Euskadi zeu zara kanpainak Euskadin zeharreko ibilbideak eta planak "erantzukizunez eta zuhurtziaz" sustatzen ditu

2021-03-17

  • Euskadi zeu zara ekimenak Euskadin gozatu eta dastatzeko 200dik gora plan, jarduera eta esperientzia biltzen ditu

  • Xedea da “jendetzak ekidin eta fluxu seguruak bultzatuko dituzten” jarduera anitzak eskaintzea Euskadiko biztanleei eta bultzada bat ematea bertako turismo sektoreari

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok bere sailak 2021ari begira sustatu dituen turismoa sustatzeko kanpainak eta antolatu diren ekitaldi, biltzar eta jardunaldien egitaraua aurkeztu ditu gaur. Horiek guztiak malgutasunez eta zuhurtziaz gauzatuko dira, “pandemiaren bilakaera eta indarreko osasun-neurriak aintzat hartuz”.

COVIDa iritsi aurretik lorturiko turismo-datu bikaina gororatu du sailburuak: “Turismo arloko BPGk inoizko hazkunderik handiena izan zuen 2019an (% 6,4) eta sektore horretako gastuak 5.000 milioi euroetako langa lehen aldiz gainditu zuen. Pandemiak zeharo aldatu du egoera hori baina lanean jarraitu eta esfortzu handiagoa egin beharra dago sektoreari bultzada bat eman eta enpleguak mantentzen eta sektorearen jarduera berreskuratzen laguntzeko”.

Horrexegatik, azaldu du Sailburuak, Euskal Turismoari Eusteko Plana abiatu zen, 21 milioi euroko zuzkidurarekin. Horietako 18 zuzeneko laguntzetara bideratuta daude eta beste 3ak Euskadiko sustapen eta dinamizaziora. “Etenik gabeko apustua izan behar du eta sektoreak eskatu digun zerbait da. Sektorearekin batera egin dugu hausnarketa, plana egungo egoerara egokitzeko xedearekin”.

Honela, datorren Aste Santua jomuga duen sustapen-kanpainak Euskadin zeharreko Planetan jarriko du bere arreta. “Beti ere zuhurtzia osoz jokatuz eta egoera oso aldakorra dela eta unean-unean indarrean dauden osasun-neurrietara egokitu beharko dugula aintzat hartuz”.

Horretarako, Euskadin zeharreko Planetako webgunea eguneratu, osatu eta egokitu egin da, Euskadi zeu zara lelopean. “Euskadi gure izaeraren parte delako baina, aldi berean, gu gauzkalako jatorri eta sorburu. Helburu bikoitza bilatzen dugu: turismo sektorea bertoko turisten bitartez sustatzen laguntzea eta, bestetik, plan alternatiboak eskaintzea txokorik ezagunenetan jendetzak ekiditeko”.

Webguneak 200dik gora plan eta jarduera biltzen ditu egun baina helburua da webgunea eguneratzen eta osatzen jarraitzea, erreminta aktiboa bilaka dadin. Planak lurraldeekin batera landu dira: aldundia, udal, eskualde zein turismo sektoreko erakundeekin batera.

Kanpainak online euskarriak erabiliko ditu bertsio eta hedabide digitaletan, webgunera eramango duten bannerren bitartez, bai eta publizitate programatikoa ere. Horiez gain, bideo laburrak eta pilulak izango ditu ere euskarri horietan eta saretan.

https://turismo.euskadi.eus/contenidos/informacion/planes_tu_destino/es_def/

Ekitaldien egitaraua

Aurreko kanpainaz gain, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2021ean antolatu edo babestuko dituen ekitaldietako zenbait aurreratu ditu Sailburuak. “Xedea da lan-dinamikak (hausnarketarako zein prestakuntzarako) sortzea enpresekin, turismo sektoreko azpisektore eta produktu ezberdinei loturiko gai ugariren inguruan. Sektore honetako profesionalak jomuga dituzten jardunaldiak dira: aditu ugariren presentzia izango dute eta Euskadi gai hauetan erreferentzia bilakatzea dute helburu”.

Zentzu horretan, lehen geltokia Euskadiko Ekoturismo IV. Foroa izango da, Vitoria-Gasteizen egingo dena maiatzaren 24an eta 25ean. Dagoeneko entzute handia duen ekitaldi honen laugarren edizioa izango da eta Katalunia izango da gonbidatutako erkidegoa.

https://www.ecoturismoeuskadi.eus/

Halaber, Turismo Sailak Euskadiko Zikloturismo I. Foroa antolatuko du, Vitoria-Gasteizen ere, maiatzaren 12-13an. Bizikleta tradizio luzea du Euskadik, zikloturistentzako ibilbide eta bide berde ugarirekin, eta xedea da foro hau urte gutxiren buruan egonkortu eta sendotzea, sektoreari merezi duen indarra eman ahal izateko.

Ekainean, Euskadik COETUR foroa hartuko du Arantzazun. Escapada Ruralek antolatua, Landa Turismoko Europako VII. Biltzarra izango da eta COVIDa eta gero turismoa sustatzeko motor gisara landa turismoak izango duen papera jorratuko du.

http://www.coetur.com/

Ekainean ere, Sailak Let´s Mice jardunaldia antolatu du Bilbon, biltzarrak antolatzeko sektoreko profesionalak jomuga izango dituena. Udazken aldera dagoeneko, industria turismoari buruzko jardunaldi bat egingo da Enkarterrietan, bai eta aurten ere Loizaga Dorrea egoitza izango duten Road Talks mugikortasun, turismo eta lurraldeari buruzko jardunaldiak ere.

Sailburuak, halaber, Euskadiko gastronomia mundu osoan ospetsua dela nabarmendu nahi izan du eta, horrexegatik, “turismoa sustatzeko gure ekimenen trakzio-indar bilakatu nahi dugu, kanpainen ardatz nagusi zein kanpaina ezberdinen uneoroko bidelagun izango den alderdi bezala, hau da, gure plan eta jarduera osatzeko ezin hobea den esperientzia osagarria bezala”.

 

“Eta, amaitzeko, zuhurtzia mezu bat bidali nahi dut Aste Santu honetarako”, adierazi du Sailburuak. “Une zailak bizi ditugu eta asko dago jokoan. Ez bakarrik turismo sektorearen suspertzea baizik eta, horrez gain, gure portaera eta ekintzen mende dauden Euskadiko beste sektore batzuen suspertzea ere. Erantzukizun eta zuhurtzia osoz joka dezagun Aste Santu honetan”.