Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.372 isun erregistratu dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

Artxibo argazkia

2021-05-03

Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.372 isun proposatu dituzte Euskadin ostiraletik igandera bitartean, pandemiari aurre egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauak urratzeagatik. Horietatik gehienak, 871, alegia, zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek justifikatu gabeko joan-etorriak eragozteko eta indarrean dauden osasun-arauak betetzen direla zaintzeko egindako kontrolen ondorioz, 1.372 isun formulatu dituzte joan den ostiraletik, apirilaren 30etik, igandera, maiatzaren 2ra, bitartean. Horietako gehienak, 871, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte. Zehatz-mehatz, 437 isun gauean zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik bideratu dituzte, 149 eremu publikoetan nahiz pribatuetan gehienez elkar daitekeen pertsona-kopuruaren muga ez errespetatzeagatik eta beste 255 EAEko edo norbera bizi den udalerriko sarrera-irteeretarako ezarritako mugak urratzeagatik.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, 206 isun bideratu dituzte guztira. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 137 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxe-arloan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea,  eremu publikoan pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 157 isun Araban, 788 Bizkaian eta 427 Gipuzkoan.