Bilbon atxilotu dute farmazia batetik krema bat lapurtzeagatik

korrika3.jpg

2021-01-26

Ertzainek 32 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo eguerdian Bizkaiko hiriburuan, ebasketa-delitu arina eta mehatxu egitea leporatuta. Susmagarriak, dirudienez, Artekale kaleko farmazia batean sartu eta krema bat hartu zuen erakustegi batetik, eta, ondoren, ihes egin zuen saltokiaren arduradun bat atzetik zuela. Handik laster atzeman zuten ustezko lapurra ihesaren lekuko izan ziren hiritar batek eta zerbitzuz kanpo zegoen agente batek, eta polizia-patruila iritsi arte atxiki zuten susmagarria.

Atzo eguerdiko hamabi eta erdiak aldera, Ertzaintzak zerbitzuz kanpo zegoen ertzain baten deia jaso zuen, Artekale kaleko farmazia batetik ustez produktu bat lapurtu berri zuen gizonezko bat atxikita zutela eta patruila bat bertara joatea behar zutela esanez.

Patruila laster agertu zen, eta agenteak berriemailearekin eta farmaziaren arduradunarekin harremanetan jarri ziren. Hauek farmazian gertutakoaren berri eman zioten eta ihesaren lekuko izan ziren langile batek eta zerbitzuz kanpo zegoen agenteak susmagarria nola atzeman zuten azaldu zioten.

Bestalde, zerbitzuz kanpo zegoen agenteak ertzainei esan zien atzeman zutenean ustezko lapurrak mehatxatu egin zuela, eta salaketa jartzea pentsatzen zuela, beraz.  

Gertaera horien aurrean, agenteek 32 urteko susmagarria identifikatu zuten, eta beharrezko frogaketak egin ondoren, atxilotu egin zuten ebasketa-delitu arina eta mehatxu egitea leporatuta. Gero polizia-egoitzara eraman zuten.