Boluntariotza.eus webgune berriak Euskadiko boluntariotzako baliabideen katalogoa eskura izatea erraztuko du

boluntariotza.jpg

2021-05-16

Vitoria-Gasteiz, 2021/05/16

Batekin, Bolunta eta Gizalde boluntario-agentziekin elkarlanean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak www.boluntariotza.eus webgunea garatu du, herritarrek eskurago izan ditzaten Euskadin egiten diren boluntariotzako programak.

Tresna telematiko berriaren bidez edonork lortu ahal izango du, erraz eta intuizioz, sektoreko erakundeei buruzko informazioa. Horrela, erakunde jakin bati buruzko fitxan klikatuz, besteak beste, erakundearen kokapena, gauzatzen dituen programen deskribapena, lan-esparrua, harremanetarako datuak eta ordutegiak ikusi ahal izango dira.  

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiaren esanetan, “boluntariotza-sareko baliabide guztiak boluntarioak diren edo izan nahi duten pertsonen zerbitzura daude”.

Boluntariotzaren webgune berriaren bidez erakundeen bilaketa geolokalizatuak egin ahal izango dira, eta erakundeak jarduera-esparruaren arabera ere hautatu ahal izango dira.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen egoerari buruz 2019ko Barometroan agerian jarritako azken zifren arabera, 38.525 profesional eta 158.599 boluntarioa biltzen dituzten 3.938 erakunde daude.

Erakunde guztien % 57k Bizkaian dute egoitza nagusia (2.246), % 28,7 Gipuzkoan daude (1.130) eta % 14,3 Araban (562). Azken barometroaren arabera, erakundeen % 87,9tan boluntarioak dira erakundea osatzen duten pertsonen erdia edo gehiago. Berez, erakundeen % 42,8 boluntarioek bakarrik osatzen dituzte.