Etxebizitza Sailak gazteentzako 34 zuzkidura-bizitoki berri esleitu ditu Irunen

2021-07-05

  • Eusko Jaurlaritzak Oinaurreko eremuan jasotako eraikina estreinatuko duten lehen bizikidetza-unitateek aste honetan jasoko dituzte apartamentuen giltzak
  • Apartamentuak gehienez ere lau kideko familiak dituzten 36 urtetik beherako pertsonentzat dira

Datozen egunetan, 34 bizikidetza-unitate hasiko dira jasotzen, Alokabideren bitartez, Eusko Jaurlaritzak Irungo Oinaurre auzoan eraiki dituen zuzkidura-bizitoki berriak. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu Iñaki Arriolak kontsumo-energia ia nulua duen eraikin berria bisitatu du gaur, Irungo alkate José Antonio Santanorekin batera.

Zuzkidura-bizitokiak etxebizitza txikiak dira, eta nagusiki gazteei zuzenduta daude, Saileko etxebizitza-arloaren bidez kolektibo horri emantzipatzen laguntzeko. Oinaurreren kasuan, % 100 daude kolektibo horri zuzenduta. Apartamentuen giltzak jasoko dituzten pertsonak 36 urtetik beherakoak izango dira, gehienez ere lau kideko bizikidetza-unitateetan bizi direnak, eta gehienez ere bost urtean bizi ahal izango dira apartamentu horietan. Aldi horretan, beren diru-sarreren araberako hileko kanon bat ordainduko dute (diru-sarreren % 30 gehienez). Gaur egun, Euskadin 1.600 zuzkidura-bizitoki daude, erabileran edo eraikitze edo proiektu fasean. Horietatik, 830 Gipuzkoan daude kokatuta.

Etxebizitza Sailak 3,2 milioi euroko inbertsioa egin du Irungo Udalak doan lagatutako lurzoruan eraikitako eraikin horretan. Eraikinak lau solairu, lurpeko garaje bat eta bizikletentzako aparkaleku bat ditu, eta sustapeneko zuzkidura-bizitoki guztiek terraza edo balkoia dute. Energia-kontsumoa murrizteko, plaka fotovoltaikoak eta aerotermia-sistema bat instalatu dira estalkian, eta bero-berreskuratzailea duen fluxu bikoitzeko aireztapena bizitoki bakoitzean. Gainera, gas-galdarako sistema zentralizatu tradizionala instalatu da.

Instalazioak duen sistemak familia bakoitzaren energia-autokudeaketa ahalbidetzen du bizitoki bakoitzean, gailu baten bidez (kontsumo-datu propioak eta eraikineko bizikidetza-unitateen batezbestekoak eskuratzeko aukerarekin), eta hornidurak aurreordainketaren formularen bidez kontratatzeko aukera eskaintzen du, gastuak kontrolatzeko. Bizitokiek, halaber, tenperaturari eta hezetasunari buruzko datuak jasotzen eta bidaltzen dituen zunda bat dute. Informazio horri esker, berokuntza-sistema erregulatu daiteke, efizientzia handiagoa lortzeko. Eraikinak A mailako energia-efizientziako ziurtagiria jaso du, eta energia-kalifikazio horrek efizientziarik handiena adierazten du energia-kontsumoan eta CO2 emisioetan.

Esleitzeko prozesuan, Irunen erroldatuta dauden pertsonak izan dira lehentasunezko hartzaileak, eta prozesuan parte hartu duten guztiek bete dituzte jabetzan etxebizitzarik ez izateko eta 3.000-39.000 euroko urteko diru-sarrera haztatuak izateko betekizunak.

Behe-solairuan, mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako bi zuzkidura-bizitokiak daude. Gainerako 32etatik, bi etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortuta duten bizikidetza-unitateentzat dira, lau etxebizitza-premia berezia dutela egiaztatzen duten pertsonentzat, eta 26 gainerako eskatzaileentzat, betiere gazteen kolektiboaren barruan. Logela bakarreko bizitokiak dira 32 eta bi logelako bi bizitoki daude.

Irunen kasuan, bertan erroldatutako 2.036 pertsona daude Etxebiden erregistratuta, eta haien % 86k errentamendu-erregimeneko etxebizitzak eskatzen dituzte. Egindako bisitan, Iñaki Arriolak azpimarratu du Udalarekiko lankidetzari esker “erantzun egin zaiela etxebizitza-arloan premiazko soluzioak behar dituzten kolektiboen eta, haien artean, emantzipatu nahi duten eta beren bizi-ibilbidean urrats berriak egin nahi dituzten gazteek osatzen duten kolektiboaren premiei”. 

Hain zuzen ere hainbat kolektiboren premia espezifikoei eman beharreko erantzunari dagokionez, Etxebizitza Saila zuzkidura-bizitokiak bultzatzeko egiten ari den lana “oso garrantzitsua” da, sailburuak azpimarratu duenez. Gaur egun, Oinaurreko 34 bizitokiez gain, Etxebizitza Saila beste 43 eraikitzen ari da Irungo Larzabal eremuan, eta haien esleipena 2022. urterako dago aurreikusita. Halaber, laster beste 48 apartamenturen obra hasiko da Azpeitiko Mirabeen komentuan, eta lehiaketa publikora atera da gazteak zein adinekoak hartuko dituen 120 zuzkidura-bizitokiko eraikin baten eraikuntza Donostian. Jose Antonio Santanok “apartamentu hauek, Larzabalekoekin batera eta Alarden Irunvik eraikitzen dituenekin batera, alokairuko etxebizitzen parke handi bat osatzen ari gara Irunen; eta mahai gainean proiektu gehiago ditugu”, aditzera eman du.

Oinaurreko eremuan, apartamentu berri horiez gain, Etxebizitza Sailak babes ofizialeko 128 etxebizitza eraiki ditu azken urteetan. Alokabideren bitartez, Eusko Jaurlaritzak 216 etxebizitza kudeatzen ditu. Haietatik, 49 adierazitako sozietatearen parkekoak dira, 68 Eusko Jaurlaritzaren parkekoak, 95 Bizigune programaren bitartez beren jabetzak alokairu merkean jartzeko laga dituzten partikular batzuenak, eta lau Asap programakoak.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak 52 laguntza eman ditu Irunen 2020an eta 2021ean. Haien bidez, dagoeneko 61.000 euro ordaindu ditu pandemiaren ondorioz egoera ekonomiko txarrean geratu diren bizikidetza-unitateei alokairua ordaintzen laguntzeko. Gainera, Gaztelagun planaren barruan, gazteek alokairua ordaintzeko 80 laguntza onartu dira, eta, haien bidez, Sailak 544.960 euro ordaintzeko konpromisoa hartu du.