Ertzaintzako eta Foru Poliziako ingurumen-atalak lan-mahai batean elkartu dira Bera-Lesaka-Bidasoaldean izandako suteaz hitz egiteko

2021-03-05

Gaur, ostirala, elkartu dira Ertzaintzaren Gipuzkoako Egoitza Nagusian, Oiartzunen, Ertzaintzako Ingurumen Unitatearen arduradunak eta Nafarroako Foru Poliziako Ingurumen Ikerketarako Taldeko adituak, joan den larunbatean, otsailaren 20an, sortu zen eta asteburu osoan piztuta egon zen suteari buruzko informazioa partekatzeko.

Lankidetza-mahai horretan Nafarroako Foru Erkidegoko Bera eta Lesaka aldeko, Gipuzkoako Bidasoaldeko eta Iparraldeko mendialdeetako 2.000 hektarea inguru kiskali zituen suteari buruzko materiala eta txostenak partekatu dituzte. Bilera Ertzaintzaren Oiartzungo Egoitza Nagusian egin da. Nafarroako Foru Poliziak eta Ertzaintzak ikerketan lankidetzan jarduteko eta informazioa koordinatzeko materiala partekatu dute.

Ertzaintzaren aldetik, Zaintza eta Erreskate Unitateko droneek eta helikopteroak egindako hegaldietan grabatutako bideoak eta ateratako argazkiak aurkeztu dituzte. Era horretako lan-mahaiek sakondu baino ez dute egiten bi erakundeen arteko harreman eta koordinazio ona.