Euskadik aste honetan hasiko du klinika pribatuetako eta eguneko zentroetako profesionalen txertaketa, baita Ertzaintzako agenteena ere

2021-02-15

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui elkarrizketatu dute, gaur goizean, Herri Irratiko “Egunon Bizkaia” saioan. Bertan, sailburuak iragarri du Euskadik aste honetan hasiko duela klinika pribatuetako eta eguneko zentroetako profesionalen eta Ertzaintzako agenteen txertaketa. Hala, datorren asteari begira txertaketarekin modu paraleloan jarraitzea aurreikusi dutela azaldu du. Alde batetik, egoitzetan egoiliarren eta profesionalen immunizazio osoarekin jarraituko da, baita Osakidetzako lehen lerroko osasun-profesionalen txertaketarekin ere. Gainera, klinika pribatuetako lehen lerroko profesional sanitarioen, Ertzaintzako agenteen eta eguneko zentroetako profesionalen txertaketarekin hasiko da. "Beti txertoen eskuragarritasunaren arabera", gaineratu du.

Osasun sailburuak, beste behin ere, Euskadik jarraitzen duen bigarren dosia bermatzeko estrategia defendatu du, Europak eta Osasun Ministerioak babestu dutena, hain zuzen.

Egoera epidemiologikoari dagokionez, Sagarduik azpimarratu du Euskadi "eremu laranjan" dagoen arren, egoera kezkagarria dela oraindik, eta, horregatik, "zuhurtziari eutsi" behar zaiola. "Oraindik ez da lasaitzeko garaia, alerta egoeran mantentzeko garaia baizik", azpimarratu du. Hala, gogorarazi du gaur egun 170 pertsona daudela ZIUetan. Sagardui sailburuak azpimarratu duenez, helburua 100.000 biztanleko 60 kasuko intzidentzia metatura iristea da eta "geratzen zaigun bidea oraindik luzea da".

Osasun sailburuak esan du oraindik birusa gure artean dagoela eta beharrezkoa dela harekin bizitzen ikastea. Zentzu horretan, zuhurtzia mantentzea eta prebentzio neurriak betetzea eskatu du. "Osakidetzatik guztion osasuna zaintzen jarraituko dugu", gaineratu du.

Bestalde, une oro, momentu epidemiologiko eta sozialera egokitutako neurriak hartzen saiatu direla ziurtatu du Osasun sailburuak. "Ez gara uda salbatzera joan, ezta Gabonak salbatzera ere", azpimarratu du. Gotzone Sagarduik gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak tresna juridikoak eskatu dituela neurriak azkar eta berme juridikoekin hartu ahal izateko, baina Gobernu Zentralak uko egin dionez eta justiziak neurriak bertan behera utzi dituenez, sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak beste tresna batzuetan pentsatu beharko duela, "atzo Lehendakariak aipatutako legea, esaterako".