Etxebizitza Sailak baldintzak betetzen dituztela eta etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa eska dezaketela jakinarazi die 3.500 bizikidetza-unitateri

etxebizitza.jpg

2021-05-04

  • Etxebizitzaren Legea abian jarri zenetik, 6.046 familiari aitortu zaie eskubide subjektiboa Euskadin

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila 3.544 bizikidetza-unitaterekin jarri da harremanetan gutun baten bidez, etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzeko baldintzak betetzen dituztela jakinarazteko eta hori eskatzeko izapideen berri emateko.

Lurraldearen arabera, gutuna Araban 504 familiari, Bizkaian 2.160 familiari eta Gipuzkoan 880 familiari bidali zaizkie eta bertan etxebizitzarako eskubide subjektiboa eskatzeko prozesua azaltzen da.  

Etxebiden inskribatuta dauden, eta legeak planteatutako eskakizunak betetzen dituzten arren oraindik izapiderik egin ez duten pertsonak dira. Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitor diezaieten, honako betekizun hauek bete behar dira:

  • Adin nagusikoa edo adingabe emantzipatua izatea eta etxebizitzarik ez izatea.
  • Etxebiden alokairuko etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa erregistratuta egotea, gutxienez lau urteko antzinatasunarekin.
  • Honako muga hauen arteko urteko diru-sarrerak izatea:

          Hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateak: 15.000 eurotik beherako urteko diru-sarrera haztatuak

          Bi kideko bizikidetza-unitateak: 12.000 eurotik beherako urteko diru-sarrera haztatuak

          Kide bateko bizikidetza-unitateak: 9.000 eurotik beherako urteko diru-sarrera haztatuak.

Aste honetan banatzen hasi den jakinarazpenean, gainera, aitorpena izapidetzeko zer urrats egin behar dituzten eta fisikoki eta telematikoki non aurkeztu behar duten jakinarazten zaie hartzaileei.

Eskubide subjektiboa aitortzeak alokairu-erregimeneko etxebizitza bat esleitzea edota, etxebizitza eskuragarririk ez badago, alokairu pribatua ordaintzeko prestazio ekonomiko bat (gehienez 250 eurokoa hilean) eskuratzea. Prestazio hori xede horretarako baino ez da erabili behar.

Ez da Etxebizitza Sailak horrelako jakinarazpenak egiten dituen lehen aldia. 2020ko uztailean 5.039 gutun bidali ziren, 2019an beste 2.860 eta aurreko urtean 4.450 pertsona jaso zuten oharra.

Etxebizitzaren Legea abian jarri denetik, 6.046 familiari aitortu zaie eskubide subjektiboa Euskadin. Haietatik, 1.017 Arabakoak dira, 4.153 Bizkaikoak eta 876 Gipuzkoakoak.