Ertzaintzak Athleticen eta Errealaren arteko kopako finalaren egunean Bilbon gertatutako istiluetan inplikatutako bi pertsona atxilotu ditu

detencion_3__2_.jpg

2021-04-13

  • Ertzaintzak 20 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo arratsaldean Bilbon eta Basaurin, apirilaren 3an, larunbatean, euskal taldeen arteko errege-kopako finalaren egunean, Bizkaiko hiriburuan gertatutako istiluetan ustez inplikatuta egoteagatik. Bi atxilotu hauez gainera, Bilboko Udaltzaingoak beste bi pertsona ere atxilotu zituen aurretik

Ertzaintzak burutu duen ikerketari esker apirilaren 3an, larunbatean, partidua jokatu baino ordu batzuk lehenago, gertatu ziren iskanbiletan inplikatutako beste bi pertsona atxilotu ahal izan dituzte.

Egun horretan Ertzaintzak dispositibo berezi bat ezarri zuen istiluei aurrea hartzeko eta osasun-araudia urra zezaketen pertsona-pilaketak saihesteko. Aldi berean, bizilagunen dei ugari jaso ziren Bilboko Poza Lizentziatuaren kalean covidaren aurkako neurriak errespetatzen ez zituen jende asko zegoela esanez. Horren aurrean, polizia-baliabideak kalean sartzen saiatu ziren egoera normalizatzeko, baina bertan elkartuta zegoen talde bat objektuak, besteak beste, botilak eta harriak, botatzen eta edukiontziak gurutzatzen eta erretzen hasi zen. Egintza bandaliko horien ondorioz, kalteak jasan zituzten hiri-altzariek, hainbat auto partikularrek eta merkataritza-establezimendu batek. Bestalde, emakume bat osasun-zentro batera eraman behar izan zuten beirazko botila baten kolpeak buruan egindako zauriak sendatzera.  

Istiluak amaitu ondoren, Ertzaintzak istiluetan parte hartu zutenak identifikatzeko ikerketa jarri zuen abian, eta horren ondorioz bi pertsona atxilotu zituen Udaltzaingoak eta atzo arratsaldean Ertzaintzak beste bi Bizkaiko hiriburuan eta Basaurin.  Bi pertsona horiek atxilotzeaz gainera, istiluen biharamunean eginbideak ireki zizkioten beste gazte bati. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez da baztertzen datozen egunotan jende gehiago atxilotzea edo inputatzea.