Elkarbide paseoak Urretxun

Argitalpen-data: 

Mugiment Idazkaritza Teknikoa.

Irudia - Elkarbide paseoak Urretxun

COVID-19aren epidemiak isolamendu eta nahi gabeko bakardade egoerak areagotu ditu. Zoritxarrez, kohesio soziala eta gure osasun mentala eragina jasaten ari dira; izan ere, azken urtean zeharkako topagune asko galdu ditugu, eta beldurrak eta ziurgabetasunak isolatzera garamatza. Horregatik, aire zabalean sozializatzeko aukera berri bat diseinatu eta martxan jarri dugu Urretxun, segurtasun-araudi guztiak beteko dituena eta, aldi berean, etxetik irtetea eta ustekabeko topaketak bultzatuko dituena.

Dinamika erraza da: parte-hartzaileak eta dinamizatzaileak topagunean bildu ondoren, bikoteka edo hirukoteka elkartuko dira paseoa hasi aurretik. Baldintza bakarra egun horretako ibilbidea aurrez ezagutzen ez dugun norbaitekin partekatzea da.

Elkarbide itsu-itsuan egindako hitzordu moduko bat da, aisialdirako aukera segurua, pertsona berriak ezagutzeko, elkar entzuteko eta astean ordubete partekatzeko. Egun hauetan, talde txikietan eta maskara jantzita paseatzea topaketarako bitarteko segurua da, eta ibilbideak gure herritarren aniztasun fisikoa eta funtzionala kontuan hartuta pentsatu dira.

Jarduera doakoa da, parte hartze unibertsalekoa, eta aurtengo Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian inplikatutako norbanako eta kolektibo ezberdinen inplikazioa du abiapuntu. Parte hartzeko, hobe da aldez aurretik tokia erreserbatzea, Gizarte Zerbitzuetako 943038083 telefonora deituz edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatziz. Izena emateko aukera ere badago, asteartero Areizaga-Kalebarren plazan, jarduera hasi aurretik.