Ertzaintzak emakumeen kontrako 4.003 indarkeria-delitu erregistratu ditu Euskadin, horien artean 2 hilketa burutu eta 4 hilketa-saiakera

25N_EU.jpg

2021-11-22

Salaketa gehienak bikotekideak edo bikotekide ohiak erabilitako indarkeria-kasuengatik jaso dira, zehazki 2.838, eta horietako gehienak ohiko tratu txar fisikoak edo irainak eta laidoak izan dira. Emakumeen kontrako gainerako eraso gehienak etxean gertatu dira, eta aurten 853 kasu erregistratu dira. Horrez gainera, % 17,7 egin dute gora sexu-askatasunaren kontrako delituek: 312 kasu izan dira, gehienak sexu-abusuak.

2021eko urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako, etxean gertatutako edo sexu-askatasunaren kontrako 4.003 delitu erregistratu ditu emakumearen kontrako indarkeria-kategoria ezberdinetan. Delitu horien biktima izan diren emakumeak 3.265 dira, eta kopurua 2020ko aldi berekoaren oso antzekoa da. Lurraldez lurralde, kasu gehien eta emakume biktima gehien Bizkaian zenbatu dira, baina ehunekoa kontuan hartuta era horretako delituek Araban egin dute gora gehien, eta ondoren Gipuzkoan; Bizkaian, aldiz, pixka bat jaitsi egin dira (Informazio zehatza erantsitako 0 taulan).

Aurten (urria barne dela, oraindik zehaztasunez kontabilizatu ez bada ere) 6 hilketa izan dira: 2 burutu eta 4 saiakera. Otsailaren 12an Conchi, 56 urtekoa, hil zuen senarrak Sestaon. Alaba eta semea zituen. Urriaren 12an Erika, 37 urtekoa, hil zuen senarrak Gasteizen. Alaba eta seme adingabeak zituen. Bi emakumeetako bakar batek ez zuen salaketarik jarri aurretik, eta poliziak ez zekien indarkeria basati horren biktimak zirela.

Delitu-motaren arabera, 2021eko aldi honetan Ertzaintzak jasotako salaketa gehienak bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria-kasuengatik jaso dira, zehazki 2.838, eta horietako gehienak ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak izan dira, eta, ondoren, askatasunaren kontrako delituak, hala nola mehatxuak, koakzioak, behartutako ezkontzak edo jazarpena. Emakumeen kontrako gainerako eraso gehienak etxean gertatu dira (bikotekidea edo bikotekide ohia kenduta), eta aurten 853 kasu erregistratu dira eta igoera % 4,7koa izan da. Azkenik, igoera aipagarria izan da, 21eko eta 20ko aldiak alderatuta, sexu-askatasunaren kontrako delituen atalean: 312 kasu erregistratu dira, % 17,7 gehiago, eta horietako gehienak sexu-abusuak, gora gehien egin dutenak izanik. (Informazio zehatza erantsitako 1, 2 eta 3 tauletan).

BABES PERTSONALA ETA INTEGRALA

Eusko Jaurlaritzak 7,9 milioi euroko aurrekontua du deliturik larrienen biktima diren emakumeak babesteko sistemak finantzatzeko. Azken zifren arabera, 5.038 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa bat jarri ondoren edo poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Emakume horietatik 3.516k epailearen aginduz dute babesa eta gainerako 1.522k biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda.

Ertzaintzak modu integralean egiten du babesa. Kasurik larrienetan, arrisku handiena duten emakumeei bizkartzain-zerbitzu iraunkorra edo puntuala jartzen zaie (61 emakume une hauetan, 48 Bizkaian, 7 Araban eta 6 Gipuzkoan) edo kontrazaintza-zerbitzua ezartzen zaie (129 emakume, 85 Bizkaian, 8 Araban eta 36 Gipuzkoan) edo babesa baliabide elektronikoen bidez ematen zaie (244 emakumek dute Ertzaintzak instalatutako Bortxa aplikazioa euren telefonoetan, 134k Bizkaian, 50ek Araban eta beste 60ek Gipuzkoan).

