Elankidetzak 4,3 milioi eurorekin babesten ditu sei estrategia humanitario, erdiak ahaztutako krisi testuinguruetan

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko parte dena, 4,3 milioi euro bideratuko ditu sei estrategiari krisi humanitarioetan bizi diren herritarrei arreta emateko. Bi urterako esku-hartzeak dira, eta pertsonak babesteko ekintzez gain, bideratuta daude erakunde humanitarioak indartzera eta euskal herritarrak sentsibilizatzera.

Ahaztutako gatazketan, biztanleek ia ez dute laguntzarik jasotzen, eragile humanitarioen presentzia txikia, estaldura mediatiko eskasa eta emaileen interes falta direla eta. Ildo horretatik, eLankidetzak babestuko dituen hiru ekimen Europar Batasunaren arabera ahaztuta dauden krisi testuinguruetan egingo dira: Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan hondakinak biltzeko eta jasotzeko sistema ezartzea; El Salvadorreko biztanleentzako arreta integrala, Nikaraguakoekin batera nahitaez lekualdatzen direnak eta Costa Ricara iristen direnak, eta, Kongoko Errepublika Demokratiko barnean desplazatuen eta Ugandara eta Kenyara ihes egiten duten biztanleei osasun publikoko egoera kritikoei erantzutea, sexu indarkeria barne. Azken honetan ere aipatutako herrialdeetara ihesi doazen Burundiko herritarrak ere artatuko dira. Gainera, Ekialdeko Jerusalemen, Zirjordanian eta Libanon palestinarrei zuzendutako beste hiru ekimen babestuko dira.

Estrategia guztiek jasotzen dituzte euskal herritarrak Saharako, Palestinako, Kongoko edo Erdialdeko Amerikako gatazkaz sentsibilizatzeko ekimenak, bai eta gatazka horiek beren biztanleengan, batez ere emakumeengan, dituzten eraginez sentsibilizatzeko jarduerak ere.

eLankidetzak ekintza humanitarioko beste dirulaguntza du, proiektu laburragoei eta aurrekontu txikiagoei zuzendua. Proiektu horiek krisi humanitarioen eraginpeko biztanleei arreta ematera bideratzen dituzte.