Ertzaintzak hiru emakume, etxeetan indarra erabiliz lapurretan ari zen talde kriminal bateko kideak, atxilotu ditu

2021-04-13

  • Donostiako Antiguo auzoko bi etxetan lapurreta egin eta berehala atzeman zituzten. Hiru atxilotuak atzo espetxeratu zituzten
  • Beste hainbat gauzaren artean, lapurretak egiteko erremintak, bitxiak eta dirutan 27.000 euro atzeman dizkiete

Joan den ostiralean, apirilaren 9an, Ertzaintzako Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzura (SICTG) atxikitako agenteek hurbileko jarraipena egin zioten Irunen, Santiagoko pasabide inguruan, goizeko lehenengo orduan hauteman zuten auto bati. Aipatutako autoak Schengen seinalamendu bat zuen indarrean, Frantziako agintariek emanda, etxeetan indarra erabiliz egindako lapurretekin zerikusia izan zezakeelakoan. Frantziako matrikula-plakak zituen alokairuko ibilgailu bat zen eta hiru emakume zihoazen bertan.

Une horretatik aurrera, ertzainek gertutik jarraitu zituzten autoa eta bidaiariak bederatzi orduan, Gipuzkoako hainbat herritatik, besteak beste, Oriotik, Zarauztik, Getariatik, Hondarribitik eta Donostiatik, igaro zirenean. Azken horretan, Gipuzkoako hiriburuan, talde kriminaleko kideek delitu-jarduera egun horretan bertan hasteko hainbat maniobra egin zituzten.

Ertzainek ikusi zuten autoa Donostiako Antiguo auzoan aparkatu ondoren, hiru emakumeak lau higiezin ezberdinetan sartu zirela, kasu batzuetan sarrerako ateak une batez irekita zeudelako bertako bizilagunen bat irten ondoren.

Susmagarriak presaka irten ziren azken higiezinetik, barruan ordubetez egon ondoren, eta alde egiteko asmoz autoan sartzera zihoazela, agenteek geldiarazi eta atxilotu egin zituzten. Aldez aurretik egiaztatu zuten adierazitako eraikineko laugarren solairuko bi etxetan sartu eta lapurreta egin zutela.

Jarraian, hiru atxilotuak Donostiako Ertzain-etxera eraman zituzten zegozkion eginbideak betetzeko.

Ikertutako datuen arabera, jatorriz Europa ekialdeko herrialdeetako hiru emakume dira, 31 urtetik 39 urtera bitartekoak, Paris inguruan errotutako talde kriminal bateko ustezko kideak. Emakumeek Frantzia hegoaldeko hotel-establezimenduak erabiltzen zituzten operazioetako base moduan, eta aldian behin Iparraldetik mugaren beste aldera pasatzen ziren delituak burutzera.

Berez, orain atxilotu dituzten emakumeetako bi 2020ko abenduan ere atxilotu zituzten, kasu hartan Bilboko erdigunean, antzeko ezaugarriak zituen Ertzaintzaren operatibo batean.

Poliziaren esku-hartzeari esker egiaztatu ahal izan da hiru emakumeak direla 2021eko apirilaren 8an, atxilotu zituzten bezperan, Gasteizko bi etxetan indarra erabiliz egindako beste bi lapurretaren ustezko egileak ere.

SICTGeko agenteek lapurreta egiteko erabilitako hainbat erreminta atzeman dituzte operazioan, besteak beste, giltza ingeles bat, guraizeak, hainbat bihurkin handi eta ateak “irristatze” metodoaren bidez irekitzeko erabilitako plastiko-zatiak, bai eta lapurtutako hainbat bitxi ere, hala nola, zintzilikarioak, eskumuturrekoak, belarritakoak, dominak, gama altuko erlojuak eta dirutan 27.000 bat euro gutun-azal ezberdinetan ezkutatuta.

Hiru emakumeak apirilaren 12an, astelehen goizean, jarri zituzten epailearen eskuetan guardian zegoen Donostiako 3. Instrukzio Epaitegian, eta epaileak hiru atxilotuak behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen.