Emakundek indarkeriaren biktima diren adineko emakumeekin esku hartzeko gako batzuk azaldu ditu Jabetuz prestakuntza programaren esparruan

_ESK9344.JPG

2021-11-23

  • Jardunaldian parte hartu dute Anna Freixasek, Monica Ramosek eta Jesús Goyenecheak, eta Sarea morea eta Amari amama proiektuak aurkeztu dira
  • Adineko emakumeekin lan egiteko gakoak izeneko azterlana aurkeztu da. Azterlan horretan Arrasate, Azpeitia, Basauri, Eibar, Ermua, Gasteiz, Ondarroa eta Urola Garaiko emakumeen etxeetako teknikariek eta adineko emakumeek parte hartu dute

 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean inauguratu du Bilboko Euskalduna Jauregian Emakundek antolatutako "Adineko emakumeak, boteretsuak indarkeriaren aurrean" jardunaldia. Bertan, indarkeria jasaten duten adineko emakumeekin esku hartzeko gakoak jorratu dira. Jardunaldi hau Jabetuz prestakuntza-programaren barruan kokatzen da. 2015ean sortu zenetik, 2.000 profesional baino gehiago prestatu dira programa honen bitartez, biktima diren emakumeen arretarekin lotutako hainbat arlotakoak, hala nola osasun-arlokoak, polizia-arlokoak edo gizarte-zerbitzuetakoak. Artolazabalek nabarmendu du garrantzitsua dela emakume biktimak artatzen dituzten profesionalek prestakuntza espezifikoa izatea eta, besteak beste, kontuan hartzea emakume biktimen aniztasuna eta egoera bakoitzaren berezitasunak.

Ildo horretan, Artolazabalek nabarmendu du biktimak entzun eta haiengandik gertu egiteko egiten ari diren ahaleginaz gain, beharrezkoa dela adineko emakumeen aurkako indarkeriaren berezitasunak kontuan hartzea. Horrela, gogoratu du gehienak ez dutela autonomia ekonomikorik izan euren bizitzan; euren garaian senarrei lan egiteko, kontu korronte bat irekitzeko edo atzerrira ateratzeko baimena eskatu behar zietela; eta, gehienak, pertsonak zaintzen igaro dutela bizitza, aisialdirako eta denbora pertsonalerako denborarik izan gabe, besteak beste. Adierazi duenez, faktore horiek eta beste batzuek baldintzatu egin dituzte indarkeria matxista pairatu arren indarkeria horren biktima gisa ikusi ez ditugun emakume askoren bizitzak. Sailburuak ziurtatu duenez, erakundeek emakumeen aurkako indarkeriaren biktima guztiei arreta integrala eskaintzen jarraituko dute, egoera ahulenean daudenei arreta berezia eskainiz.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak Jabetuz prestakuntza-programaren garrantzia azpimarratu du. Programa horren esparruan, indarkeriaren biktima diren adineko emakumeekiko esku-hartzeari buruzko modulu berri bat jarri da abian, profesionalei adineko emakumeekiko esku-hartzearen gakoak garatzen laguntzeko. “Indarkeria mota espezifiko baten aurrean gaude, eta esku-hartze egokirako funtsezkoa da prestakuntza”, adierazi du Landaidak. Emakundeko zuzendariak nabarmendu du, halaber, zuzentzen duen erakundea ahalegin berezia egiten ari dela adineko emakumeak ikusarazteko. Ildo horretan, adineko emakumeen aurkako indarkeriari buruzko ikastaro berriaz gain, azaroaren 25eko azken bi kanpainak emakume nagusiek jasaten duten indarkeriari buruzkoak izan dira.

Era berean, Emakundeko zuzendariak, Mari Luz Esteban eta Irantzu Fernandez EHUko irakasleekin batera, EHUko antropologia feministako ikerketa-taldeak EAEko emakumeen etxeekin elkarlanean “Adineko emakumeekin lan egiteko gakoak” izeneko azterlana aurkeztu du. Landaidak emakumeen etxeen garrantzia azpimarratu du, segurtasun guneak eta erreferenteak direlako euskal herritarrentzat, adineko emakumeentzat barne. Ikerketa zortzi emakume-etxetako teknikariekin (Arrasate, Azpeitia, Basauri, Eibar, Ermua, Gasteiz, Ondarroa eta Urola Garaia) eta adineko emakume erabiltzaileekin egin da.

Hainbat gai korratzen dira bertan: edadismoa, eskubideen urraketa,prekarietatea eta pobrezia, harremanak eta bakardadea edo emakumeen aurkako indarkeria… Azterlanak bere ondorioetan adineko emakumeekin esku hartzean kontuan hartu beharreko dekalogo bat aurkezten du. Dekalogo horretan jasotzen denez, beharrezkoa da adineko emakumeei zuzendutako esku-hartze, politika eta aurrekontu espezifikoak sortzea; zahartzaroan biztanleriak, oro har, jasaten dituen edadismoari eta eskubideen urraketei aurre egitea; zahartzaroaren nortasun kolektiboa sustatzea, aurreiritziei eta estereotipoei aurre eginez; intersekzionalitatea kontuan hartzea, klase sozial, arrazakeria eta abarri buruzko aldagaiak kontuan hartuta; adineko emakumeen ikusgarritasuna bermatzea; emakumeen ahalduntzea sustatzea, baita haien partaidetza ete errekonozimendua. 

Jardunaldian parte hartu dute Anna Freixas idazleak, bere “Viejas sí” liburua aurkeztuz; Monica Ramos antropologo feministak, zahartzean eta generoan adituak; eta Jesus Goyenechea antropologo eta gizarte-hezitzaileak. Era berean, bi proiektu aurkeztu dira: Sarea morea proiektua, Onintze Amezagaren eskutik; eta baita Amari amama proiektua ere, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak bultzatua, Mari Mar eta Tamara Claveriaren eskutik.