Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Villabonan, droga-trafikoarekin zerikusia izateagatik

Argitalpen-data: 

Kokaina, haxixa eta marihuana eta horien salmentako dirua atzeman dituzte

Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzura (SICTG) atxikitako agenteek 28 urteko gazte bat atxilotu zuten joan den ostiralean, apirilaren 16an, Villabonan, droga-trafikoaren ustezko delitua leporatuta.

Aipatutako zerbitzuak, Hernaniko Ertzain-etxearekin lankidetza estuan, egindako ikerketaren emaitza izan da jarduketa. Ikerketari aurtengo urtearen hasieran ekin zitzaion, Gipuzkoako Villabona herrian substantzia sorgorgarrien banaketa areagotu egin zela egiaztatu ondoren.

Ikertzaileek bildutako informazioan oinarrituta, orain atxilotu duten pertsona hasieratik identifikatu zuten droga-banatzaile gisa, eta bere eguneroko jarduna gertutik zaintzen zuten, beraz, agenteek.

Horrela, ikusi ahal izan zuten gizona, aldian behin, erosle ezberdinekin elkartzen zela denbora labur batez herrian bertan eta inguruko herrietan, hitzordua aurretik telefonoz jarri ondoren. Horrez gainera, egiaztatu ahal izan zuten ia transakzio guztiak Gipuzkoako adierazitako herriko herrigunean egiten zirela.

Joan den ostiralean polizia-operatibo bat jarri zuten abian. SICTGeko agenteak gaztea erosle batekin elkartu zain egon ziren, eta elkartu zirenean agenteek banatzailea atxilotu eta eroslea identifikatu zuten, eta kokainaren salerosketa bat zela egiaztatu zuten.

Atxilotua Hernaniko Ertzain-etxera eraman zuten bertan zainduta izateko eta zegozkion eginbideak betetzeko.

Egun horretan bertan etxebizitza bat miatu zuten Tolosako 4. Instrukzio Epaitegiak baimenduta eta gainbegiratuta. Miaketa horretan haxix eta marihuana kopuru ezberdinak aurkitu zituzten, bai eta kokaina zuten ehun bat dosi ere plastikozko poltsatxotan prestatuta, berehala banatzeko prest. Horrez gainera, bi doitasun-balantza, substantzia dosifikatzeko elementuak eta billetetan banatuta lau mila euro inguru aurkitu zituzten, segur aski drogaren salmentakoak.

Gaztea igande goizean, 2021eko apirilaren 18an, jarri zuten agintaritza judizialaren eskuetan, eta behin-behinean aske utzi zuten karguak egotzita.