Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik eta desobedientziagatik, eta beste 110 pertsonari isunak jarri dizkie Covid-19ari aurre egiteko osasun-araudia ez betetzeagatik

21_0269.jpg

2021-04-11

Azken orduotan, Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu desobedientzia eta atentatu delitua leporatuta, identifikatu nahi ez izateagatik edo Covid-19ari aurre egiteko osasun-neurriak betearazteko lanetan ari ziren agenteei eraso egiteagatik. Lau pertsona horiek Bilbon, Barakaldon eta Gasteizen atxilotu dituzte. Horrez gainera, beste 110 pertsonari isunak jarri dizkiete mugikortasunean ezarritako murrizketak ez betetzeagatik, maskara ez janzteagatik edo segurtasun-tartea ez errespetatzeagatik, besteak beste. Guztira 247 zehapen-proposamen egin dituzte.

Atzo gaueko bederatzi eta erdietan, gizon bat arrastatu zuten desobedientzia larriagatik Barakaldoko La Paz auzoko haur-parke batean. Gizonak behin eta berriz ez zuen identifikatu nahi izan patruila batek maskara behar bezala janzteko agindu zionean.

Bilbon, Alde Zaharrean, gaueko hamaikak aldera, ertzainek beste gizon bat atxilotu zuten identifikatu nahi izan ez zuelako eta agenteak jotzen saiatu zelako, eta desobedientzia eta atentatua leporatu zizkioten.

Goizaldean emakume bat eta gizon bat atxilotu dituzte Gasteizen, El Pilar eta Koroatze auzoetan, kalean ibiltzeko ezarritako ordutegia ez betetzeagatik isuna jarri behar zien patruila bati eraso egiten saiatzeagatik.

Ehun isunetik gora

Beste 110 pertsonari isunak jarri dizkiete pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-neurriak ez betetzeagatik.

Araban atzo arratsaldean hamar pertsonari jarri zizkieten isunak Moreda Araba udalerrian, herriko bi tabernatan segurtasun-neurriak errespetatu gabe zeudenean. Bart gauean Dulantzin beste 9 pertsonari jarri dizkiete isunak, etxe batean festan ari zirela. Amurrion hamabi gazte salatu zituzten lonja batean eta etxe bateko lorategian tarteak utzi gabe zeudelako eta osasun-murrizketak betetzen ez zituztelako. Bestalde, beste hamar pertsona proposatu zituzten isuna jartzeko Gasteizko pabiloi batean festan ari zirenean.

Bizkaian Ertzaintzaren patruilek hamaika pertsona salatu zituzten Arrigorriagan, garai batean taberna izandakoa txoko moduan erabiltzen ari zirelako. Beste seiri isun-proposamenak egin zizkieten taberna baten kanpoaldean ordutegitik kanpora eta zegokion maskara jantzi gabe zeudelako. Goizaldean beste hamaika pertsonari jarri dizkiete isunak Orduñako txoko batean. Lokal horretan bertan beste 25 pertsona ere zehatu zituzten joan den urtarrilean, eta 84 isun-proposamen egin zizkieten.

Gipuzkoako lurralde historikoari dagokionez, Irungo gazte-lokal batean festa egiteko asmoz elkartuta zeuden 19 pertsonari jarri dizkiete isunak bart gauean. Gauza bera gertatu da Pasaian ere, eta hamaika pertsona salatu dituzte ezarritako ordutegitik kanpora garaje batean egoteagatik, maskara jantzi gabe izateagatik, gehienez elkar daitekeen pertsona kopurua gainditzeagatik eta kalean alkohola edateagatik. Legazpin ere garaje batean zeuden beste hamaika pertsonari egin dizkiete isun-proposamenak osasun-murrizketak urratzeagatik.