Ertzaintzak Galdakaon, Ganguren mendiaren magalean, aurkitutako Gerra Zibileko obus bat leherrarazi du

1.png

2021-04-24

Ertzaintzako Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateak (UDE) Gerra Zibileko obus bat leherrarazi zuen atzo, ostirala, arratsaldean. Lehergailua Galdakaon, Ganguren mendiaren magalean, aurkitu zuten. Artilleriako jaurtigaiak 45,200 kg pisatzen zituen eta 63 cm neurtzen zituen.

Atzo arratsaldeko bostak aldera, mendian zebiltzan partikular batzuek jakinarazi zuten obus bat zirudiena agertu zela Galdakaoko Ganguren mendiaren magalean dagoen baso-bide batean. Galdakaoko Ertzain-etxeko landa-patruilako agenteak berehala hurbildu ziren bertara, eta egiaztatu ahal izan zuten lehertu gabe zegoen artilleriako jaurtigai bat zela eta baso-bidearen ondoan erdi lurperatuta zegoela. Une horretan segurtasun-dispositiboa aktibatu zuten eta ingurua sokaz inguratu zuten.

Ondoren, Ertzaintzako artezilariek obusa leku seguruago batera eraman eta 19:00ak aldera leherrarazi zuten.

Unitateko adituen arabera, 155 mm-ko kalibrea, 63 cm-ko luzera eta 45,200 kg-ko pisua zituen artilleriako jaurtigai bat zen. Jaurtigaiak trilitazko karga leherkorra zuen eta espoleta zeukan.

Dispositiboan Galdakaoko Ertzain-etxeko patruilek eta Galdakaoko Udaltzaingoak lagundu zioten Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateari.