Ertzaintzak eta udaltzaingoek herritarren laguntza eskatzen dute bihar indarrean jarriko den osasun-araudi berria betetzeko

IMG_0071.JPG

2021-07-07

Elkarlanean jardungo dute jende-pilaketak saihesteko, aforoak kontrolatzeko eta maskara erabiltzen dela zaintzeko, bai eta eremu publikoan alkohola kontsumitzea eragozteko ere

Ertzaintzak eta udaltzaingoek herritarrak babesteko eta koordinatutako operatibo bereziak jarriko dituzte abian Covid-19aren pandemiari aurre egiteko Iñigo Urkullu lehendakariak gaur iragarri dituen eta indarrean bihar jarriko diren osasun-arau berriak betearazteko.  

Horrela, Euskadiko Poliziak herritarren laguntza eta erantzukizuna eskatzen ditu jai-ekitaldiak, taldeko ospakizunak eta jende-pilaketak saihesteko, aforoak errespetatzeko, segurtasun-tarteak gordetzeko eta maskara behar bezala erabiltzeko. Era berean, ahalegin berezia egingo da eremu publikoan alkoholdun edariak kontsumitzea eragozteko, batez ere kontsumoa talde handitan egiten denean, botiloietan gertatzen den bezala. Alde horretatik, osasun-agintariek adierazten dute birusaren transmisioa intentsitate handikoa dela, batez ere gazteenen artean. Horregatik, Ertzaintzak eta udaltzaingoek bereziki adin-tarte horren laguntza eskatzen dute bihar indarrean jarriko den araudi berria errespetatzeko.

Ertzaintzaren eta udaltzaingoen polizia-dispositibo bateratu eta koordinatu horiek prebentzio-lanak indartuko dituzte jaiegunetan edo egun seinalatuetan eta jende gehien elkartzen den lekuetan, besteak beste, herriguneetan, aisialdiko eta jolaserako eremuetan, hondartzetan, botiloiak egin ohi diren lekuetan, etab.

Bestalde, alkoholemia eta droga kontrolak jarriko dituzte Euskadiko errepide guztietan.