Euskadiko 18 udaletako ordezkariek aurrera egin dute haurrek eta gazteek parte hartzeko sistemetan

30_09_21_Montehermoso_VG_Infancia__4_.jpg

2021-09-30

  • “Etorkizuneko askatasuna neska-mutilak demokraziaren funtsetan inplikatzearen mende ere egongo da”, adierazi du Beatriz Artolazabalek jardunaldiaren itxiera-ekitaldian
  • Amurrio, Agurain, Legutio, Portugalete, Durango, Gordexola, Zumaia, Urretxu, Ataun, Barakaldo, Bergara, Gorliz, Guardia, Donostia, Eibar, Lemoa, Laudio eta Zaldibiako ordezkaritzek parte hartu dute Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako proiektu honetan  

Vitoria-Gasteiz, 2021/09/30

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako 18 udalerritako ordezkariek esku hartu dute haurrek eta nerabeek parte hartzeko sistema egonkorrak ezartzeko proiektu pilotua dinamizatzeko jardunaldi batean.  Jardunaldia gaur goizean egin da Vitoria-Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Udalen ordezkaritza teknikoez eta politikoez gain, jardunaldian parte hartu dute Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Irune Muguruza Familia eta Haurren zuzendariak.

Artolazabal buru duen Sailak 2021. urtearen hasieran jarri zuen abian proiektu pilotua; proiektuak hiru helburu nagusi zituen udal bakoitzaren horizontean: haurren eta nerabeen eskubideak betetzen direla bermatzea; haurrek eta nerabeek tokiko erakundeetan parte har dezaten sustatzea; eta haurren eta nerabeen parte-hartze egonkorreko organoa sortzea.

 “Balioak, ohitura osasungarriak eta giza eskubideak ikasten diren bezalaxe, ikasten dira sistema demokratikoak eta gizartea artikulatzeko moduak”, adierazi du Beatriz Artolazabalek udal-ordezkariei zuzendutako hitzetan. “Proiektu pilotu hori bi arlotan da garrantzitsua. Batetik, neska-mutilen eskari zuzenei irekitzen dizkie udal-politikak, eta, bestetik, haurrek eta nerabeek joko demokratiko eta instituzionala ulertzea bultzatzen du. Gure gizarteetako etorkizuneko askatasuna erakundeen irekieraren eta pertsonen parte-hartzearen arteko orekaren mende dago, hein handi batean. Funtsezkoa da neska-mutilek joko demokratikoa ulertzea. Eta askatasunez jokatzea”, adierazi du Artolazabalek.

Familien eta Haurren Zuzendaritzak Batzorde Zientifiko bat eratu du proiektu pilotu hori eraginkortasunez garatzeko helburuarekin. Haurrek eta nerabeek toki-erakundeetan parte-hartzea sustatzen duten programak edo proiektuak garatzen dituzten erakunde publikoek osatzen dute Batzorde Zientifiko hori. Gainera, parte hartzen duten toki-erakundeek haurren eta nerabeen parte-hartzearen arloko banakako aholkularitza dute —telefono bidezkoa eta telematikoa—, zalantzak ebazteko, prozedurak berrikusteko eta abar. Horri gehitu behar zaio udalerri bakoitzak banako aholkularitzako saioak izango dituela lagungarri, aurrez aurrekoak izan edo bide telematikoz izan.

Abian diren udalerriak

Bederatzi udalerrik, herrialde bakoitzeko hiruk, parte hartu dute 2021ean proiektu pilotuaren lehen fasean: Amurrio, Agurain, Legutio, Portugalete, Durango, Gordexola, Zumaia, Urretxu eta Ataun. Tamaina eta biztanleria-dimentsio desberdineko udalerriak dira.

Udalerri horietako ordezkaritzek beren esperientzia partekatu dute proiektura sartu berri diren udaletako ordezkariekin. Hauek dira udalerri horiek: Barakaldo, Bergara, Gorliz, Guardia, Donostia, Eibar, Lemoa, Laudio eta Zaldibia. 

Harreraren ondoren, Montehermoso Kulturunean harreman-dinamika bat garatu dute proiektu pilotuaren programazioa aurkeztu aurretik, eta parte-hartzearen teorietarako hurbilketa egin aurretik.

Gaurko jardunaldiaren ondoren, urriaren 18tik 22ra bitartean, beste bat izango da Bilbon, haurrek eta nerabeek parte hartzeko organoen ereduei buruzkoa, eta beste bat Donostian, ekainaren 22tik 26ra bitartean, organo horiek abian jartzeko baldintzak ezagutzeko.

Azken helburua da udalerriengandik konpromiso sendoa lortzea proiektu pilotu honetan diseinatutako haurrek eta nerabeek parte hartzeko organo egonkorra epe laburrean abian jar dadin. Udalek konpromisoa hartzen dute organo horretarako behar besteko giza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta baliabide materialak jartzeko.

 “Eskerrik asko zuen denboragatik eta lanagatik, baita zuen herriko haur eta nerabeek beren kezkak eta eskaerak aurkezteko erakunde bat izan dezaten izan duzuen interesagatik ere. Horrek zuen udalerriak hobetuko ditu, etorkizuneko herritarrak hobetuko ditu eta Euskadiren hobekuntza ekarriko du. Aurrera egitera eta beste udalerri batzuetarako eredu izatera animatzen zaituztet”, erantsi du Beatriz Artolazabalek.