Bilbo estatuko hiririk seguruenetako bat da, eta seguruena deliturik larrienei dagokienez

rdp_memoria_delicuencial_bilbao__1_.jpg

2021-04-16

  • Osasun-egoerak eta pandemiaren eragina geldiarazteko ezarritako neurriek baldintzatuta, 2020an % 22,95eko jaitsiera izan zen arau-hauste penalen guztizko kopuruan, 2019arekiko
  • Bilbok delitu-jaitsiera nabarmena izan zuen martxotik aurrera, eta igoera txikia izan zuen maiatzean; urteko azken hilabeteetan egonkortu egin zen
  • Ia delitu-mota guztiek beherakada izan zuten: jaitsiera txikigoak izan ziren, adibidez, % 8,61koa Familia-Eremuko Tratu Txar Arruntekin lotutako delituetan, eta jaitsiera nabarmenak, % 47,11koak, etxeetako indarrezko lapurretetan
  • Bilbok Estatuko hiririk seguruenetako bat izaten jarraitzen du, bere kabuz, eta bere hiri-eremu funtzionaletan. Eta seguruena, ebasketen kopurua kentzen badugu delituen kopurutik
  • Koordinazioa eta prebentzio aktiboa dira oraindik ere Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren estrategia bateratuaren oinarriak, gure urian beherantz doan delitu-joera sendotzeko eta herritarren artean segurtasun-pertzepzioa handitzeko

Bilbo, 2020an, Estatuko hiririk seguruenetako bat da –berez eta bere erreferentziazko populazio-esparru guztietan–; seguruena, ebasketak kontuan hartzen ez baditugu eta delitu larrienei eta gizarte-alarma handiena eragiten duten delituei erreparatzen badiegu.

Delituen tasa % 22,95 jaitsi zen, aurreko urteko datuekin alderatuta. Izan ere, 2019an 28.858 delitu gertatu zirela jasota dago eta 2020an, ordea, 22.234. Hala ondorioztatzen da Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak batera egindako delitu estrategikoen azterketatik.

Azterketa horrek adierazten du iaz ia delitu-modalitate guztiak jaitsi zirela urian, batez ere ondarearen aurkako delituak eta pertsonen aurkako delituak. Jaitsiera hori, gainera, uriko zortzi barrutietatik zazpitan gertatu zen, Errekalden izan ezik, han pixka bat handitu baitzen.

2020. urtean ez zaio “delitu-eredu tradizionalari” jarraitu. Eredu horretan, zenbait faktore zirkunstantzialek, denborazkoek eta ingurumenekoek eragina zuten datuetan, hala nola asteko egunak, jaiegunak, urtaroak edo ekitaldien ospakizunak. Baina martxoaren 14tik aurrera, behin alarma-egoera onartuta, delituen arloan izandako aldaketak COVID-19aren pandemiak eragindako ondorioen zuzeneko ondorio izan dira.

Hala, bada, iaz, delitu-moten bilakaeran eragin nabarmena izan dute osasun-egoerak eta hiletan zehar COVIDaren aurka ezarritako arauek eta horien eguneratzeek. Alde horretatik, Bilbon delitu-jaitsiera nabarmena izan zen martxotik aurrera, konfinamenduaren ondorioz, eta goraldi txiki bat hasi zen maiatzean, eta urteko azken hilabeteetan egonkortu egin zen.

Konfinamendu garaian, adibidez, etxebizitzako lapurretak ia 0 izan ziren, eta, oro har, indarkeria eta larderia bidezko erasoak eta lapurretak ez ziren behin ere pandemia aurreko balioetara iritsi, ezta azken hilabeteetan ere, seguruenik gaueko bizimodua murriztu izanaren ondorioz.

  • Pertsonen Aurkako Delituak: Atal honetako tipologiei dagokienez, ikusten dugu etxeetan egin ohi diren arau-hausteak, hala nola, Familiako Ohiko Tratu Txarrak, mantendu egin zirela denboran zehar eta apur bat, % 8,61, jaitsi direla.

