Errenterian bi pertsona atxilotu dituzte Gipuzkoako hainbat kutxazainetan "laguntzailearen iruzurra" egiteagatik

2021-10-06

  • Ertzaintzak 31 urteko emakume bat eta 44 urteko gizon bat atxilotu ditu Errenterian, “laguntzailearen iruzurra” izenekoa leporatuta. Ondarearen kontrako delitu hori kutxazain automatikoak erabiltzen dituzten adinekoei egiten diete. Ikerketaren esparruan, Ertzaintzak Donostian, Irunen eta Errenterian izandako gertaerak aztertu ditu, eta, dirudienez, iruzurgileek guztira hamar mila eurotik gora lapurtu dituzte

Joan den ostiral arratsaldean Ertzaintzari susmagarria iruditu zitzaion Errenteriako banketxe batean zeuden emakume baten eta gizon baten jarrera, kutxazain automatikora sartzen ziren pertsonak zaintzen eta horietan eragiketak egiten ari baitziren. Poliziaren susmoa egiaztatu egin zen Aginte eta Kontrol Zentrotik jakitera eman zutenean adineko emakume bati kreditu-txartela lapurtu ziotela kutxazainean eragiketak egiten ari zenean.

Agente jarduleek ikusi zuten bikotea txartel bat manipulatzen ari zela kutxazainean, eta erabiltzen ari ziren txartela aztertzea erabaki zuten, beraz. Ertzainek egiaztatu zuten txartelaren titularra ez zela bi pertsona horietako bakar bat, baizik eta lapurretaren berri eman zuen pertsona. Agenteek bikotea identifikatu zuten eta bi pertsona horien gauzak miatu zituzten, eta horien artean 2.500 eurotik gora aurkitu zituzten billetetan, baina ez zuten diru horren jatorriari buruzko egiazko azalpenik ematen jakin.

Horren guztiaren ondoren, agente jarduleek banketxean egindako eragiketei buruzko datuak bildu zituzten eta bikotea atxilotu egin zuten iruzur-delitu batengatik. Jarraian, atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia-eginbideak hasteko, eta horiek amaitu ondoren Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten.

Ikerketa honen esparruan, egiaztatu da bi pertsona horiek jatorriz Marseillakoak (Frantzia) direla. Atxilotuetako batek polizia-aurrekariak ditu Frantzian antzeko egintzengatik, eta ez da baztertzen era horretako delituetan espezializatutako delitugile talde ibiltari bateko kidea izatea.

Ikerketak zabalik jarraitu du Donostian, Irunen eta Errenterian bertan jarritako salaketak aztertzeko, eta horietan 10.000 eurotik gorako mugimendu iruzurgileak hauteman dira.

Ertzaintzak adinekoek jasaten dituzten era honetako iruzurrez ohartarazi nahi du, eta kutxazain automatikoak erabiltzen dituztenerako hainbat aholku ematen ditu.

AHOLKUAK

  1. Ez joan bakarrik kutxazain automatikora, ahal den neurrian.
  2. Txartela prestatu kutxazainera iritsi aurretik.
  3. Saiatu kutxazaina ez erabiltzen gauez edo argi gutxi dagoen lekuetan.
  4. Ahal dela, banketxe barruan dauden kutxazainak erabili.
  5. Ez atera diru-kopuru handirik, eta ez atera dirua beste pertsona batzuk aurrean daudela.
  6. Begiratu inguruan norbait dagoen, zalantzaren bat sortuz gero ez egin eragiketarik, eta eragiketaren bat eginez gero, gakoa sartzean inori ez utzi ikusten.
  7. Ez onartu ezezagunen laguntzarik.
  8. Iruzurrezko edo legez kanpoko zordunketak egin dizkizutela susmatzen baduzu, salatu.