Edukiontzi horiaren erabilera % 6,7 hazi zen Euskadin, 2020an, pandemia gorabehera

Argitalpen-data: 

ecoembes-1.jpg
  • Hazkuntza hori gertatu da, herritarren konpromisoa gero eta handiagoa delako eta pandemian udal-mailako gaikako bilketa funtsezko jarduera gisa mantendu delako
  • Iaz, biztanle bakoitzak 24,4 kg hondakin utzi zuen edukiontzi horian. Edukiontzi urdinean, bestalde, 32,5 kg paper eta kartoi erregistratu ziren
  • Konfinamenduak eta merkataritza-jardueraren etenaldiak ekitaldi handietan eta lantokietan 2019aren aldean gaikako bilketa murriztu izana eragin zuten
  • 2020an, birziklapen-instalazioei 79.361 tona etxeko ontzi eman zitzaizkien, kaleko edukiontzi hori eta urdinetatik, jendetza biltzen den lekuetako gaikako bilketetatik eta udal-mailako hondakin-instalazioetatik batuta

2020aren zati luze batez bizi izandako salbuespen-egoera gorabehera –gaur egun ere hala jarraitzen du, Covid-19aren ondorioz–, ontzien birziklapena berriz ere finkatu zen, beste urte batez, Euskadiko gizartean oso zabalik dagoen ingurumeneko jardunbide gisa. Hala ondorioztatzen da Euskadin hondakin horien bilketa-zerbitzua Ecoembes-i ematen dieten toki-erakundeek –251 udalerri ordezkatzen dituzte– emandako herritarren parte-hartzeari buruzko datuetatik. Ecoembes etxeko ontzi arinen kudeaketaz arduratzen den irabazi-asmorik gabeko ingurumen-erakundea da[1]. Zifra horiek edukiontzi horian (plastikozko ontzietarako, latorrietarako eta briketarako) utzi ziren hondakin horien kopuruak gora egin duela egiaztatzen dute.

Hala, Euskadiko biztanle bakoitzak 24,4 kg hondakin utzi zituen –aurreko urtean baino % 6,7 gehiago– plastikozko, metalezko eta brikezko etxeko ontzietarako erabiltzen diren 12.397 edukiontzietan, erabilgarri dituen atez ateko gaikako bilketa-sistemen bidez. Kopuru hori, azken bost urteotan, % 34 hazi da, eta datu horrek herritarrek ontzi horien birziklapenarekin gero eta konpromiso handiagoa dutela erakusten du. Baina etxeetan egiten den banaketa fintzeko sendotzen eta sentsibilizatzen jarraitu behar da; izan ere, edukiontzi horian utzitako kiloetatik, 5,5 kg ontzi ez diren hondakinena izan ziren.

Bestalde, edukiontzi urdinean jasotako hondakin-kopuruak % 3,3 egin zuen behera; pertsona bakoitzak 32,5 kg paper eta kartoi utzi zituen ontziak birziklatzeko bide publikoan dauden 12.384 edukiontzi urdinetan. Beherakada puntuala izan da; izan ere, azken bost urteotan, kopuru hori % 3 hazi da. Nabarmendu behar da edukiontzi urdinetan, etxeko ontziez gainera, beste hondakin batzuk ere uzten direla, besteak beste merkataritzako papera eta kartoia eta aldizkariak.

Edukiontzi urdin eta horien bidez eta atez ateko sistemen bidez ez ezik, plastikozko, metalezko eta brikezko etxeko ontzi arinak beste birziklapen-puntu batzuetan ere bildu ziren, besteak beste jendetza batzen den lekuetan (bulegoak, estadioak, ostalaritza eta jaialdiak, besteak beste) jarritako gaikako bilketarako 1.000 edukiontzi baino gehiagotan. 2020an, 255 birziklapen-puntu berri jarri ziren zenbait lekutan, hala nola liburutegi, kiroldegi, osasun-zentro, ikastetxe eta sindikatuetan, eta 262 kubo eta paperontzi banatu ziren HORECA sektorearen artean. Halaber, etxeko ontzi arinak batu ziren errefusaren edukiontziak eramaten diren hiri-hondakinen instalazioetan (leku horretan ez lirateke hondakin horiek utzi behar, baina, herritarren elkarlanari esker, gero eta ontzi gutxiago iristen dira).

Kaleko gaikako bilketaren igoeraren aldean, covid-19aren ondorioz merkataritza-, enpresa- eta ekitaldi-jarduera murrizteak –eta bertan behera uzteak– ekarri zuen jendetza batzen den lekuetan etxeko ontzi gutxiago biltzea. Hori dela eta, guztira, Euskadiko gizartearen ahaleginari eta konpromisoari esker, 2020an, birziklapen-instalazio homologatuei 79.361 tona etxeko ontzi eman zitzaizkien, ondoren birziklatzeko.

“Zalantzarik gabe, pandemiaren testuingurua gorabehera, Euskadiko gizarteak etxeko ontzien birziklapenarekin duen konpromisoa sendotu egin da, eta Euskadiko etxeen artean gehien zabaldu den ingurumen-ohitura bilakatu da”, esan zuen Fernando Blázquez Ecoembes-en Euskadiko kudeatzaileak. Fernando Blázquezek honako hau esan zuen: “Eusko Jaurlaritzak, mankomunitateek, udalerriek eta Ecoembesek eginiko ahaleginari esker, birziklapen-sistema etengabe aritu da hobetzen, besteak beste digitalizazio- eta berrikuntza-ekintzei esker, SEPARA proiektuari esker, esaterako. Elkarlanean jarraituko dugu, Euskadi gizarte erabat birziklatzaile bilakatzeko”.

