Covid-19ari aurre egiteko neurri berriak biltzen dituen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratu da

2021-06-19

  • Neurriak gaurtik aurrera jarriko dira indarrean, eta 15-20 egunetan berrikusiko dira

Gaur, ekainak 19, larunbata, argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, hartutako neurri berriak jasotzen dituen Dekretua, egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta. Covid-19ren kutsatzeen beheranzko joera finkatu da Euskadin 2. alerta-mailaraino, intzidentzia metatua 150 kasuetatik jaitsi ondoren, eta plantan zein ZIUn okupatutako ospitale-oheen kopurua murriztu denez, LABIk, Bizi Berri 3 planean ezarrita dagoen bezala, ordutegiekin eta edukierekin lotutako neurri berriak aplikatu ditu ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren sektoreetan, kultura eta kirol ekitaldietan, bai eta beste modulazio orokorrago batzuk ere, besteak beste ostalaritza establezimenduetan mahai bakoitzeko muga lau lagunetik seira handitzea, bai barruan zein terrazan.

Dekretuan jasotako neurriak gaur, larunbata, jarriko dira indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratzen denean, eta 15-20 eguneko epean berrikusiko dira:

- Jarduerak ixteko ordutegia goizaldeko 02: 00ak arte luzatuko da. Oro har, edukiera-muga %60koa izango da, bai gizarte eta kultura ekitaldietarako, bai gurtza zentroetarako.

- Edozein gizarte, kultura edo kirol ekitalditarako, gehienez 600 pertsona egongo dira barruan eta 800 kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, maximoa 800 pertsonara zabaltzen da barnealdean eta 1.200 pertsonara kanpoan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten instalazioetan, gehieneko edukiera %30ekoa izango da.

- Ostalaritzan %50eko edukiera mantenduko da barrualdeetan, eta barran edo zutik kontsumitzeko debekua. Zerbitzuaren antolaketa, barrualdeetan zein terrazetan, mahai bakoitzeko sei lagunekoa izan daiteke. Baldintza horiek berak betetzen dituzte joko eta apustu establezimenduek.

- Txokoak eta elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira, ostalaritzakoekin parekatu daitezkeen arau batzuen arabera: % 50eko edukiera-muga eta goizeko 9:00etatik goizaldeko 02:00etara irekitzeko ordutegia. Egindako mahai-erreserben eguneroko erregistroa izan beharko dute.

- Aire zabalean egiten diren museoetara, erakusketetara, natura-turismoetara edo turismo-zentroetara egiten diren bisitetan, gehienez ere 20 pertsona izango dira, eta barnealdean 10 pertsona.

- Barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsonako taldetan egituratu ahal izango da. Aldageletako edukiera %50era arte zabaltzen da. Eskola-kiroleko lehiaketa antolatzen da udako txapelketetarako.