Ertzaintzak gazte-banda bortitz bateko zortzi kide atxilotu ditu, igande goizaldean gazte batek Zornotzan jasandako jipoi basatian inplikatuta daudelakoan

Agentes_Barakaldo__10_.JPG

2021-07-29

Biktimak egoera larrian jarraitzen du Gurutzetako Ospitalean

Ertzaintzak, azken orduotan, 15 eta 38 urte bitarteko 8 gizonezko atxilotu ditu, igande goizaldean Zornotzan izandako talde-eraso batean parte hartu izana egotzita. Eraso horretan oso larri zauritu zuten gazte bat. Jipoi basatia eman ondoren, erasotzaileek biktimaren gauzak lapurtu zituzten. Gero, delitu-ekintza horren irudiak zabaldu zituzten zenbait sare sozialen bidez, eta alarma sozial handia eragin zuen. Atxilotuak delitugile-talde antolatu baten parte dira, eta, egindako ikerketen ondorioz, ondorioztatu da gau horretan bertan indarra erabiliz egindako beste eraso eta lapurreta batzuetan ere parte hartu zutela. Atxilotuetako bost adingabeak dira, eta Fiskaltzan aurkeztu dituzte dagoeneko. Beste hirurak, berriz, epailearen esku utziko dituzte hurrengo orduetan, polizia-eginbideak amaitu ostean.

Joan den igandean, goizaldeko hiru eta erdietan, gutxi gorabehera, Ertzaintzari ohartarazi zioten gizon bat zaurituta zegoela Zornotzako Jauregibarria lorategietan; itxuraz, eraso baten biktima. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren polizia-dotazioak eta anbulantzia bat hurbildu ziren, eta baieztatu zuten gaztea konorterik gabe zegoela eta kolpe ugari zuela. Hori dela eta, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta lesio larrien ondorioz bertan ospitaleratuta geratu zen.

Jakin ahal izan zenez, hogei bat gaztek osatutako talde batek sekulako jipoia eman zion biktimari. Gazte-talde horrek modu antolatuan inguratu zuen biktima, eta, askoz ere gehiago zirela baliatuz, erabateko babesgabetasun-egoeran utzi zutenean, jo egin zuten. Taldeko kide guztiek modu aktiboan parte hartu zuten erasoan. Objektu makatzaileak —hala nola makilak eta botilak— ere erabili zituzten jipoitzeko, biktima konorterik gabe lurrean geratu arte; handik aurrera, zakarki jo zuten, eta, azkenik, bere gauzak kendu, eta ihes egin zuten.

Hurrengo orduetan jakin zen erasoaren egileek eraso hori grabatu zutela eta irudiak sare sozialen bidez zabaltzen ari zirela. Gertatutakoak alarma sozial handia eragin zuen. Era berean, baieztatu ahal izan zen gau horretan bertan indarra erabiliz egindako beste eraso eta lapurreta batzuetan ere parte hartu zutela. Gutxienez beste lau gazte ere izan ziren lapurreten eta erasoen biktima.

Egindako ikerketetan, Zornotzako Udaltzaingoak eta herritarrek ere lagundu dute, eta horrela, zehaztu ahal izan zen erasotzaileek talde antolatua osatzen zutela, Koala Anaiak deiturikoa. Talde hori Bizkaiko hainbat udalerritan bildu ohi da, borrokak eragin eta gainerako gazteak izutzeko asmoz. Izan ere, gau hartan egin zuten bezalaxe, gazte-talde horrek beste gazte batzuei bereizketarik egin gabe eraso egiten diete; gazteak inguratu eta jotzen dituzte, haien gauzak lapurtzeko helburuarekin.

Durangoko Ertzain-etxeak egindako ikerketari esker —Bilboko eta Sestaoko Ertzain-etxeek, Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak eta Inteligentzia Bulegoak ere parte hartu dute ikerketan—, erasoan parte hartu duten zenbait pertsona identifikatu ahal izan dituzte. Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, azken ordu hauetan horietako zortzi atxilotu dituzte Erandion, Bilbon eta Barakaldon, denak ere polizia-aurrekariak dituztenak.

Ertzaintzak abian jarritako ikerketak irekita jarraitzen du oraindik ere, eta ez da baztertzen atxilotu gehiago egotea.

Atxilotutako bost adingabeak Fiskaltzan aurkeztu dituzte dagoeneko, eta beste hirurak hurrengo orduetan eramango dituzte Epaitegira, polizia-tramiteak amaitutakoan.

Beste banda bat ere atxilotu zuten Gorlizen izandako antzeko eraso baten ondoren

Joan den maiatzean, Ertzaintzak beste banda bateko zortzi kide atxilotu zituen Gorlizko Pinudiaren inguruetan izandako eraso baten ondorioz. Eraso hori antzeko inguruabarretan egin zen, eta adingabe batek ospitale-asistentzia behar izan zuen. Banda hori ere taldean aritzen zen borroka bilatzen eta biktimei bortizkeria handiz eraso egiten. Talde horrek ere erasoak grabatu, eta sare sozialetan argitaratzen zituen.