Euskadi da Estatu osoan beira gehien birziklatzen duen bigarren autonomia-erkidegoa

Argitalpen-data: 

Ecovidrio_2.JPG
  • Beira-ontzien gaikako bilketaren emaitzak 2020: Euskal herritarrek 58.457 tona beira-ontzien hondakin birziklatu zituzten, eta, beraz, herritar bakoitzak pertsonako 90 ontziren ekarpena egin zuen: Estatuko batezbestekoa baino askoz ere gorago
  • Berreskuratu ziren hondakinekin, urtebetez 16.000 auto zirkulaziotik kentzearen baliokidea izango litzatekeen CO2 isuria saihestu zuen Euskadik
  • Lurralde historikoen arabera, Gipuzkoa izan zen edukiontzi berdera ekarpen handiena egin zuena: 33,6 kg/bizt., eta ondoren Araba (24,8 kg/bizt.) eta Bizkaia (22,2 kg/bizt.)

Ecovidrio-k –beira-ontzien hondakinak Espainian birziklatzeko ardura duen irabazi-asmorik gabeko erakundeak– 2020ko beira-ontzien hondakinen gaikako bilketaren datuak argitaratu ditu. COVID-19ak markatutako urte honetan, Euskadin 58.457 tona beira-ontzi jaso ziren guztira edukiontzi berdeetan; beraz, 26,3 kg-ko ekarpena egin zuen herritar bakoitzak (90 bat ontzi pertsona bakoitzeko).

2020an zehar, euskal herritarrek ia 550.000 ontzi bota dituzte egunean lurralde osoko 11.700 beirazko edukiontzi baino gehiagotan, hau da, batez beste 380 ontzi bota dituzte minutuko.

Euskadi berriz ere azaltzen da herritar bakoitzak edukiontzi berdera egindako ekarpen onena duten bost autonomia-erkidegoen rankingean: Balear Uharteak daude zerrendaren buruan (28 kg/biztanle); ondoren, Euskadi (26,3 kg/bizt.), Errioxa (24 kg/bizt.), Nafarroa (23,8 kg/bizt.) eta Katalunia (22,1 kg/bizt.) datoz.

Aipatzekoak dira Donostia, Gasteiz eta Bilbo hiriak, Estatu osoko lehen, bigarren eta hirugarren hiriburuak baitira, 34,2 kg/bizt., 22,3 kg/bizt. eta 21,9 kg/bizt. batezbestekoekin, hurrenez hurren.

2020an herritarrak zintzo joan ziren EAE osoan banatutako 11.777 edukiontzi berdeetara. Euskal herritarrek igluetan jarritako beira guztiaz gain, Ekovidriok 399 tona beira berreskuratu ahal izan ditu hiri-hondakinen tratamendu-instalazioaren bidez, eta ekoizpen-zikloan sartu dira berriro ontzi berriak egiteko.

Euskal herritarren konpromisoa, pandemia-garaian ere bai

Azterlanek erakusten dutenez, aurreko ekitaldian herritarrek beira-ontzi gehiago kontsumitu dituzte etxean, eta are gehiago birziklatu dituzte.

Logikoa denez, 2020an Euskadiko edukiontzi berdearen bidez bildutako tonak % 6,9 jaitsi ziren termino absolutuetan, oro har turismoaren eta HORECA sektorearen itxierak eta murrizketak direla-eta. Azken sektore hori arduratzen da merkatuko beira-ontzien % 50 baino gehiago sortzeaz; horregatik, oro har, murriztu egin dira zirkulazioan jarritako beira-ontzien hondakinak. Hala eta guztiz ere, jaitsiera hori beira-ontzien estimatutako kontsumoaren % 11ko jaitsieraren azpitik dago, BPGd-aren beherakadarekin bat etorriz.

Herritarren konpromisoaz gain, datu horiek posible izan dira Euskadin birziklatze-kate osoak pandemian egindako ahaleginari esker. Funtsezko zerbitzutzat jotzen da; konfinamenduan zehar, 90 bilketa-ibilbide egin ziren astean, eta beren jarduerari eutsi zioten eskualdeko birziklatze-instalazioek nahiz beira-ontzien fabrikek.

Ecovidrioko zuzendari nagusi José Manuel Núñez-Lagos-ek dioenez, “2020. urtea bereziki positiboa izan da ingurumenarekiko konpromisoari dagokionez. Osasun-krisiaren erdian, Euskal herritarrek jarraitu dute beira edukiontzi berdean uzten, aurreko ekitaldietan baino are maiztasun handiagoarekin. Horrek erakusten du herritarren artean ondo errotutako ohitura dela. Ecovidrion oso harro gaude, eta eskerrak eman nahi ditugu herritarrek, ostalariek, balio-kateak eta administrazioek norabide berean lan egiten dugulako eta ekonomiaren susperraldi berdea ardatz dugulako. Klima-larrialdiari eta gure ekosistemak eta biodibertsitatea babesteko benetako ekonomia zirkularrerako trantsizioari heltzea lehentasun bat da orain".

