Erakunde-zainketatik komunitate-oinarrikoetara: desinstituzionalizazioranzko trantsizioa

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

Transition from Institutional Care to Community-Based Services in 27 EU Member States: Final report. Research report for the European Expert Group on Transition from Institutional to Community-based Care (EC, 2020)

Transition from Institutional Care to Community-Based Services in 27 EU Member States: Final report. Research report for the European Expert Group on Transition from Institutional to Community-based Care (EC, 2020)

Europako Batzordeak 27 herrialde kideetan zaintzak desinstituzionalizatzeari buruzko txosten bat argitaratu du, erakunde-zainketatik zainketa familiar eta komunitarioetarako trantsizioan azken hamarkadan gertatu diren aldaketak ebaluatzeko.

Dokumentu hau argitaratu da Europako Batzordeko Enplegu, Gizarte Gai eta Aukera Berdintasuneko komisario Vladimir Špidlak 2009. urtean agindutako azterlanetik hamarkada bat igaro ondoren, erakunde-zainketaren erreformaren arazoei aurre egiteko eta pertsonengan zentratutako eta indibidualizatutako arreta-eredu gizatiarragoak sustatzeko formulak aurkitzeko.

2009an, espazio instituzionaletako egoitza-arretari buruzko definizio bat egin zen, hiru ezaugarritan oinarrituta:

  • Erabiltzaileak normalean komunitatetik isolatuta egoten dira, eta elkarrekin bizitzera behartuta.
  • Erabiltzaileek ez dute beren bizitzaren eta eragiten dieten erabakien gaineko kontrol nahikorik.
  • Erakundearen beraren eskakizunak erabiltzaileen premia indibidualizatuen gainetik lehenesten dira maiz.

27 estatu kideetan erakunde-zainketak emateko egoeraren azterketa eginda, dokumentuak horietako bakoitzaren egoerari buruzko informazio zehatza ematen du, eta sei xede-kolektibo desinstituzionalizatzeari buruzko zenbait joera identifikatzen ditu (desgaitasunen bat duten pertsonak, osasun mentaleko arazoak dituztenak, etxerik ez dutenak, adingabeak, desgaitasunen bat duten adingabeak eta inoren kargura ez dauden edo bananduta dauden adingabe migratzaileak barne eta adineko pertsonak:

  • Kalkulatzen da Europan gutxienez 1.438.696 pertsona bizi direla egoitzetan, eta ez dirudi kopuru hori asko aldatu denik azken 10 urteetan.
  • Egoitza-harrerako adingabeen kopurua zertxobait jaitsi da. Arrazoiak hauek dira: familiekin bizitzera joan dira, harreran hartu dituzte, adoptatu dituzte, adin-nagusitasunera iritsi dira.
  • Herrialde batzuetan, pertsonek behar baino denbora gehiago ematen dute espetxean eta ospitaleetan, komunitatean bizitokirik ez dutelako. Beste herrialde batzuetan, erakunde-zainketa da gurasoak zaintzen ez dituzten adingabeak zaintzeko modu nagusia.
  • Herrialde askotan, eta, bereziki, desinstituzionalizazio-prozesuak hasi zituztenetan, adimen-urritasuna eta premia konplexuak dituzten pertsonek oso litekeena da ingurune instituzionaletan bizitzen jarraitzea.

Era berean, txostenak;  EBko desinstituzionalizazio-prozesuko konponbideak eta joerak identifikatzen ditu: 