Aitzitik, Sexu-erasoen eta Sexu-Askatasunaren Aurkako beste arau-hauste batzuen kasuek jaitsiera handiagoa izan dute, % 39,66ekoa eta % 38,66 ekoa hurrenez hurren.

  • Ondarearen Aurkako Delituak: Indarkeria eta/edo Larderia Erabiliz Egindako Lapurretak % 40,9 gutxitu dira 2019koekin alderatuta, ordutegi- eta mugikortasun-murrizketen ondorioz.

Aipatzekoa da beherakada, Etxeetako Lapurretak % 47,11koa izan dela. Merkataritza-establezimenduetako Lapurretak % 26 eta Ebasketak % 40,94 jaitsi dira; 2019an 15.246 ebasketa egin ziren eta 2020an, 9.004. Ordutegi- eta mugikortasun-murrizketek eragindako jaitsierak, hain zuzen ere, aukera handiagoa dagoelako egileak atzemateko.

  • Segurtasun Kolektiboaren Aurkako Delituak (Droga Trafikoa): Era horretako delituen datuak dira konfinamendu-hilabeteetan gehikuntza izan duten bakarrak. Urteko osoko datuak gutxiago aldatu dira 2019koekin alderatuta –%7,41eko jaitzieraz ari gara–. Arrazoi nagusia izan daiteke delitu horiek ikusgarritasun handiagoa izatea, kaleetan jende gutxiago ibili delako edo ez delako jenderik ibili.

BILAKAERA HIRUHILEKOEN ARABERA

2019ko eta 2020ko lehen hiruhilekoetan erregistratutako datuak alderatuz gero –pandemiaren ondoriozko murrizketek martxoko azken bi asteetan baino ez dute eragiten-bi urteak oso antzekoak dira, eta delitu-kopurua % 2 jaitsi da.

COVID-19aren efektua martxotik aurrera hasten da nabaritzen, hilabete horretan zifrak nabarmen jaisten baitira, eta hortik aurrera, behin ere ez dira iristen 2019an erregistratutako mailetara, ezta neurriak nolabait erlaxatu ziren hilabeteetan ere.

  • Urteko bigarren hiruhilekoan, neurri zorrotzenen indarraldiarekin batera, delitu kopurua % 43 jaitsi da 2019ko aldi berarekin alderatuta.

Hortik aurrera, etxeko konfinamenduaren amaierarekin eta “normaltasun berria”rekin -hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan- egonkortu egin da arau-hauste penalen beherakada, % 22koa eta % 23koa, hurrenez hurren, aurreko urtekoekin alderatuta.

DELITUAK, BARRUTIAREN ARABERA

Barrutien araberako balantzearen arabera, delituek behera egin zuten 2020an zortzi barrutietatik zazpitan.

Delitu-jardueraren jaitsiera hori gehien igarri zen joan-etorrian jende gehien ibiltzen den barrutietan. Zehatz esateko, 6. Barrutian, Abandon, (-% 31), 5. Barrutian, Ibaiondon ( -% 29) eta 8. Barrutian, Basurtu-Zorrotzan (-% 25,3).

4. Barrutian, Begoñan, jaitsiera % 17,8koa izan zen; 3. Barrutian, Otxarkoaga-Txurdinagan, % 11koa; 2. Barrutian, Uribarrin, % 5,1ekoa eta 1. Barrutian, Deustun, % 2,6koa.

Aitzitik, igoera txiki bat izan zen 7. Barrutian, Errekalden, % 3,2koa, 2019arekiko.

HIRI-EREMU FUNTZIONALAK

Bilbo Euskadiko hiririk seguruena da eta Estatuko seguruenetako bat, bere kabuz eta jendea bizi den eremu desberdinetan - hiri-eremu funtzionalak (AUF).