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak adierazi duenez, “klima-aldaketaren aurka borrokatzea 2050 baino lehen klima-neutraltasuna lortzeko erronka handia da, eta ahalegin handia eskatuko dio euskal gizarte osoari”. Barredoren ustez, “gure etxeetan hondakin-frakzio desberdinak bereiztea eta edukiontzietara behar bezala botatzea herritarren ekarpen handia da CO2 isuriak murrizteko eta hondakinen kudeaketa publikoaren kostuak gutxitzeko, eta, horrenbestez, zerbitzuaren tasak mantentzeko”.

Beira-ontzien hondakinak birziklatzearen ingurumen-onurak Euskadin

2020an zehar, euskal herritarrek ingurumena zaintzeak duen garrantziaz jabetzen jarraitu dute. Hala, beira-ontzien birziklatzea ekonomia zirkularreko ereduaren adibide perfektua izan da aurten ere, Agenda 2030 eta Garapen Jasangarriaren sei Helburu ere babestuz. Zehazki, joan den urtean, beiraren birziklatzeari esker, honako hauek lortu dira:

  • 34.136 tona CO2 isurtzea saihestea: urtebetez zirkulaziotik 16.000 auto kentzearen baliokidea.
  • 70.627 tona lehengai erauztea saihestea (harea, sosa eta kareharria): San Mames futbol-estadioaren bolumena halako zazpi.
  • 42.035 MWh energia aurreztea: Euskadiko ospitaleek ia bi hilabete eta erdian kontsumitzen duten energia-kontsumo ia osoaren baliokidea.

 HORECA eta herritarren mobilizazioa, gaikako bilketarako gakoak

Pandemian zehar, Ecovidriok HORECA sektoreari lankidetza eta babesa ematen jarraitu du. Industria hori funtsezkoa da Euskadin, eta bereziki jasan behar izan ditu osasun-krisiaren ondorioak. Elkarrekin egindako lan horren ondorioz, Ecovidriok ehunka lokal bisitatu zituen 2020an zehar, ostalariekin loturak estutzeko eta aurre egin beharreko erronkak gertutik ezagutzeko. Bestalde, erakundeak jarraitu zuen lokal horiei beiraren birziklatzea kudeatzeko azpiegiturarik onena ematen: 140 kubo berezi eman zizkien, eta sektorera egokitutako edukiontziak instalatu zituen.

Azkenik, egoerak gorabehera, Ecovidriok jarraitu du gazteei, haurrei, ostalaritzako profesionalei eta gizarteari oro har zuzendutako mobilizazio sozialeko kanpainak garatzen. Guztira, 15 kanpaina egin dira Euskadin. Horien artean, inpaktu handiko batzuk nabarmentzen dira: “1 kg beira, 1 kg janariren truke”, janari-bankuei janaria emateko; “Birziklatu beira emakumeen alde”, bularreko minbiziaren prebentzioan laguntzeko; edo Jose Luis Korta arraunlariarekiko lankidetza, 80 edukiontzi berde berri instalatzeko.

Etxeko hondakinak Euskadin eta HPKP2030

Gaur egun, Euskadik Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Plan berria eztabaidagai du 2030era begira. Hondakinak sortzeko korronte handienetako bat udalerria da: milioi 1 tona baino gehiago sortzen da urtean; horrek esan nahi du 481 kg/ biztanle eta urteko per capita ratioa dela. 2010ekoarekin alderatuta (492 kg/biztanle eta urteko) % 2,2 jaitsi den kopuru hori 2030ean % 10 jaistea planteatzen da helburu gisa, sortzen ez den hondakina baino hoberik ez dagoela dioen printzipioari jarraikiz.

Kudeaketari dagokionez, udal-hondakinen % 35 (345.274 t) zabortegira eraman zen, eta % 42 berrerabiltzeko, birziklatzeko eta konpostatzeko prestatzeko (417.307 t) bideratu zen. Tratamendu-instalazioen errefusak eta energiaren aldetik zuzenean balorizatu ziren masa-bilketak udal-hondakinen laurden bat baino pixka bat gutxiagora iritsi ziren (229.866 t; % 23,2).

Beira-ontziari dagokionez, esan behar da euskal herritarrak ondoen bereizten duten eta birziklatze-ehuneko handiena duen korronteetako bat den arren oraindik ere % 31 zabortegira eramaten dela, Eusko Jaurlaritzak eskuratutako azken datuen arabera.

Plan berriak % 75eko gaikako bilketaren helburua planteatzen du. Gaur egun, Euskadik % 63ko tasa du; helburua lortzetik urrun oraindik ere. Udal-hondakinetan arreta berezia jarriz, eta, batez ere, lotutako legezko helburuak dituzten lehentasunezko korronteetan, korronte birziklagarri guztietako hobekuntza nabarmendu beharko litzateke: biohondakinak, ontzi arinak, beira, metala, zura, eta papera eta kartoia.