Tapia: "Eusko Jaurlaritza lanean ari da Euskadi enpresentzako ekosistema erakargarria izan dadin, eta prest egon daitezen pandemia osterako"

2021-04-14

  • Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak enpresa-sarea indartzeko beharra azaldu du, eta gogorarazi du "gure tresnak ez direla nahikoak; halaber, aldundiek, udalek, ministerioak edo bankuek ere zeregin horretan egin beharreko lana nabarmendu du. 
  • Onda Vascari emandako elkarrizketa batean, pandemia goraka ari denean Alarma Egoera bertan behera uzteko esatea "erabaki arinegia" izan dela adierazi du, "Lehendakariak eta legelari garrantzitsuek esan duten bezala, egoera arautu ezinik utziko gintuzkeelako" 

    Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak gaurkotasuna aztertu du gaur goizean Onda Vasca irratian emandako elkarrizketan.
    Landutako gaien artean, honako hauek nabarmendu ditu:


    Euskal industria
    “Eusko Jaurlaritzaren betebeharra da enpresentzako ekosistema erakargarri baten alde lan egitea, eta aldundiekin ari gara hori egiten, haien zerga-gaitasunarekin laguntzen gaituzte eta. Jakin badakigu une honetan enpresa batzuk asko sufritzen ari direla oil & gas edo aeronautika bezalako sektoreetan, Tubacex edo Aernnova bezalako kasuetan. Enplegu asko behar duten enpresak dira, eta haien dibertsifikazioa lantzen ari gara; pandemia osterako nola prestatuko diren ikusten ari gara, irtenbide bideragarriak nondik aurki ditzaketen aztertuz, baina gure tresnak ez dira nahikoak. Udalak, ministerioak, banketxeak ere inplikatu behar dira, denon lana da”.
    “FINKATUZ funtsa handitzeak enpresak errotzea du helburu, baina, horrez gain, proiektuak ikusi behar dira, Euskadin duten egitura, eta epe luzera hemen garatu nahi ote duten”.


    “Euskaltelen EEPari dagokionez, errotzeak gauza asko esan nahi dituela jakin behar da. Mundu globalizatuan gaude, eta telekomunikazioen mundua mugitzen ari da. Aldaketa asko ikusiko ditugu enpresetan, asko, eta aurkeztu den EEPak, - ikusiko dugu aurrera ateratzen den- bost urteko errotze-bermea du gutxienez. Horretan ari da Eusko Jaurlaritza une honetan”.


    “Corrugados gaiari dagokionez, bi dira funtsezko elementuak: enpresak aurretiko kontsulta bat egin zuen lantegia berriro irekitzeko, eta ingurumenaren ikuspegitik aurrera egin ote zezakeen ikusteko, eta, eskatu dizkiegun eskakizun batzuen arabera, aurrera egin dezakete, eta hala jakinarazi zaie; beste alorra hirigintza-arloa da, eta Udalak uste du hori ezinezkoa dela. Haiekin izan genuen azken bileran, baita Aldundiarekin ere, erabaki hori enpresari lehenbailehen jakinarazteko esan genuen, horretan geratu ginen”.


    “Navaleko proiektuak alderdi logistikoa du, baina baita industriala ere. Prest gaude elkarrekin lan egiteko; behin betiko esleipenaren zain gaude”.

    “Klima Aldaketaren Legea onartzeak ez du ustiapena ahalbidetzen eta, beraz, ez du zentzurik Subilla Gasteizen esploratzeko bidearekin jarraitzea, baina baimen hori nola amaitzen den ikusi behar dugu, eta gauza konplexua da”.

    Europako Funtsak Berreskuratzeko Plana.


    “Zer arlo lehenetsiko diren ez jakiteaz gain, ez dakigu zer mekanismo erabiliko diren proiektuak baliabidez hornitzeko, proiektu bakoitzak zenbat laguntza jasoko duen, prozesu osoa nola egingo den... Baliabide gehienak Espainiako Estatuak zehaztu eta banatuko ditu, Bruselarekin irizpideak eurek adosten dituztelako. Eusko Jaurlaritzari zati txiki bat geratzen zaio, ia leihatila gisa jardutea, baina oso garrantzitsua da Europak bi gauza argi esaten dituela: baliabideek proiektu eraldatzaileentzat izan behar dutela, - eta erne egongo dela hori horrela izan dadin-  , eta erreformak egin behar direla, hurrengo belaunaldiei eragingo dieten baliabideak direlako. Euskadik proiektu garrantzitsuak ditu baldintza horiek betetzen dituztenak, eta hor egongo gara, behar bezala garatu daitezen”.


    Alarma-egoera

    “Alarma-egoera desagertzen bada, pandemia egoera arautzeko ditugun tresna garrantzitsuenetako hiru gabe geratuko gara: perimetro-itxiturak, taldekatzeen mugak, eta etxeratze-agindua”.


    “Iragarpena azkar samarra izan da. Daukagun esperientzia guztia izanda, zer gertatu den jakinda, eta legelari garrantzitsuek esaten digutenez, pandemiarekin borrokatzeko tresnarik eta gaitasunik gabe geratuko gara gero eta handiagoa den olatu batean gaudenean”.