Erreleboa Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritzan

2021-10-14

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak – Haurreskolak Partzuergoko presidente den aldetik – Partzuergo honetako Gerentzian erreleboa egitea erabaki du. Zorione Etxezarragak 2020ko urtarriletik bete du gerente kargua Partzuergoan.

Aldaketa, gerenteak Zuzendaritzan aldaketa bat egiteko egokitasuna proposatu ondoren gertatu da. Proposamen hori arrazoi pertsonalak argudiatuz egin zuen. Eskaera aztertu ondoren, Haurreskolak Partzuergoko presidenteak proposamena onartzea eta ordezkapena egitea erabaki du, Etxezarragari kudeaketan egindako lana eskertu ondoren.

Etxezarragaren ordez, Haurreskolak Partzuergoko presidenteak Elena Aizpuru izendatu du Partzuergoko gerente berri. Izendapen berriaren aurretik, Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzan langileen kudeaketako ardurak izan ditu Aizpuruk. Datorren astelehenetik, urriaren 18tik aurrera egingo da ofizial erreleboa.