Biodonostia-Osakidetzak osasun ikerketarako institutuaren akreditazioa berritu du, Estatuko ikerketa biomedikoaren elitean jarraitzeko

2021-07-16

Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuak datozen 5 urtetarako berritu du osasun-ikerketako institutuaren akreditazioa, Carlos III.a Osasun Institutuaren (ISCIII) eskutik. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du bere gobernuak interesa duela ikerketa biomedikoarekiko, eta BioDonostia OIIk ikerketaren eta transferentziaren arloan egindako lana aitortu du.

Osakidetzaren Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuak arrakastaz gainditu du Carlos III.a Osasun Institutuak egindako auditoretza. Bertan, Biodonostiak azken 5 urteetan egin duen ikerketa- eta berrikuntza-lana ebaluatu da. ISCIIren Ebaluazio Batzordeak, Raquel Yotti presidentea buru dela, aho batez aitortu du Institutuaren finkatze-ibilbidea, eta Eusko Jaurlaritzaren babes instituzionala nabarmendu du. Halaber, indargune gisa aipatu da Institutuak ekoizpen-sektorearekin duen lankidetza irmoa. Lankidetza hori BioDonostiaren ezaugarri bereizgarria da eta balio nabarmena ematen dio, industria-inguruneak Institutuan duen parte-hartzeak eta berrikuntzarekiko orientazioak adierazten duten bezala. Hobetzeko alderdien artean eta belaunaldi-aldaketa errazte aldera, sustatu beharrekotzat jo dira UPV/EHUrekiko lankidetza eta Biodonostiako ikertzaileek gidatutako doktorego-programen garapena.

Akreditazioaren azterketa hiru jardunaldi trinkotan egiten da. Bertan, irakaskuntzaren, zientziaren, langileen eta ekonomiaren jarraipen-alderdiak ebaluatzen dira. Horiek guztiak emaitza bikainekin gainditu ditu Biodonostiak. Institutu horrek lortu duen akreditazioak bere lanaren aintzatespena adierazten du, eta bultzada bat emango dio 2021-2025 Plan Estrategiko berriaren baitan hasiko duen etapa berriari, zeinaren oinarrian egongo baita Ikerketa Traslazionalaren, Berrikuntza eta Medikuntza Teknologikoaren, Nazioartekotzaren eta Kudeaketa eta Azpiegituren ardatz estrategikoak garatzea, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak bultzatzeko, ZTBESko beste eragile batzuen eta enpresen lankidetzarekin.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eskerrak eman dizkie Institutuko Zuzendaritzari, ikertzaileei, plataforma zientifiko-teknologikoetako langileei eta kudeaketa arloetako langileei, ISCIIIren auditoria zorrotza gainditzeko egin duten ahaleginagatik eta erakutsi duten konpromisoagatik.

BERRAKREDITAZIO SISTEMA

Institutuaren berrakreditazioa beharrezko prozesua da osasun-ikerketako institutuen eliteko kide izaten jarraitzeko; izan ere, akreditazio hori jasotzen duten institutuei osasun-ikerketaren eta -berrikuntzaren bikaintasuna aitortzen zaie Estatu mailan. Osasun Ikerketako Institutuen eginkizun nagusia kalitate goreneko ikerketa traslazionala egitea da, oinarrizko ikerketaren, ikerketa klinikoaren, epidemiologikoaren eta osasun publikoko ikerketaren emaitzak Osasun Sistemara, pazientera eta, oro har, gizartera itzuliz. Azken batean, helburua da ikerketa biomedikotik sortutako ezagutzak gaixotasunen tratamendua eta prebentzioa ekartzea, bai eta herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea ere.

Eredu hori hainbat herrialdetan kontrastatuta dago, baliabideak optimizatzeko aukera ematen duen eta finantzatutako ikerketen bikaintasun gorena bermatzen duen formula gisa. Gaur egun, 32 erakundek osatzen dute Ikerketa Institutu Akreditatuen Estatuko sarea.

BIODONOSTIA

Osakidetzak eta BIOEFek 2008an sinatutako hitzarmenaren bidez Institutu hau sortu zenetik, Eusko Jaurlaritzaren helburua izan da osasun-arloko ikerketa sustatzea, ospitaleetan aplika dadin, bai eta ikerketa- eta berrikuntza-lana bultzatzea ere.

Carlos III.a Osasun Institutuak 2011n eman zion BioDonostiari Osasun Ikerketako Institutuaren akreditazioa, eta horrela Estatuan akreditatutako Osasun Institutuen elitean sartzea lortu zuen. Bestalde, hori lortu zuen Euskadiko Osasun Ikerketako lehen Institutua izan zen. Lehenengo berrakreditazioa 2016an lortu zuen.

BioDonostia OIIk pazienteei zuzendutako ikerketa traslazionala sustatzen du batez ere; Gipuzkoako lurralde historikoan Osakidetzaren esparruan egiten den ikerketa guztiari estaldura ematen dio, eta erakunde anitzeko eta diziplina arteko lankidetza-egituraren bidez herritarren osasuna hobetzea du helburu. Institutuaren nukleoa Donostialdeko ESIa da (Erakunde Sanitario Integratua), eta haren erreferentzia-eremua Gipuzkoako ESIak dira: Bidasoko, Dabebarreneko, Debagoieneko, Goierri-Urala Garaiko eta Tolosaldeko ESIak.

BioDonostia OIIko ikerketaren antolakuntzak 7 ikerketa-arlo bertikal eta zeharkako 3 ikerketa-arlo ditu, eta 350 ikertzaile inguru aritzen dira 26 taldetan banatuta. Aurrerapen zientifikoak bultzatze aldera, Biodonostia OIIk osaera berezi bat ezartzea lortu du, gainerako institutuetatik bereizten duena, Gipuzkoako eragile teknologiko garrantzitsuenak integratuz.

BioDonostiak, gaur egun, 241 ikerketa-proiektu aktibo ditu eta osasuna hobetzearekin lotutako 334 saiakuntza eta azterlan klinikotan lan egiten du; bestalde, 2020an 503 argitalpen zientifiko egin zituen.

Institutuak nazioarte mailan erreferentziazko zentroa izan nahi du osasun-ikerkuntzan, eta lehentasuna ematen dio teknologia mediko eta sanitarioen berrikuntzari, sistemaren iraunkortasunean aurrera egiteko. Horregatik, plataforma nazionaletan (ISCIIIren ITEMAS eta SCR) zein nazioartekoetan (EATRIS plataforma europarrean) parte hartzen du.