Hondakinen tratamenduaren kudeaketa-eredua eraldatzeko ikertzen eta ezagutza sortzen jarraitzeko helburu horrekin, Amorebietako (Bizkaia) hautaketa-instalazioan –Euskadin lau daude– SEPARA izeneko berrikuntza-proiektua jarri zen abian; proiektu horren helburua zen hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko eredu horretan eraldaketa digitalaren oinarriak ezartzeko ikertzea eta ezagutza teknologiko berriak sortzea.

Eskola-elkartearen artean ere kontzientziazio-ekintzak egiten jarraitu zen, Ondakin ingurumen-hezkuntzako proiektuaren bidez. Proiektua Ecoembesek, Cristina Enea fundazioak eta Sanmarkos Mankomunitateak sustatzen dute; dagoeneko, ia 38.000 eskola-ikaslerengana iristen da.

Era berean, kontainerizazioko azterlanak egin ziren, zenbait erakunderentzat, zerbitzua hobetzen jarraitzeko.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen iritziz positiboa da datuen hobekuntza eta herritarrek baldintza txarretan ere egoki erantzuten jarraitzea, baina zera dio: “ez dugu eta ezin dugu konformistak izan”. Barredok honako hau ere esan du: “Europatik ezartzen doazen birziklapen-helburuak gero eta handiagoak dira, eta ez dugu autokonplazentzian erori behar”.

“Udal-hondakinen frakzio organikoaren gaikako bilketaren inguruan oraintsu egin den ezarpenaren bidez, bilketa horrek gure sukaldeetan bereizten ditugun gainerako frakzioetan efektu biderkatzailea eragiten duela ikusi dugu; hala, materia organikoa bereizten duen familia batek, aldi berean, bereizte-ratio hobea du gainerako frakzioetan, ontziak eta papera soilik bereizten dituen familia batek baino”.

Eusko Jaurlaritzak aipatzen duen beste gakoetako bat da enpresa ontziratzaileek are gehiago laguntzea bereizten diren ontziak materialki birziklatu ahal izateko; alegia, ontzien birziklagarritasuna areagotzea. Horretarako ekodiseinua behar da, ontziak haien balio-bizitzaren amaieran birziklatzeko aukeran pentsatuz diseinatzea. Ontziak hautatzeko instalazioek hutsera jo beharko lukeen errefusa dute, eta, horretarako, gaur egun birziklatzen ez diren materialetan ontziratzea saihestu beharko litzateke.

Helburu horiek lortzeko, Eusko Jaurlaritzak 2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Plana idatzi berri du, eta oraintsu jarri da jendaurrean. Hartan, zenbait lan-ildo planteatzen dira, hondakin horien prebentziora eta balorizaziora bideratuak: Euskadik, besteak beste, honako hauek proposatzen ditu: ontzi arinen sorrera % 20 murriztea, edari-ontzien % 40 berrerabilgarriak izatea lortzea, ontzien hondakinetarako % 70eko birziklapena lortzea, edo birziklatutako materialaren % 30 PET botiletan sartzea.

Etxeko ontzi arinak kudeatzea

Ecoembesen egitekoa, 11/97 Ontzien Legeak ezartzen duen bezala, honako hau da: Espainiako Estatuan plastikozko, metalezko, brikezko, paperezko eta kartoizko etxeko ontzien birziklapen-zikloa koordinatzea eta finantzatzea, hondakin horiek berreskuratu eta eraginkortasunez eta jasangarritasunez birziklatzeko, eta, hala, haien zirkulartasuna bermatzeko. Ecoembesi atxikitako etxeko ontziak sortutako udal-hondakin guztien pisuan % 8 dira.

Lege horrek ezartzen duenez, Ecoembesek Espainiako tokiko 8.131 administrazioentzat gaikako bilketarako eta etxeko ontzi arinen tratamendurako funtsezko zerbitzua emateak dakarren kostu eraginkorra estaltzen du. Tokiko administrazioek jasotzen duten kopuru hori Espainiako merkatuan etxeko ontziak jartzen dituzten enpresek Puntu Berdearen[2] inguruan egiten duten ordainketatik dator, batetik, eta birziklapen-instalazioei materiala saltzean lortutako diru-sarreretatik, bestetik.

Udal horien jarduera etengabe dago Ecoembesen barneko kontrolen bidez ikuskatua, edukiontzietatik jasotako eta ondoren birziklatutako kopuruak kontrolatzen baitituzte, auditoretzen, hondakinen konposizioaren analisiaren eta haien kalitate-kontrolen bidez eta instalazioetako ikuskaritzen eta birziklatzaileen homologazioaren auditoretzen bidez. Azken urtean, kalitateko 14.000 auditoretza eta kontrol baino gehiago egin dira, kate horretan.

 

[1] Birziklapena Ecoembesek kudeatzen duen hondakinak direla eta, Espainiako Estatuan sortzen diren udal-hondakinen % 8 dira (Iturria: Fundación Economía Circular) Diagnóstico y escenarios de cumplimiento de los objetivos de residuos municipales 2025 – 2030 - 2035

 

[2] Identifikazio-sinbolo bat da, eta bermatu egiten du produktu ontziratu hori merkatuan jartzen duen enpresak Ontziei eta Ontzi Hondakinei buruzko 11/97 Legea betetzen duela eta produktu horren ontzi-hondakina egoki kudeatzeko zenbateko ekonomiko bat ordaindu duela.