Behera egin du GIB-aren eta sexu-transmisiozko infekzioen kutsapen-kopuruak, 2020an

CONCONDON_A3_eus_-_Kopia_page-0001.jpg

2021-07-05

Osasun Sailak eta Osakidetzak Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Euskadiko Planaren memoria argitaratu dute, 2020. urtekoa; urtero, memoriak datu epidemiologiko nagusiak eta eremu horretan hartutako neurriak jasotzen ditu. Txosten horren nobedade nagusia da % 28ko beherakada egon dela GIBaren diagnostikoan, eta % 7koa, sexu-transmisiozko infekzioen diagnostikoan; bi beherakada horien motiboa pandemiagatiko konfinamenduan arriskuko sexu-harremanen kopuruan izan den jaitsiera da. Behin-behinekotasun horrek azken urteotako sexu-transmisiozko infekzioen diagnostikoetan egon den goranzko joera aldatu du.

 Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak nabarmendu du datuetan hobekuntza puntuala egon bada ere, ez dela lasaitu behar sexu-transmisiozko infekzioen eta GIBaren inguruko alerta. “Nahiz eta orain Covid-aren munduko pandemiarekin kezkatuta bizi garen, badaude beste infekzio batzuk gure arreta osoa eta eguneroko lana behar dutenak. Sexu-transmisiozko infekzioek gertatzen jarraitzen dute. GIBak jarraitzen du mundu-mailako arazo izaten”, esan du.

 Hori dela eta, arlo honetan prebentzio- eta ekintza-plan espezifikoa du Osakidetzak, eta infekzio horien detekzio goiztiarraren aldeko apustu irmoa areagotzen jarraitzen du Euskadik, GIBarentzako soilik den unitate funtzionala aktibo mantentzen duen Autonomia-erkidego bakarretakoa. Helburua, kaltetuen osasun-pronostikoa hobetzeaz gainera, kaltetuak direla ez dakitenek jakin gabe transmiti dezaten saihestea ere bada.

 2020an, zehazki, honako hauek erregistratu ziren:    

-Herpes genitalaren 158 kasu; alegia, 2019an baino % 39,2 gutxiago. 

- Sifilis goiztiarraren 199 kasu, aurreko urtean baino % 20 gutxiago.  

- Chlamydiaren 679 kasu; 2019an baino % 4,5 gutxiago.

- Eta 479 infekzio gonokoziko; % 16,26ko igoera. 

 GIBa dela eta, Euskadin, iaz, 105 infekzio erregistratu ziren, eta, aurreko urtean, 147; 2018an, 171 eta, 2016an, 158. Horrek esan nahi du 100.000 biztanleko 4,77koa dela tasa, Estatukoa baino 1,17 puntu baxuagoa. % 80 gizonei dagokie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 38,9 urte da. GIBagatiko infekzioa nagusiki sexu-transmiziozko infekzioa da; bertan, gizonekin sexua duten gizonetan transmisioak nagusi izaten jarraitzen du, diagnostiko guztien % 54,3 (% 57,8 2019an); bide heterosexualaren bidezko transmisioa % 35,2 da (% 26,2 2019an). Kasuen % 52,4an (erdia baino gehiago), diagnostiko berantiarra izan zen; alegia, immunitate-sistema oso kaltetuta zegoenean detektatu zuten (350 CD4 zelula baino gutxiago).

 

Osakidetzak erretrobirusen kontrako tratamenduekin eman zien arreta 6.106 pazienteri, 2020an. Tratatutako pertsonen kopurua handitu egin bazen ere, tratamenduen gastua aurreko urtekoa baino % 2,4 baxuagoa izan zen (16.633.787 euro 2020an), medikamentuen kostua jaitsi egin baitzen. Erretrobirusen kontrako tratamendu orokortuak erabateko beherakada dakar hiesa garatzen duen pertsona-kopuruan. 2020an, 1985etik izan den hiesaren kasu berrien zifrarik txikiena diagnostikatu da, 18.

 

Prebentziozko tratamendua

 

Errealitate epidemiologiko horren aurrean, Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmentzen dute nolako beharra dagoen Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Euskadiko Planean aurreikusten diren prebentziozko ekintza-ildo guztiak erabat aktibo mantentzeko eta sustatzeko; haien artean, GIBarekiko esposizio aurreko profilaxiaren programa nabarmendu behar da.  Programa hori 2019ko azaroan jarri zen abian, eta GIBagatiko infekziorako arrisku handiko egoeran dauden pertsona osasuntsuei zuzentzen zaie; pertsona horiei GIBagatiko infekzioaren prebentziozko tratamendua agintzen zaie, enofovir disoproxilo 300 mg + Emtricitabina 200 mg hartzeko. Lehen urtea betetzean egiten den balantzea oso positiboa da; 237 pertsonak hartu dute medikamentu horiekin prebentziozko tratamendua.

 

Abiarazitako prebentziozko neurrien irismena dela eta, atzerapen diagnostikoaren aurka 2020an Euskadiko botiketan egin diren GIBaren 1.043 test lasterren bidez egiten ari den ahalegina nabarmentzen da. Egindako test horietatik guztietatik, 12 positiboak izan ziren (% 1,1). Euskadik 60 botika ditu, hiru lurralde historikoetan banatuta, test anonimoa, zuhurra eta erraza egiteko eta pertsona bat GIBaren eramailea den ala ez ahalik eta lasterren detektatzeko.

 

Osakidetzak, aurrez aurreko kontsulta horiez gainera, gizonekin sexua duten gizonentzako online kontsulta ere badu, eta aukera ematen die sexu-transmiziozko infekzio posible baten sintomei buruzko galderak anonimoki planteatzeko. Tresna oso baliagarria da; 2020an, nabarmen areagotu zen tresna horren erabiltzaile-kopurua, eta, guztira, 208 izan ziren.

  Hezkuntza-eremuan ere indarrean jarraitzen du sexu-harremanei lotutako arrisku posible guztien (GIB/hiesa, sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk eta nahi gabeko haurduntzaren prebentzioa) prebentzioari heltzen dion prebentziozko programak. 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie; azken ikasturtean, ia ehun ikastetxetako 7.800 nerabek parte hartu zuten.

  Azkenik, Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Euskadiko Planak eutsi egiten dio GIBaren eremuan lan egiten duten GKEentzako dirulaguntzen lerroari. 2020an, 15 GKEk 300.000 euro jaso zituzten, guztira. Gotzone Sagardui sailburuak eskerrak eman dizkie, esplizituki, haien sentsibilizazio- eta prebentzio-lanagatik: “haiek gabe, oso zaila izango litzateke kolektibo bereziki kalteberetara jotzeko aukera”. Gobernuz kanpoko erakunde horiek eginiko lanen artean aipatzekoa da 30.000 kit-xiringa baino gehiago banatzen direla; kutsapenak saihesteko prebentziozko lan garrantzitsua.

 Argibide gehiagorako: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osakidetza-es/-/vih-sida/

2020ko memoria:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_osaesk_salud_sex_vih/es_def/adjuntos/Memoria-VIH-2020.pdf

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 5a