Ertzaintzak ohartarazten du gora egiten ari direla Internet bidez egiten diren finantza iruzurrak

IRUZURRAK.jpg

2021-07-19

Ertzaintzak goranzko joera hauteman du finantza-iruzurren salaketetan, neurri batean gora egiten ari direlako Internet bidez egiten diren inbertsio-jarduerak eta tresna teknologiko berriak. Jarduera honek aldaketa handiak izan ditu azkenaldian, eta gaur egun edonork egin ditzake inbertsioak bai aktibo tradizionaletan bai digitaletan (agiri elektronikoak, diseinu digitalak eta, ezagunenak, kriptodirua). Merkatu digital hori oraindik arautzeko prozesuan dago, eta inbertsio-aukerak ez daude iruzurretatik salbu. Delitu Ekonomikoen Ataletik hainbat aholku ematen dituzte arriskuak saihesteko, bai eta, era honetako delituen biktima izanez gero, jarraitu beharreko hainbat urrats ere.

Modus operandia

Ustezko inbertsio-enpresek modu operandi jakin bat dute. Inbertitzaileak erakartzen dituzte komunikabideetan edo sare sozialetan jarritako iragarkien bidez, eta 250 eta 300 euro inguru izanez gero, kriptodiruan edo beste aktibo batzuetan inbertitzeko aukera dagoela jakitera emanez. Eta horrekin guztiarekin batera, irabazi handiak lortuko direla agintzen dute. Inbertitzailea izango denari interesa sortzen dio publizitateak, eta harremanetarako daturen bat ematen du analistak/aholkulariak berarekin harremanetan jar daitezen.

Helburua inbertitzailearen konfiantza lortzea da eta, horretarako, profesionaltasun eta sinesgarritasun itxura eman nahi izaten dute, diru-kopuru handiagoak inbertitu ditzaten. Tresna ezberdinak erabiltzen dituzte, besteak beste, legezkoa dirudien web-orri bat, bezeroari kontu bat sortzen diote web-orrian, kontratuak formalizatzen dituzte, eta arreta pertsonalizatua ematen diote inbertitzailea izango denari. Hau da, izapide guztiak egiten dituzte, inbertsio-zerbitzuak emateko baimendutako enpresa bat izango balitz bezala.

“Inbertitzailearen” esperientziarik ezaz baliatuz, inbertsio-operazio horietan ustezko analistek/aholkulariek, “laguntza” emateko aitzakiarekin, “biktima” urruneko idazmahaia aplikazioa instalatzeko konbentzitzen dute, eta iruzurgileak, bere gailu elektronikotik, biktimaren gailua kontrolatu dezake eta inbertitzailea izango balitz bezala jardun dezake. Horrela, erosketa-operazioak eta ondorengo transakzioa egin ditzake diru-zorro birtual ezberdinetara, kopuru txikitan, eta ia ezinezkoa da diruaren jarraipena egitea.

Fase honetan biktimak ikusten du jarri duen dirua ustezko inbertsio-enpresaren web-orrian sortutako kontuan agertzen dela, eta uste du agindutako irabaziak lortzen ari dela, nahiz eta dena fiktizioa izan.

Iruzurra gauzatzen da “inbertitzailea” bere dirua berreskuratu nahian hasten denean eta ustezko iruzurgileek, komisioak ordaintzea edo kontuak legeztatzea aitzakia gisa jarrita, diru gehiago eskatzen diotenean lehen jarritakoa berreskuratzeko. Inbertitzailea, eskatutako diru-kopuruak jarri ondoren, konturatzen da analistarekin zuen harremana desagertzen doala pixkanaka eta ez duela agindutako dirua jasotzen. Azkenean konturatzen da iruzur egin diotela.

Inbertitu aurretik kontuan izan behar diren aholku batzuk

1- Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren web-orrian begiratu, eta egiaztatu ea ustezko enpresak baimenduta dauden inbertsio-zerbitzuak emateko. Era berean, atzerriko homologoen abisuak ere ager daitezke hemen: https://www.cnmv.es/portal/Consultas/BusquedaPorEntidad.aspx. Enpresa atzerrikoa bada, ustezko inbertsio-enpresa erregistratuta dagoen herrialdeko erregulatzaile homologoarekin kontsultatu.

 2- Interneten oinarrizko kontsulta bat egin enpresaren izenarekin, eta informazioa bildu: albisteak, iritziak, etab.

3- Inbertsio-zerbitzuen web-orria aztertu, eta begiratu broker bat ala inbertsio-enpresa arautu bat den, bere egoitza zerga-paradisu batean dagoen, etab. Arretaz irakurri letra txikia, eta kontuan izan inbertsio jakin horrek dituen arriskuei buruz eta inbertitutako kapitala galtzeko aukerari buruz zenbaitetan agertu ohi diren ohartarazpenak.

4- A priori ez fidatu eskatu ez ditugun inbertsio-eskaintzak jasotzen baditugu. Ez fidatu denbora laburrean irabazi handiak agintzen dituzten eta inbertitzailearen profila zein den jakiteko aldez aurreko galdeketarik egiten ez duten ustezko inbertsio-enpresez ere.  

Inbertsio-prozesua hasi ondoren

1- Inoiz ez eman gakoei, pasahitzei eta abarri buruzko informaziorik.  

2- Ez fidatu urruneko idazmahaia jaistea eta erabiltzea eskatzen badizute; onartzen dugun une beretik iruzurgilea gure gailu elektronikora (ordenagailura, telefono mugikorrera…) sar baitaiteke. Egin baduzu, amaitu konexioa eta ez baimendu besterik.

3- Hasieran ohartzen bagara iruzur bat dela, ez egin beste inbertsiorik.

Zer egin finantza-iruzur baten biktima izan bagara

1- Ez jarri diru gehiago lehen inbertitutako dirua berreskuratzeko, iruzurgileek hala egiteko eskatuta ere.

2- Ez onartu urruneko idazmahaira konektatzea.

3- Berehala jarri zure banketxearekin harremanetan eta egoeraren berri eman, online bankan jarduteko sarrerako gakoak aldatzea edo ezeztatzea beharrekoa den esan diezazun. Horren guztiaren helburua da biktimaren baimenik gabe eta urruneko idazmahaiaren bidez diru-transferentziak edo beste edozein operazio egitea eragoztea.

4- Iruzurra salatu.

5- Dirua berreskuratzeko aukera gutxi dago. Hala ere, badira helburu horrekin publizitatea egiten duten enpresak. Kasu horietan, biktimaren erabakia da horien zerbitzuak kontratatzea edo ez kontratatzea. Alde horretatik, garrantzizkoa da kontuan izatea kasu batzuetan iruzurgileak eurak izaten direla, biktima iruzurraz jabetu dela konturatzen direnean, harekin berriz harremanetan jartzen direnak, beste izen bat erabiliz, euren zerbitzuak eskaintzeko, eta berriz ere dirua eskatzen dute inbertitutako dirua berreskuratzeko kudeaketak egiteko, eta beste iruzur bat izaten da.