Bermeo izango da Blu European Festival jaialdiaren 1. edizioko egoitzetako bat

Puerto_Bermeo_19.jpg

2021-02-23

  • Otsailaren 25etik 28ra Europar Batasunak sustatutako jaialdi honen sei egoitzetako bat izango da itsas hiribildua, Europako arrantza turismoaren eskaintza nazioz gaindikoa dibertsifikatzen laguntzeko.

  • Europak Bermeo aukeratu du ekitaldi honetan Estatua ordezkatzeko Ekitaldi hori aldi berean egingo da Italia, Albania, Grezia, Montenegro eta Portugalgo arrantza herrietan.

Bermeok otsailaren 25etik (osteguna) 28ra (igandea) Blu European Festival jaialdiaren lehen edizioa hartuko duten Europako sei udalerrietako bat da. Europar Batasunak Cosme programaren bidez sustatu eta finantzatutako ekimena da, eta Europako arrantza-turismoaren nazioz gaindiko eskaintzaren ikusgarritasuna areagotzea du helburu.

Proiektuak arrantza-komunitateen kultura-nortasuna zabaldu nahi du produktu tematiko berritzaile baten bidez. Produktu horrek Europako itsas paisaiekin, arrantza-kulturarekin eta arrain-sukaldaritzaren tokiko tradizioekin lotutako jarduera ugari biltzen ditu formatu komun batean.

Bermeorekin batera, Viana do Castelo (Portugal), Gallipoli (Italia), Herceg Novi (Montenegro), Durres (Albania) eta Pyrgos (Grezia) ere aukeratu dituzte.

Bizkaiko udalerrian, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak koordinatuko du ekitaldia. Atunaren kudeaketa iraunkorra baliabide natural gisa lantzen duen elkartea da, eta ekimen honen bidez Bermeoko jarduera sozioekonomikoa ikusarazi nahi du, eta Bermeoko arrantza- eta kontserba-produktuen kalitateari eta itsasoari eta arrantzari lotutako kulturari balioa eman nahi die.

COVID-19ren ondorioz egokitutako programa

Pandemiak eragindako egoera dela eta, jaialdiaren barruko jarduera guztiak online, streaming bidez edo diferituan zabalduko dira.

Blu European Festival Spain ekimenaren barruan egingo diren jardueren artean, jarduera gastronomikoak proiektatuko dira, hala nola atuna eta txakolina uztartzeko saio bat eta Bermeoko atun plater tradizional bat prestatzeko showcooking bat. Halaber, Arrantzaleen Kofradiara bisita birtuala egiteko lekua ere izango da, neskatilen eta baxurako arrantzaren jarduera ezagutzeko, Bermeoko itsas nortasunean murgildu arte, ihes-joko baten bidez. Txikienek itsas mozorroak egiteko tailer batekin ere gozatu ahal izango dute.

Jarduera horiek Bermeo Tuna World Capital elkartearen eta jaialdiko kideen sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dira, baita Blu European Festival jaialdiaren sareen bidez ere.

Bestalde, koronabirusaren intzidentziak ahalbidetzen badu, argazki eta zentzumen erakusketa bat egingo da Bermeoko San Frantzisko Klaustroan, Europa mailako Nazioarteko Blu Memories Lehiaketan parte hartu zuten argazki onenekin.

BTWCz gain, Bermeoko Udalak, Arroyabe, Serrats, Zallo, Cusumano, Isabel eta Campos kontserbagileek, Busturialdeko landa-garapenerako elkarteak, Urremendik eta Bermeoko Arrantzaleen Museoak ere parte hartzen dute BLU European Festival Spain jaialdiaren lehen edizioan.

Bermeo Tuna World Capitali buruz

BTWC elkartearen erronka da atunaren kudeaketa jasangarria maila orokorrean sustatzea, baliabide naturala den heinean, ezagutzaren eta praktika onen lidergoaren bitartez. BTWC-ak zientziaren eta arrantzaren, ezagutzaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatu nahi du, ondare historikoa berreskuratu, kudeatu eta zabalkundea egiteaz gain.

Aliantza publiko-pribatu baten emaitza da, Bermeon, Euskadin eta nazioartean atunaren balio kateko eragile nagusien parte hartzea bilatzeko helburua duena. Gaur egun 31 dira bazkideak: horien artean erauzketa, kontserba eta merkaturatze enpresa ugari daude, baita ere sektoreko elkarteak, AZTI zentro teknologikoa, eta instituzioak: Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.