Elankidetzak 32 milioi euro bideratuko ditu garapenerako lankidetzako, laguntza teknologikoko eta gizartea eraldatzeko hezkuntzako proiektuetara (Gobernu Bilera 4-5-2021)

fotoconsejo.jpg

2021-05-04

  • Funtsen % 20 Saharaz hegoaldeko Afrikako proiektuetara bideratuko dira eta % 10 emakumeak ahalduntzera eta genero-desberdintasunak ezeztatzera
  • GGKEek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak 

Gobernu Kontseiluak oniritzia ema dio garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2021eko laguntza-deialdiari. Beatriz Artolazabalen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dagoen eLankidetza – Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 32 milioi euro bideratuko ditu hainbat proiektutara. Ekimenak hiru modalitatetan banatuko dira: garapenerako lankidetza; garapen produktiboa, prestakuntza eta laguntza teknologikoa; eta, azkenik, gizartea eraldatzeko hezkuntza-proiektuak.

eLankidetzak funtsen % 20 Saharaz hegoaldeko Afrikan gauzatutako proiektuetara bideratuko du eta % 10 emakumeak ahalduntzeko eta genero-desberdintasunak ezeztatzeko ekimenetara. GGKEek hilabeteko epea izango dute ekimenak aurkezteko, deialdia EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Hiru dirulaguntza-lerro

Funtsik gehienak GGKEek garapenerako gauzatutako lankidetza-proiektuetara bideratuko dira, eta 26 milioi euro izango dituzte horretarako erabilgarri. Kontu-sail hori pobreziari aurre egiteko eta hegoaldeko herrialdeetako ahalduntze prozesuak indartzeko erabiliko da.

Lerro honetan iaz 54 proiektu lagundu ziren, eta gai nagusiak hauek izan ziren: emakumeak ahalduntzea eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea; giza eskubideen defendatzaileak babestea El Salvadorren edo Kolonbian; herri indigenen eskubideak sustatzea Bolivian, Guatemalan edo Mexikon; eredu ekonomiko solidarioak eta jasangarriak sortzea Brasilen edo Malin; eta hezkuntza-proiektuak Txaden edo Malawin.

Bestalde, garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko ekimenek 1,2 milioi euro izango dituzte erabilgarri. 2020an hizkuntza indigenen inguruan lan egiteko, azpiegiturak zaharberritzeko eta profesionalak prestatzeko lau proiektu finantzatu ziren.

Azkenik, 4,8 milioi euro aurreikusi dira gizartea eraldatzeko Euskadin gauzatuko diren hezkuntza-proiektuetarako. Helburua euskal herritarren inplikazioa eta elkartasuna sustatzea da. 

2020an onartutako 20 proiektuekin ingurumena, balio-heziketa, feminismoa, giza eskubideak eta migrazioa landu ziren.