Biktimen elkarteek aitorpenaren eta erreparazioaren arloan eman beharreko urratsei buruzko dokumentua adostu dute

2021-03-10

  • Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluan eginiko hiru urteko lanaren emaitza da
  • Lehendakariak esan duenaren arabera, “balio erantsi bereziko ekarpena da, garatu behar ditugun politika publikoak hobetzeko”

Iñigo Urkullu Lehendakariak, biharko –martxoaren 11ko– Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren ospakizunaren esparruan, biktimen elkarteek Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluan adostutako dokumentua jaso du. Honako izen hau du dokumentuak: Terrorismoaren biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako eman beharreko urratsak, bai eta biktima horiek hezkuntza-planoan eta iraganari buruzko hausnarketa kritikoaren prozesuetan eta, oro har, desberdinen arteko elkarrizketan egiten duten ekarpena hobetzeko eta hura eraginkorragoa izateko ere.

Dokumentua zenbait biktimen elkartek eta Euskadiko erakundeek adostu dute, eta terrorismoaren biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako hartu beharreko neurri zehatzak proposatzen ditu, bai eta biktima horiek hezkuntza-planoan eta iraganari buruzko hausnarketa kritikoaren prozesuetan eta, oro har, desberdinen arteko elkarrizketan egiten duten ekarpena hobetzeko eta hura eraginkorragoa izateko neurriak ere.

Dokumentua hiru urtez –2017aren eta 2020aren artean– eginiko lanaren emaitza da, eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez sortu zen. Dokumentua prestatzeko, Partaidetzarako Kontseiluko kide guztiek dokumentuan jasotzen diren lau gaien inguruko oinarrizko dokumentuen inguruan lan egin zuten:

  • Terrorismoaren biktimen aitorpena eta erreparazioa
  • Biktimen hezkuntza-ekarpena
  • Biktimak eta iraganari buruzko hausnarketa kritikoko prozesuak
  • Biktimak eta desberdinen arteko elkarrizketa-prozesuak

Lehendakaria, gaur, Lehendakaritzan, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren ezohiko bilerako buru izan da, eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta José Luis de la Cuesta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilu horretako presidentearekin batera egon da.

Urkulluk Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren lan “handiaren, diskretuaren eta emankorraren” balioa nabarmendu du; izan ere, gaur aurkeztutako dokumentua hausnarketa- eta eztabaida-prozesu luzearen emaitza da, “balio erantsi bereziko ekarpena, legealdi honetan elkarrekin garatu behar ditugun politika publikoak hobetzeko”, esan du Lehendakariak.

“Gaur, egun berezi horren bezperan, gure konpromisoa berretsi nahi dugu: biktimak subjektu aktiboak zarete bizikidetzaren eraikuntzan”

Dokumentuak ETAko eta antzeko beste erakunde batzuetako, GALeko, BVEko eta GAEko eta antzeko erakundeetako biktimez dihardu. Hori dela eta, Lehendakariak nabarmendu duenez, “biktima guztiek, parekatzerik gabe, bazterketarik gabe, egiarako eskubide besterenezina dute”. “ Biktima guztiek dute memoriarako, aitorpenerako, erreparaziorako eta justiziarako eskubidea”.

“Bide horretan, biktimarioek ere erantzukizun bat dute: eragindako kaltearen bidegabekeria aitortzea. Iraganari buruzko hausnarketa kritikoa behar da, termino etikoetan: bidegabea izan zen”, esan du Urkulluk.

Dokumentua

Idatzian, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak balorazio positiboa egiten du terrorismoaren biktimen errekonozimenduaren eta erreparazioaren arloan egindakoari buruz, nahiz eta gabeziak izan, eta zeregin horretan jarraitzeko beharra azpimarratzen du.

Biktimen hezkuntza-ekarpenari dagokionez – ondorioen bigarren ardatza –, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua ere bat dator biktimek hezkuntzan dituzten lekukotasunen esperientziaren balorazio positiboarekin, beste esparru batzuetara zabaldu beharko litzatekeela uste baitu.

Era berean, Kontseiluaren iritziz, garrantzitsua da justizia errestauratiboak biktimen eskubideei eman diezaiekeen erantzuna, biktimen eta gizartearen erreparazio-ondorio biziak izan ditzaketen neurri-sortabaten bidez, biktimagileengan eragin nabarmena izateaz gainera.

Azkenik, biktimen eta desberdinen arteko elkarrizketa-prozesuen arloan, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak guztiz bat egiten du bakearen kultura sustatzeko beharrarekin, kultura hori balio-multzo sendo batean eta gatazkak konpontzeko tresna gisa elkarrizketa sustatzean oinarritzen baita.

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko kideak

Dokumentua zenbait erakundek eta biktima-elkartek adostu dute: besteak beste, AVT, COVITE, ZAITU, ASERFAVITE, APAVT, Elkarteen Foroa eta terrorismoaren biktimen inguruan sortutako Euskadiko fundazioak.

Zehazki, honako hauek izan ziren Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren 2020ko abenduaren 16ko bileran –orduan balioztatu zen testua–: José Luis de la Cuesta, UPV/EHUko Zigor Zuzenbideko katedraduna, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidentea den aldetik; José Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Monika Hernando, Biktimen, Giza Eskubideen eta Aniztasuneko zuzendaria; Aintzane Ezenarro, Gogorako zuzendaria; José Ignacio Bañuelos, Hezkuntza Saileko Kabinete eta Komunikazio zuzendaria; Isabel Landa, Berangoko alkatea, EUDELen ordezkari gisa; Marian Sánchez, Kontseiluko idazkari den aldetik; Miguel Folguera, AVT elkartearen ordezkari gisa; Ana Aizpiri, COVITEren ordezkari gisa; Asun Olaeta, ZAITUren ordezkari gisa; Eduardo Mateo, terrorismoaren biktimen inguruan sortutako Euskadiko fundazioen ordezkari gisa; José Agustín Larrínaga, ASERFAVITEren ordezkari gisa; Cristian Esquen, APAVTen ordezkari gisa, eta Carlos Romera, Elkarteen Foroaren ordezkari gisa. Halaber, honako hauek parte hartu zuten, baina hitzarekin baina botorik gabe: Ion Gambra, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusia eta Enrique Ullibarriarana, Eusko Jaurlaritzako Biktimen aholkularia.