
“E-Osasuna” teknologia digitalen aplikazioak, hazkunde potentzial handia du laneko segurtasunaren eta osasunaren alorrean (LSO). ‘e-Osasuna’-k adimen artifiziala garatzetik eratorritako aurrerapenak dakartza bai eta berrikuntzak ere biomedikuntza eta kirurgia robotizatua bezalako diziplinetan.
Azken hamarkadetan, ‘e-Osasuna’ programak lan-absentismoaren kudeaketa hobetu du, hainbat software eta plataformaren bidez, laneko osasun-sistemetan aurrerapenak eginez eta langileen osasunerako arriskua ebaluatzeko tresnak prestatuz. Halaber, laneko istripuen mutuei lagundu die telemedikuntzako zerbitzua prebentzio, diagnostiko, laguntza eta errehabilitazio lanetan aplikatzen.
Mercer aholkularitza-enpresaren ‘Health on Demand’ ikerlanaren arabera, irtenbide digitalek eragin positiboa izango dute, ez bakarrik langileen osasunari lotutako alderdi materialetan, baizik eta arrisku psikosozialen eta enpresetako giza kapitalaren kudeaketan ere. Adecco Fundazioak finantzatu eta The Economist-en inteligentzia unitateak egindako ‘Doing Wellbeing Well’ azterlanak ere nabarmentzen du, irtenbide digitalek datozen urteetan lantokietan izango duten garrantzia.
Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ‘Osasun digitalari buruzko munduko 2020-2025eko estrategia proiektua’ sortu du, bai eta ‘e-Osasuna’ lan-talde bat ere, teknologia digitalen analisia indartzeko eta estatuei beren erabilera lehenesten, integratzen eta arautzen laguntzeko.
Halaber, ekainean Europako Batzordeak, ‘EBren 2021-2027ko eremu estrategikoa laneko osasunaren eta segurtasunaren arloan’ delakoa onartu zuen, gaur egungo trantsizio digital, ekologiko eta demografikoari buruzkoa. Dokumentuak planteatzen du datozen urteetan funtsezko hiru helburu lortzea. Batetik, aldaketa aurreratzea eta kudeatzea, lan-inguruneetan segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Bestetik, lanarekin zerikusia duten gaixotasun eta istripuen prebentzioa hobetzea. Gainera, prestaketa areagotzea aurreikusten du osasunerako mehatxuen aurrean.
Lan-ongizatea
Teknologia digitalak gehiago erabiltzeak, laneko osasun eta ongizate zerbitzuak aldatzea ekarri du eta, horren ondorioz, azken urteotan handitu egin dira “wearable”, biosentsore, ‘big data’ eta osasun-ohiturak kudeatzeko tresnetan egindako inbertsioak.
Adecco Fundazioaren azterlan horren arabera, datozen urteetan “e-Osasuna” konponbideek garrantzi handiagoa izango dute, langileen ongizatearen alderdi berriak emango dituztelako. Iragartzen du laneko osasun eta segurtasuneko profesionalek laneko ongizatearen ikuspegi integralagoa sustatu beharko dutela, lantokian giza kapitalaren iraunkortasuna bermatzeko.
“E-Osasuna” eta langileen ongizatearekin lotutako aplikazio-sorta zabala dago. Fitnesseko, elikadurako eta osasuneko jarduerak ‘smartwatch’ edo jarduera-eskumuturrekoen bidez monitorizatzeko ‘wearable’ teknologiaz gain, badaude ‘app’ batzuk, ‘mindfulness’-en, meditazioaren, lo-ohituren kudeaketaren edo erresilientzia mentala hobetzearen ingurukoak.
“E-Osasuna”-ren beste tresna batzuk adimen artifizialeko “chatbot”-ak dira, antsietatea gainditzeko teknikak edo depresioarekin lotutako sintomei buruzko informazioa ematen dituztenak. Lanari dagokionez, badaude ‘app’ batzuk erritmo zirkadianoa optimizatzen laguntzen dutenak, eta bereziki erabilgarriak direnak gaueko txandetako langileentzat. Beste batzuek “coaching” zerbitzu integratua eskaintzen dute, osasun eta produktibitate helburuak lortzen laguntzeko.
