Euskadik eta Nafarroak lankidetza areagotuko dute trafikoaren eta larrialdien arloan

Argitalpen-data: 

  • Josu Erkoreka eta Javier Remírez lehendakariordeak gaur goizean elkartu dira Bilbon, eta Eusko Jaurlaritzaren Trafikoa eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa bisitatu dute, trafikoaren eta bide-segurtasunaren eskumena bereganatzen duenerako Nafarroak hasitako lanen esparruan.
  • Biak ados agertu dira babes zibilaren, larrialdien eta bide-segurtasunaren arloko egungo koordinazio-protokoloak emaitza onak izan dituela adieraztean, eta iritzi berekoak izan dira Foru Gobernuak eskumen berriak bereganatzen dituenean sortuko den egoera berrira egokitu beharko dela azaltzean.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Javier Remírez Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria gaur goizean elkartu dira Bilbon larrialdien arloan elkarlana eta lan bateratua indartzeko eta trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko lankidetza-bideak ezartzeko. Biek adierazi dute lankidetzarako eta informazioa partekatzeko akordioak ezarriko dituztela Nafarroak abenduan ixtekotan den trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko eskumena jasotzen duenean.

Bileran izan dira Amparo López Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuko zuzendaria, Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria eta Fernando Izagirre Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria ere.

Bisitan Remírez lehendakariordeak eta López Barne Departamentuko zuzendariak Eusko Jaurlaritzaren Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezagutu dute, trafikoaren kudeaketari eta larrialdien arretari buruzko informazioa eta esperientziak partekatzeko.  

Elkarlanerako mekanismoak

Euskadiko eta Nafarroako gobernuen lankidetza-protokolo orokorra 2016an izenpetu zen, eta babes zibilaren, larrialdien eta segurtasun publikoaren arloko prebentzioan eta erantzuna ematean aktiboki elkarlanean jarduteko mekanismoak ezartzen ditu. Horrela, protokoloak polizia-mailako mekanismoak, formakuntzakoak, arrisku-egoeretan elkarri laguntzekoak, bereziki mugako eremuetan eragina duten kasuetan, simulakro bateratuak egitekoak, eta abar jasotzen ditu. Horrez gainera, bi erkidegoen arteko komunikazioa artikulatzen duen errepide-sarean mugikortasuna, ibilgailuen zirkulazioaren arintasuna eta bide-segurtasuna hobetzeko ekintzak ezartzea ere jasotzen du, besteak beste, trafikoa kudeatzeko zentroen artean informazioa trukatuz eta jarduketak protokolizatuz, bereziki neguko bidezaintza edo trafikoan eragina izan dezaketen beste egoera batzuetan (kirol-jarduerak, istripuak, etab.) erantzuna ziurtatzeko.

Josu Erkoreka eta Javier Remírez ados agertu dira koordinazio-protokoloak orain arte emaitza onak izan dituela adieraztean, eta azaldu dute Foru Gobernuak eskumen berriak bereganatzen dituen unetik sortuko den egoera berrira egokitu beharko dela. 

Trafikoaren transferentzia Nafarroari urtea amaitu aurretik

Gaur goizean Bilbon egin duten bisita Foru Erkidegoak urtea amaitu aurretik trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko eskumena bereganatzeko Nafarroako Gobernua egiten ari den lanaren esparruan egin dute.

Irailaren 3an Servei Català de Trànsit (SCT) trafiko-zerbitzuaren instalazioak eta Centre d’Informació Viària de Catalunya (CIVICAT), Kataluniako Bide Informazioko Zentroa ere bisitatu zituen, eta Jaurlaritzarekin ere harreman ona duen Joan Ignasi Elena Barne kontseilariarekin elkartu zen.

Orain dela hainbat hilabetetatik, Nafarroako Gobernua koordinazio-lana egiten ari da hainbat sailekin, transferentziaren planifikazio integrala ezartzeko. Transferentziak besteak beste barne hartzen ditu zehatzeko prozedura, bide-segurtasuneko politika, trafikoaren kudeaketa, errepideen zaintza eta kontrola, gidarien eskola, prestatzaileen prestakuntza, bide hezkuntza eta formakuntza eta estatistika.

Tartean diren lan-arloak banakatuko dituen eskumen-matrize bat garatzen ari dira, proiektu teknologiko elkartuak identifikatuz eta eskumena osotasunean garatzeko beharrezko baliabideak zehaztuz. Horretarako, antolaketa eta arlo juridikoa eta teknologikoa aztertzeko lanean ari dira, eta kudeaketa-eredu ezberdinen azterketa kontrastatuak ere egiten ari dira, eta esparru horretan egin dute Euskadira bisita.