Enkarterri Group elkarteak bere 10. urterurrena ospatu du

2021-11-19

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek dibulgazio jardunaldi batean hartu du parte gaur goizean. Jardunaldia Enkarterri Group-en hamargarren batzarraren esparruan antolatu da eta Bizkaiko Balmaseda udalerrian egin da. Bere parte-hartzean, Orozek Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Bioekonomiaren Proiektu Eragilearen ardatz nagusiak aurkeztu ditu. Proiektu horren helburua da Enkarterriko Eskualdeko Plan Estrategikoen (EPE) esparruan eremuko garapen sozioekonomikoari laguntzea.

Orozek azpimarratu du Euskadik bi hamarkada baino gehiago daramatzala klima-aldaketarekin lotutako alderdiak lantzen, eta lan horren ondorio da Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plan Estrategikoa 2021-2024, zeinak datozen urteetan jarraitu beharreko bidea ezartzen duen. Helburua da “Euskadi Europako hegoaldean eremu horietan erreferentziazko eskualde gisa kokatzea, ingurumena lehiakortasunaren, jasangarritasunaren eta enplegu-sorkuntzaren funtsezko faktore izan dadin”.

Plan orokorra da, eta “ekintzak ekonomiaren eta gizartearen eragile eraldatzaile ugari dituzten eskualdeetan gauzatu behar ditugu”, adierazi du Orozek. Zehazki, Enkarterrin printzipio horiek sustatzeko, zuzendaritza-batzorde bat abiarazi da eta hainbat lantalde sortu dira, proiektu industrialen garapenean, enplegu-sorkuntzan eta Basque Desing Centerren sustapenean adituak.

Aztertzen ari diren proiektu industrialen artean, aipagarriak dira zelulosaren ehun fabrikaziorako fabrika bat, ardi-artiletik eratorritako produktuak egiteko beste bat eta enbriogenesiaren (landareen ugalketa) I+G+b-rako beste bat.

Orozek, halaber, jardunaldiaren amaierako mahai-inguruan hartu du parte, eta bertan berriz adierazi nahi izan du oso garrantzitsua dela “bioekonomiaren trenera igotzea; izan ere, baliagarria izango da ingurumenaren zaintza bateratua eta landa-eremuen garapena bultzatzeko. Horretarako, lehen sektorean balio-kateak aktibatu eta gure enpresa ugariren dibertsifikazio adimenduna bultzatu behar da”. Azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak babesten duen ereduak “hainbat elementu ditu: ingurumenaren zaintza bermatu behar du, tokiko biomasaren erabilera bultzatu behar du eta basogintza izan behar du ardatz, ez soilik, baina bai lehentasunez”.

Jardunaldian honako hauek ere hartu dute parte: Enkarterriko Mankomunitatearen presidente Martín Pérez Garmendia, Ekonomia Sustapeneko foru-diputatu Ainara Basurko, Enkarterri Groupeko presidente Andoni García Larrucea, eta Urbegi Taldeko bazkide Pablo Ocaña.

Enkarterri Group Enkarterriko eskualdeko enpresa-elkarte bat da, eta 2010ean sortu zen tokiko enpresa-talde baten ekimenez. Enpresa horiek, nahiz eta izaera eta enpresa-jarduera erabat desberdinak dituzten, gai dira beren baliabide, estrategia eta eskualde-kokapenarekin bat datozen izendatzaile komun ugari identifikatzeko.