Nadine Girault ministroak bilera birtuala izan dute gaur arratsaldean 

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Nadine Girault Quebeceko Nazioarteko Harremanetarako eta Frankofoniako ministroak bilera birtual bat izan dute gaur arratsaldean, bi gobernuen arteko lankidetza indartzeko eta haien arteko harremanak eta lan-eremuak sakontzeko. 

Bileran, bi arduradunek beren kanpo-harremanetarako estrategiak trukatu dituzte, bai eta atzerrian ordezkaritzak hedatzeko estrategiak ere. 

Halaber, bi gobernuek 2017an sinatu zuten Elkar ulertzeko Memorandumaren balantzea egin da eta lehentasunak ezarri dira etorkizunari begira. Memorandum horretan, kulturaren, hizkuntza-politikaren, nazioarteko harremanen, ekonomiaren edo ingurumenaren arloetako lankidetza eremuak jaso ziren.

 Quebec lehentasunezko eskualdea da Euskadi Basque Country 2030 Estrategiaren barruan. Hala, enpresa, teknologia eta berrikuntza, gastronomia, telebista edo kazetaritzako sei pertsona ospetsuk osatutako ordezkaritza batek Euskadi bisitatu zuen 2019an, Learning Tour ekimenaren barruan. Urte horretan, bestalde, laguntza-funts bat sortu zen, lankidetza teknikoan aritzeko eskualde horrekin. 

Gainera, bi eskualdeek jarduera ugari egin dituzte kulturaren arloan, elkarren ezagutza, baterako sorkuntza eta esperientzien eta ezagutzen trukea sustatzeko. Bi gobernuak eraginkor ari dira klima-aldaketaren eta ingurumen-politika eta -estrategia jasangarrien arloan.