
Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentzia (EU-OSHA) azterketa bat egiten ari da ekonomia zirkularra hurrengo bi hamarkadetan ezartzeak lan-ingurunean eta laneko segurtasunean eta osasunean (LSO)izan ditzakeen ondorioei buruz.
Lanak, ‘Ekonomia zirkularrari eta horrek osasunean eta laneko segurtasunean dituen ondorioei buruzko etorkizuneko azterlana’ izenburupean, abiapuntu gisa balizko lau agertoki erabiltzen ditu arriskuak eta aukerak aztertzeko. Ere lantzen ditu digitalizazioaren ondorioak eta hondakinen sektorean izan dezakeen eragina, bere zeregina funtsezkoa baita ekonomia zirkularrean.
Proiektu hau egiteko, EU-OSHAk, Ellen MacArthur Fundazioak ekonomia zirkularrerako proposatutako definizioa hartu du. Horren arabera, ekonomia zirkularra da oinarritzen dena “hondakinak eta kutsadura murrizteko diseinuan, erabiltzen ari diren produktuak eta materialak mantentzeko lanetan eta sistema naturalen birsorkuntzan”. Hala, azterlanak aurreikusten du helburuak lortzea, gaur egungo funtzionamendu-moduak zalantzan jartzen dituzten arlo hauetan: hornidura jasangarria, ekodiseinua, ekologia industriala eta lurraldekoa, ekonomia funtzionala, kontsumo iraunkorra, erabilera hedatuaren iraupena eta birziklapena. Bigarren fasean, agertoki horiek zabaldu eta egokituko dira, eta tailerrak egingo dira.
Ondorioak eta ikuspuntuak
Aztertutako agertokiek erakusten dute bide ugari daudela Europan ekonomia zirkularra ezartzeko, eta ezberdinak direla ere horiek lan-baldintzetan eta LSOn izan ditzaketen ondorioak. EU-OSHAk bere txostenean esan bezala, agertoki horiek ez dira aurreikuspenekin nahastu behar. Beren helburua ez da ‘etorkizuna izango dena’ deskribatzea, baizik eta etorkizunak ekar lezakeenaren eta bide alternatiboek ekarriko luketenaren ikuspegia eskaintzea.
Nahiz eta Europako ekonomia zirkularreko lau agertokiek aukera eta erronka ezberdinak agertu LSOren etorkizunerako, ikerlanak biltzen ditu horietan guztietan, neurri handiagoan edo txikiagoan, agertzen diren ondorio hauek:
- Hornikuntza-kateak eskualdeka. Hornidura eta ekoizpena eskualdeka egiteak aukera ematen du dokumentazioa hasieratik amaierara hobetzeko eta segurtasun-estandar zorrotzagoak betearazteko.
- LSO ekonomia eta ingurumen-legerian integratzea. Integrazio hori hobetzeko ekimenak baliotsuak dira lau agertokietan. Orain arte, LSO ez da oso kontuan hartu ekonomia zirkularrari edo ingurumenari buruzko EBko legeria egiterakoan.
- Teknologia berriak. Teknologia berriak erabiltzeak (bioteknologiatik hasi eta nanomaterialetaraino) arrisku berriak ekar ditzake mantentze-lanetan eta, bereziki, birziklatzean. LSOko agintarientzat erronka handia da arrisku horiek aztertzea eta minimizatzea. Lan horren zailtasuna ezberdina da eszenatokiaren arabera.
- Plataforma-lana. LSOren erantzukizuna ez bada bideratzen EBko plataforma berriaren ekimenaren ildotik, ‘gig’ edo lankidetzako ekonomiek hainbat arrisku ekarriko dute osasunerako eta segurtasun fisikorako. Hala ere, baliteke bakarkako lanak, adimen artifizialaren gainbegiratzeak eta lan independentearen presioak eragindako arrisku psikosozialak irautea.
- Automatizazioa, digitalizazioa, adimen artifiziala eta robotika. Oraindik ere teknologia eta antolaketa aurrerapenak, bi ahoko arma dira. Nahiz eta posible izan lan-arriskuak ingurune arriskutsuetan murriztea, arrisku berriak ager daitezke (adibidez, gizakiaren eta robotaren arteko interakzio handiagoak estres handiagoa ekarriko du, monitorizazio eta errendimendu presio handiagoaren ondorioz), eta hedatu liteke, adimen artifizialaren eta robotikoaren arteko konbinazioa zabaldu ahala.
- Urruneko lana. Ekonomia zirkularrarekin lotutako lana mugigarriagoa eta malguagoa bihurtzen da agertoki guztietan, eta horrek zaildu egin dezake LSO ikuskatzea eta ezagutzak transferitzea. Gainera, arazo psikosozialak areagotu ditzake.
- Trebakuntza berria: Gero eta beharrezkoagoa izango dira birmoldaketa eta etengabeko ikaskuntza, langileei LSOri buruzko ezagutzak eta kontzientzia emateko eta horrela segurtasunez jardun ahal izateko.
- Ekonomia partekatua. Plataformetako lanaren antzera, berdinen arteko trukea segurtasunez egin ahal izateko, erregulazio berria egin beharko da erantzukizunak argitzeko. Hala ere, ziur asko zailagoa izango da LSO gainbegiratzea eta ezagutzak transferitzea, erantzukizunak banatu direlako.
