EUSKADIK PROTOI ERRADIOTERAPIAKO EKIPAMENDUA IZANGO DU, MINBIZIA DOITASUNEZKO TEKNOLOGIAREKIN TRATATZEKO, AMANCIO ORTEGA FUNDAZIOAREN DOHAINTZARI ESKER

2021-10-20

  • Protoiterapia abangoardiako eta doitasunezko tratamendua da, zeinak erradiazio-dosia tumorerantz hobeto banatzea baitakar eta, hala, ehun osasuntsuak kaltetzeko arriskua murrizten baitu

 

  • Makina berriak 28 milioi euroko balioa du; Osakidetzan egongo da eta erreferentziazkoa izango da Euskadiko, Nafarroako, Errioxako, Kantabriako eta Gaztela eta Leongo Burgosko eta Soriako probintzietako herritarren osasun-asistentziarako

 

  • Dohaintza hori Amancio Ortega fundazioak, Eusko Jaurlaritzak, Osasun Ministerioak eta beste 6 autonomia-erkidegok sinatutako lankidetza-hitzarmenean sartzen da

 

  • Osasuneko Sailburua: “minbiziaren ikerketan eta tratamenduan aurrera egiteko aukera bat da, bai eta Euskadi terapia pertsonalizatuen eta doitasunezkoen abangoardian egoteko ere”

 

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak lankidetza-hitzarmena sinatu du Amancio Ortega fundazioarekin; haren bidez, Euskadik abangoardiako ekipamendua izango du Osakidetzan protoiterapia ezartzeko. Protoien erradioterapiako ekipamendu berriak 28 milioi euroko balioa du, eta tumoreak lokalizatuago eta doitasun handiagoz tratatzeko eta, hala, inguruko ehun osasuntsuak ez erradiatzeko balioko du. “Protoiterapiaren bidez, Euskadik bere lekua izango du minbiziaren tratamenduaren mapan, eta euskal herritarren osasuna hobetzeko balioko du, kontuan hartuta haien heriotza-kausa nagusia minbizia dela”.

LANKIDETZA-HITZARMENA

Lankidetza-hitzarmena gaur arratsaldean sinatu da, Osasun Ministerioan, Madrilen, beste sei autonomia-erkidegorekin eta Amancio Ortega fundazioarekin batera. Azken horrek 10 ekipamendu eman ditu dohaintzan, guztira, 280 milioi euroko balioan, protoiterapia ezartzeko Estatuan (2 Andaluziarako, 2 Madrilerako, 2 Kataluniarako, 1 Valentziarako, 1 Galiziarako, 1 Kanarietarako eta 1 Euskadirako).

Euskadiri dagokionez, makina berria Osakidetzan egongo da eta erreferentziazkoa izango da Euskadiko, Nafarroako, Errioxako, Kantabriako eta Gaztela eta Leongo Burgosko eta Soriako probintzietako herritarren osasun-asistentziarako

 

Aldi berean, Euskadi arduratuko da hura ezartzeko eta abian jartzeko inbertsioaz (3 milioi euro), bai eta tartean den pertsonalarentzako prestakuntza-plana egitekoaz, mantentze-lana egitekoaz eta gailu berria gehienez 12 hileko epean martxan jartzekoaz ere.

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak esan duenez, inbertsio hori “minbiziaren ikerketan eta tratamenduan aurrera egiteko aukera bat da, bai eta Euskadi terapia pertsonalizatuen eta doitasunezkoen abangoardian egoteko ere”.

“Minbiziari aurre egitea Osasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da, Euskadiko Plan Onkologikoan jasotzen denez. Minbizia Euskadin heriotza-kausa nagusia da, eta hari aurre egiteko, ekipo profesionalak eta teknologia aurreratuak behar ditugu. Protoien doitasunezko erradioterapiako ekipamendu hau terapia aurreratuaren adibide bat da; haren bidez, Euskadiko sistema publikoan pertsona guztiei ematen diegun zerbitzua hobetu egingo da”, esan du Sailburuak.

Gogorarazi behar da Eusko Jaurlaritzak sinatu zuela, 2017an, akordio bat Amancio Ortega fundazioarekin, 14,7 milioi euroan, 5 azeleragailu lineal ezartzeko; haiek guztiak martxan daude. Dohaintza horri esker, Osakidetzak bere azeleragailuen parkearen erdia berritu zuen, azken belaunaldiko makinekin.

 

PROTOITERAPIA. ZER DA?

Protoiterapia erradioterapiaren modalitate berezi bat da; protoiak erabiltzen ditu, X izpien edo elektroien ordez. Horiek aukera ematen dute erradiazioa lokalizatuago askatzeko, eta, ondorioz, dosia hobeto banatzen da eta inguruneko ehun osasuntsuaren erradiazioa txikiagoa da; hala, gutxitu egiten dira tumorearen inguruneko organo eta ehunen kontrako ondorio berantiarrak eta murriztu egiten da bigarren tumoreak garatzeko arriskua. Hori bereziki esanguratsua da biziraupen luzeko pazienteetan, bereziki populazio pediatrikoan.

 

EUSKADIKO PLAN ONKOLOGIKOA

Plan Onkologikoa 2018ko uztailean jarri zen martxan, eta helburuetako bat du minbizitik bizirik irteteko indizeak handitzen jarraitzea; Euskadin gizonetan % 52,2koa da indizea eta, emakumeetan, % 60koa, Estatuko eta Europako tasetatik gora.