Udalerriko delituen nondik norakoak modu fidelean jasotzeko eta hiri batzuen eta besteen arteko datuak konparatzeko, hiri bakoitzaren metropoli-eremuak hartzen dira erreferentzia gisa. Hori kontuan hartuta, AUFen hiru sailkapen egiten dira, biztanleria-bolumenaren arabera: 1 milioi, 500.000 eta 300.000 biztanle, hurrenez hurren. Eta, horietako bakoitzean, delitu ezagunen guztirakoa eta ebasketarik gabeko delituen guztirakoa bereizten dira, delitu estrategikoen bilakaeraren ikuspegi garbiagoa izateko.

Gainerako AUFekiko alderaketan sakonduz, Bilbo beti dago posturik onenean delitu larrienei eta gizartean alarma handiena sortzen duten delituei dagokienez, hau da, ebasketarik gabeko delituei dagokienez. Eta biztanle gutxiagoko udalerriekin alderatzean eta delituen guztizkoari erreparatzean bakarrik aldatzen da Bilboren lekua, baina beti dago hiru onenen artean.

Milioi bat biztanle baino gehiagoko hiriguneei dagokienez, Bilbok aurreko urteetako joerari eutsi dio, eta lehen postua lortu du, bai ebasketarik gabeko delituetan, bai ebasketa bidezko delituetan. Azken kasu horretan, delitu-tasa jaitsi ere egin da: 2019an 1.000 biztanleko 22,09 delitu izatetik 1.000 biztanleko 16,52 delitu izatera pasatu da.

500.000 biztanletik gorako hiri-eremuei dagokienez, Bilbo eta haren ingurua hobetu egin dira, laugarren postutik bigarrenera. Balantzeak, ebasketak alde batera utzita, gure hiria eta AUF-a lehen postuan jartzen ditu.

Azkenik, 300.000 biztanletik gorako AUFetan, Bilbo 7. postuan zegoen 2019an, delitu guztien kopurua erreferentziatzat hartuta. Hirugarren posturaino heldu da Bilbo 2020an, Donostia zazpigarren postuan dago, Gasteiz 19. lekuan eta Iruña 14.ean.

Ebasketarik gabeko delituei erreparatzen badiegu, Bilbo da Estatuko hiririk seguruena biztanle-kopuru horretako hirien artean.

ESTRATEGIA BATERATUA: PREBENTZIOA, KOORDINAZIOA, INFORMAZIOA ETA ANALISIA

Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren estrategia bateratua funtsezko bi premisatan oinarritzen da: poliziaren koordinazioa eta delituen prebentzioa.

Bi polizia-kidegoen helburu nagusietako batzuk izan dira patruilen lana indartzen jarraitzea auzoetan, bai autoz, bai oinez, herritarren segurtasunaren pertzepzioa areagotzeko eta herritarrek segurtasunaren arloan dituzten beharrei erantzuteko; eta giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak hobeto aprobetxatzea.

Behar den tokian eta unean egotea, eguneroko jardunean polizia-kopurua egokituz, laguntza, ikerketa eta patruilatze lanak koordinatzeko lankidetza indartuz, horiek ere poliziaren estrategiaren parte dira. Koordinazioa eta egokitzapena inoiz baino beharrezkoagoa izan da 2020an, iaz Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak etengabe aldatzen ari den araudia barneratu, instrumentalizatu eta betetzen dela zaindu behar izan baitute.

Delituen prebentzio aktiboan ere jarri da arreta, kalean ikus daitezkeen jardueren bidez eta herritarrekin hitz eginez. Azpimarratzekoa da 2020an amaitu zela hiriko segurtasunaren arloko hamalau auzo-tailerrak abian jartzeko prozesua. Bilboko Segurtasunaren aldeko Itunaren barruko konpromisoa, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek aho batez sinatu eta babestutakoa.

Prebentzio aktibo hori adimen eta ikerketa kriminal eraginkorrak babesten du. Horren adibide dira Agintaritza Judizialaren esku jarritako atxilotu eta ikertuen kopuruak. Horiek horrela, 2020ko kopuruak 2019koak baino pixka bat beherago daude. Iaz, zehatz esateko, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 2.718 pertsona atxilotu zituzten Bilbon, eta 2019an 2.782 pertsona.