Bildarratzek Lanbide Heziketako eskola-ontzia bisitatu du, propultsio elektriko bidezko bakarra Estatuan

2021-10-08

  • Ortze eskola-ontziak soluzio hibrido elektriko entxufagarria dauka, proiektuko lider Ingeteamek garatua, beste euskal enpresa eta ikerketa-erakunde batzuekin osatutako partzuergoan

  • Pasaiako Blas de Lezo Itsas Arrantzako LHIIren Ortze eskola-ontzia 19 metro luze da. Itsasoa eta Arrantza arloko zikloak ikasten dituzten Lanbide Heziketako ikasleek ontzi honetan egiten dituzte praktikak, eta, etorkizunean, Elektrizitatea eta Elektronika, Energia Berriztagarriak eta Instalatze eta Mantentze Lanak zikloak egiten dituzten ikasleek ere egin ahal izango dituzte.

  • Modu elektriko hutsean zero emisioko nabigazio isila ahalbidetzen duen ontzia Ramón de la Sota kaian lotuta egongo da, Itsasmuseumaren aurrean, eta edonork bisitatu ahal izango du.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak Ortze Lanbide Heziketako eskola-ontzia bisitatu dute gaur goizean Bilbon. Alberto Fernandez Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak ere parte hartu du ekitaldian. Ontzia eraldatzeko eta elektrifikatzeko Ortze-CV proiektuan parte hartu duten enpresetako arduradunekin egin dute bisita. Ontzia Bilbon amarratuta egongo da egun hauetan, eta edonork bisitatu ahal izango du.

Ortze eskola-ontziak propultsio hibrido elektriko entxufagarriko soluzio bat estreinatu du. Soluzio hori zenbait enpresak eta ikerketa-erakundek osatutako euskal partzuergo batek (Ingeteam buru duenak) oso-osorik garatu duen I+Gko lanaren emaitza da. Asmo eta ilusio handiko ikerketa-lan horren emaitza da Ortze ontziaren eraldaketa. Txertatu zaizkion soluzio teknologikoei esker, ontzi honek ekosistemetan ahalik eta inpakturik txikiena eraginez burutzen du kostaldeko bere jarduera:

  • Zero emisio eta nabigazio isila, modu elektriko hutsean.
  • Emisio-murrizketa eta % 25eko kontsumo-murrizketa, modu hibridoan.
  • Ingurunea errespetatzen duen nabigazioa, batez ere itsasertzean, portuetan eta zona babestuetan.

Ontziaren eraldaketa eta elektrifikazioa Ortze-CV proiektuaren bidez egin da. 2017an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren enpresen I+Gari laguntzeko programari esker, 14 eta 30 metro bitarteko luzera duten ontzietarako energia-efizientzia handiko soluzioak eta emisioak (gas kutsagarriak zein akustikoak) murrizteko soluzioak ikertu eta garatu ahal izan ziren.

Proiektua garatzeko, euskal enpresen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikerketa-erakundeen arteko partzuergo bat sortu zen —guztiek dute egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan—.Ortze-CV partzuergoa enpresa eta erakunde hauek osatzen dute: Ingeteam, partzuergoko burua; Indar; SRV-Group; Lasanaval; Ormazabal; Euskal Herriko Itsas Foroa; Azti; UPV/EHU, Plentziako Itsas Estazioaren bidez eta Ingeniaritza Eskolaren bidez; Mondragon Unibertsitatea; eta Pasaiako Blas de Lezo Itsas Arrantzako LHII.  

Ontzia eraldatu ostean, txertatu zaion teknologia berriak aukera ematen du Lanbide Heziketako ikasleekin beste prestakuntza-ekintza edo -plan batzuk egiteko. Blas de Lezo Itsas Arrantzako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan Itsasoa eta Arrantza arloko zikloak ikasten dituzten ikasleek ontzi honetan egiten dituzte praktikak. Orain, Lanbide Heziketako beste lanbide-arlo batzuetako ikasleen prestakuntza-ekintzetarako ere zabaltzen da ontzia; lanbide-arlo horien artean daude: Elektrizitatea eta Elektronika; Energia Berriztagarriak; eta Instalatze eta Mantentze Lanak.

Ortze, jasangarritasunaren bidean doan ontzia

Ortze ontziak teknologia berriak jaso ditu. Etorkizun hurbilean, teknologia horiek garraioaren sektoreko aplikazio askotan erabiliko dira, garraiobideak gero eta elektrifikatuago baitaude, baita itsasokoak ere.

Ortze-CV proiektuan parte hartzearekin, Blas de Lezo Itsas Arrantza LHII-ko ontziak atzean utzi du jatorrizko propultsio-sistema: 800 CV-ko diesel-motorra. Horren ordez, 450 KW-ra arteko potentzia eta 1.800 rpm-ra arteko abiadura duen motor elektriko bat du, propultsio-helize nagusia mugiarazten duena. Sistema hori elikatzen dute energia elektrikoa biltegiratzeaz arduratzen diren litio-ion motako bi bateria multzok; multzo horietako bakoitzak 100kWh-ko potentzia du (200kWh guztira). Era berean, 325 kVA-ko potentziako sorkuntza multzo diesel osagarri bat du.

Soluzio berri horri esker, ontziak hainbat modutan nabiga dezake:

  • Modu elektriko hutsean, zero emisiorekin: bateriek hornitzen dute beharrezkoa den potentzia elektrikoa. Sorkuntza multzo diesela itzalita doa. Modu horretan 12 miliatara arte nabiga dezake 5 korapiloko abiaduran, baldin eta bateriak guztiz kargatuta abiatzen bada. Zero emisioko nabigazio modu hori erabiltzen da, batez ere, portuetako sarrera eta irteeretan, 12 milia baino gutxiagoko kostaldeko ibilbideetan —abiadura txikian nabigatu behar denean—, ingurune babestuetako nabigazioan eta 6 korapilotik beherako abiaduran egin beharreko jarduera berezietan. Gainera, nabigazio modu isila da.
  • Modu hibridoan: behar den potentzia elektrikoa bateria multzoetatik nahiz diesel sorkuntza multzo osagarritik hornitu daiteke. Diesel multzoak ontzian dauden bateriak ere kargatu ditzake, eta energia kantitate bat biltegiratzea bermatzen du; hartara, diesel multzoak huts egiten badu, portura modu seguruan eta 5 korapiloko abiaduran itzultzeko behar besteko energia kantitatea izango luke. Nabigazio modu hori erabiliko da kostaldeko 6 milietatik aurrera eta eremu babestuetatik urrun. Modu horretan nabigatzean ontziak autonomia handia izango du, eta 11 korapiloko abiadura har dezake. Nabigazio modu hibrido horretan, erregaia aurreztuko da eta emisioak murriztuko dira, % 25era arte.

Ontzia amarratuta dagoenean, portuko sare elektrikora konekta daiteke, bateriak karga daitezen.