  • Pertsonarengan eta gizabanakoarengan zentratutako laguntzaren garrantzia, baita laguntza-premia konplexuak dituzten pertsonen kasuan ere, funtsezko elementu bihurtzen da pertsona horiek komunitatean erabat parte hartzea eta gizarteratzea bermatzeko. Hala ere, EBko herrialdeetan datu gutxi daude (estatistika ofizialak edo ikerketak) honako hauei buruz: pertsonek desinstituzionalizazio-prozesuetan duten parte-hartzea, komunitatearen onarpen-maila, beren bizi-egoerari buruzko hautatze-maila edo bizi diren egoitza uzteko aukerak, jasotzen dituzten laguntzen kalitatea edo jasotako tratamenduari buruz duten pertzepzioa duintasunari eta errespetua, besteak beste.
  • Zainketak desinstituzionalizatzeko prozesuak, halaber, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren 19. artikuluaren ezarpenari buruzkoak dira. Hala ere, informazio gutxi dago pertsonek izandako esperientziei buruz, hautaketari, kontrolari, inklusioari eta parte-hartzeari dagokienez.
  • Etxebizitza sozial eta/edo komunitario eskuragarririk ez izatea komunitateko bizitzarako oztopo bihurtzen da. Ildo horretan, politika, estrategia eta jardunbide egokiak behar dira desinstituzionalizazio-prozesuan aurrera egiteko.
  • Eskala txikiko egoitza-azpiegiturek pertsona-talde ugari hartzen jarraitzen dute, eta horrek arreta indibidualizatua eta komunitatean sartzea zailtzen du, segregazio-kultura betikotuz, komunitatean oinarritutako alternatibak sustatu beharrean. EBko herrialde gutxi batzuek 6 pertsona edo gutxiagorentzako egoitza-zerbitzuei buruzko informazioa ematen dute.
  • Herrialde guztietan ematen zaie egoitza-arreta talde guztiei, baita ezintasunik gabeko adingabeei ere, baina soilik Suedian da helduentzako egoitza-hornidura osoa eskala txikikoa eta komunitate-oinarrikoa. Suedia da laguntza pertsonala duen herrialde bakarra komunitate-oinarriko zainketetarako prestazio-eredu nagusi gisa.
  • Desinstituzionalizazioa EBk finantzatutako proiektua dela hautemateak zaildu egiten du erantzukizuna maila nazionaletik tokikora orokorrean transferitzea, ez beti finantzaketarekin batera, baita beste arazo potentzial batzuekin ere, koordinazioari, koherentziari eta zerbitzuen lehiari dagokienez. Lidergo nazionala funtsezkoa da maila anitzeko eta sektore arteko koordinazioarekin aldaketa orokorrak egiteko. Desinstituzionalizazioari buruzko estrategia nazionalek finantzaketa egokia, inplementaziorako neurri zehatzak eta monitorizazio-mekanismoak izan behar dituzte. 

Txostenak, hartara, komunitate-oinarriko zainketen alternatibek eskainitako emaitza onak erakusten dituen ebidentzia sendoa dagoela islatzen du, eta, gainera, bizitegi-azpiegitura handi iraunkorrak egiteko edo azpiegitura horiek dimentsioak murriztea lortuko duten zatiketetara eta birdiseinuetara egokitzeko dauden zailtasunak azpimarratzen ditu. Hala ere, oztoporik handiena kultura instituzionalaren iraupenean eta aldaketarekiko erresistentzian datza, baita neurri txikiko bizitegi-unitateetarako trantsizioa gertatu ondoren ere.

Txosten honek argia ikusten du COVID-19aren ondorioak agerian uzten dutenean, zainketa instituzionalaren alderdi negatibo batzuk. Ondorengoak dira: gizarte-kontaktuak kentzea prebentzio-neurri gisa kutsatze posibleen aurrean, eta pertsonak zainketa-azpiegituretan biltzea. Horiekin batera aurkitzen dira, egoiliarrek  COVID-19ren aurrean duten kalteberetasunarekin lotuta faktoreak.

Gai honi buruz argibide gehiagorik behar izanez gero, ondoren agertzen den txostena kontsultatu: "Erakunde-zainketatik oinarri komunitarioko zaintzetara igarotzea EBko 27 herrialde kideetan. Behin betiko txostena" (Transition from Institutional Care to Community-Based Services in 27 EU Member States: Final report.Research report for the European Expert Group on Transition from Institutional to Community-based Care, EC: 2020).