Horrez gainera, une hauetan 60 gizonezkok daramate lokalizazio-eskumuturrekoa epailearen aginduz: Bizkaian 37k, Araban 6k eta Gipuzkoan 17k.  

POLIZIA PROZEDURA

Ertzaintzak kasu berri bat hautematen duen bakoitzean, espediente informatiko batean erregistratzen du.  Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleituta duen arrisku-maila eta epaileak kasua ebatzi duen alde batera utzita. Espediente bakoitzak kasuaren historial osoa biltzen du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak edo beste aplikazio informatiko batzuetako datuak, besteak beste. Kasurik larrienetan epaitegietako tramiteak errazteko eta babes handiagoa ematera iristeko, tratu txarrak jasan dituen emakumeari epaitegira laguntzen diote agenteek lehenengo tramiteak egitera joaten denean. Bestalde, gizarte-zerbitzuekin harremanetan egoteko bidea dago tratu txarrak izaten direnean seme-alaba adingabeei arreta emateko.

Arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Ebaluazioa jarraitua izaten da, eta alda daiteke, beraz, biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira. Biktima guztiei ezartzen zaien lehenengo segurtasun-neurria autobabeserako prestakuntza izaten da, eta saio pertsonal batean bideo bat ikusten dute eta informazio-liburuxka bat jasotzen dute. Lehenengo urrats horren ondoren, telefono bidez egiten da jarraipena aldian behin.

BABES-SISTEMAK

Bortxa aplikazioa: telefonia mugikorrerako aplikazioa biktimaren mugikorrean integratzen da, eta Ertzaintzarekin eta SOS Deiak zerbitzuarekin azkar komunikatzeko aukera ematen dio. Aplikazio horri esker biktima berehala jar daiteke harremanetan Eusko Jaurlaritzako 24 orduko arreta-zerbitzuko 900 840 111 telefono-zenbakiarekin, eta GPS lokalizazioa duen alarma aktibatzeko aukera ere ematen du, besteak beste.

EBA – Emakumeen eta Etxekoen Babesa: emakumeen aurkako indarkeria-delituekin zerikusia duten Ertzaintzaren eta udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera ematen duen sistema digitala. Aukera ematen du espediente guztiak formatu digital berean sortzeko eta partekatzeko, emakume bakoitzaren arrisku-ebaluazioak homologatzeko (edozein izanik ere kasuaz arduratzen den polizia-kidegoa), horien seme-alaben arriskua berdin ebaluatzeko, diagnostikatzen den arrisku-mailaren araberako babesa ezartzeko, etab.  

Delitu-kopuru handiagoa kontabilizatzeko koordinazio-protokoloak: koordinatuta eta modu homogeneoan jarduteko polizia-protokolo berritzaile eta aitzindariak prestatzen hasi dira Europako Kontseiluaren Istanbuleko Hitzarmena izenekoan jasotako emakumearen aurkako indarkeria-gertaera guztiak barne hartuta: indarkeria fisikoa, psikologikoa edo sexuala, bortxaketa barne dela; jazarpena edo zelata; mutilazio genitala; behartutako ezkontza, abortua edo antzutzea; sexu-esplotaziora bideratutako gizakien salerosketa; irudiak baimenik gabe hedatzea, baimenduta grabatu izanda ere; etab. Tresna handinahiko honek esku hartzeko kideko prozesuak eta jarduteko jarraibide bateratuak ezarriko ditu Ertzaintzarentzat eta Euskadiko udaltzaingoentzat emakumearen aurkako indarkeria-mota guztietarako, eta, era horretara, alde batetik, biktimei arreta integrala eman ahal izango zaie eta, bestetik, berriz biktimizatzea eragotziko da.

 

OHARRA: biktimizazioak kasuak dira, ez emakumeak. Ohikoa da emakume batek delitu bat baino gehiago salatzea