Biztanleriaren % 62k baino gehiagok gutxienez dosi bat jaso du

2021-06-21

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Onda Vascako "Euskadi Hoy" saioan. Bertan nabarmendu du Euskadiko biztanleriaren % 62k baino gehiagok gutxienez dosi bat jaso duela, eta % 41ak baino gehiagok jarraibide osoa duela. Sailburuak txertaketaren garrantzia gogorarazi du, eta gure oporraldia eta txertaketa-prozesua uztartzeko moduko ezagutza dugula adierazi du. "Nik argi daukat zer lehenetsiko nukeen, txertaketa lehenetsiko nuke", azpimarratu du.

Nerabeen txertaketari buruz galdetuta, Sagarduik esan du datorren ikasturtea "eskola-eremuan defentsak sortuta" hasteko aukera planteatu dela; izan ere, talde horrek mugikortasun eta interakzio sozial handia du, eta metatutako eragina, une honetan, handia da adin-talde horietan.

Osasun sailburuak esan du etengabe hobera egiten ari garela, eta hori "itxaropenerako arrazoi bat" dela, baina gogorarazi du oraindik urrun gaudela 14 egunetan 100.000 biztanleko 60 kasuren intzidentzia metatuko helburutik.

Kanpoaldean maskara nahitaez erabili behar ez izateari dagokionez, Sagardui sailburuak azpimarratu du maskaren erabilera lasaitzeak ez duela esan nahi pandemia amaitu denik eta beharrezkoa dela prebentzioari eustea. Gainera, maskara kanpoan ez erabiltzea baldintza jakin batzuen mende egongo dela zehaztu du, besteak beste, jendea pilaketak eta kutsatzeko arriskua. "Goazen urratsez urrats. Herritar guztiak normaltasunik handienean bizi ahal izatea gustatuko litzaidake, baina ez dezagun ahaztu pandemian gaudela oraindik ", gaineratu du.

Aurrez aurreko arretari dagokionez, Osasuneko sailburuak adierazi du ospitaleetako ohiko jardueraren zati handi bat berreskuratu dela eta pixkanaka osasun-zentroetan ere ari direla. "Egoerak hobera egin ahala, aurrez aurreko arreta gehiago eskaintzeko gai izango gara", adierazi du. Gotzone Sagarduik azaldu duenez, gaixoaren eta osasun arloko profesionalaren arteko interakzioa ezinbestekoa da osasun arretan, "baina telefono bidezko kontsultak ireki dizkigun aukerak ere kontuan hartu behar ditugu", gaineratu du.