Euskadik bihar arratsaldean irekiko du 59 eta 55 urte bitarteko pertsonei covid-19aren aurkako txertoa jartzeko webgune bidezko hitzordua

2021-12-20

  • Osasun sailburuak pandemiak Euskadin izan duen bilakaeraren berri eman dio Eusko Legebiltzarrari
  • LABIren Batzorde Teknikoak Gabon-jaietarako gomendioak jasotzen dituen dokumentua bidali dio lehendakariari

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, Euskadiren azken epidemiologia-, asistentzia- eta txertaketa-egoeraren berri emateko. Birusaren hedapenak modu kezkagarrian aurrera egiten jarraitzen duela azaldu du. Era berean, aurreratu du COVID-19aren aurkako txertaketaren programazioa aurreikusitakoaren arabera garatzen ari dela, eta aurreratu du bihar arratsaldean irekiko dela txertaketa indargarriaren web hitzordua 59-55 urteko kolektiboarentzat.

 

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburua, gaur goizean, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin du agerraldia, EAEko azken egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren eta txertaketa-egoeraren berri emateko.

Hori horrela, Sagarduik iragarri du birusak jarraitzen duela EAEn kezkatzeko moduko hedapena izaten, eta ez duela hobera egin, pasa den astelehenean agerraldia egin zuenetik. Jakinarazi duenez, kutsadura-mailek nabarmen egin dute gora, gaixotasun horren ondorioz ospitaleetan gero eta joan-etorri gehiago dago eta epe laburrera ez da ikusten joera aldatuko denik. Gainera, “azken egunotan, Omicron aldaeraren 220 kasu erregistratu dira”, esan du.

Hori dela eta, sailburuak nabarmendu du zer garrantzitsua den gaur egun birusa ez hedatzeko dauden prebentzio-neurriei eustea, eta haiek betetzeko dei egin du. Jakinarazi du, gainera, LABIren Batzorde Teknikoak Lehendakariari dokumentu bat bidali diola, “EAEn Gabonak ospatzeko gomendioak” izenekoa, eta, hartan, oinarrizko babes-neurriak nabarmentzen direla, hala nola txertaketa, eskuen higienea, jendetzak ekiditea eta, bereziki, espazio itxiak aireztatzea.

Hori horrela, Lehendakariak eta Osasuneko Sailburuak Pedro Sanchez presidenteak deitutako presidenteen bileran parte hartuko dute; hura Iñigo Urkullu Lehendakariak egoerari eta hari aurre egiteko baterako neurriak aztertzeari buruzko diagnostikoa partekatzeko premiazko bilera eskatu ondoren deitu da.

 

Txertaketa EAEn

Amaitzeko, Sagarduik iragarri du txertaketan aurreikuspenak betetzen ari direla eta planifikatutakoaren arabera garatzen ari dela: “60 urtetik gorakoen % 79,6k oroitzapen-dosia jarrita du”, nabarmendu du.

Gainera, bihar arratsaldetik aurrera, 55 eta 59 urte bitartekoek hitzordua hartu ahalko dute txertoa hartzeko, Osakidetzaren web-orriaren bidez. “Aurrekoan esan genuen bezala, herritarrei txertoa hartzera joateko eskatzen diet, baina Osakidetzaren oharrei jarraitzeko. Itxaron BIHAR ARRATSALDERA ARTE web-orriaren bidez hitzordua hartzeko”, esan du.

Azkenik, Sagarduik 11 eta 9 urte bitarteko adingabeen txertaketaren aurrerapenaren berri ere eman du; egun arte, 15.269 umek jaso dute, dagoeneko, txertoa EAEn.