Basque Green Deal UPV/EHUko Uda Ikastaroetan

2021-05-27

  • Ihobek eta Uda Ikastaroak fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, datozen bi edizioetarako
  • Jasangarritasunaren inguruko zabalkunde- eta prestakuntza-edukiak eskainiko dira, eta Basque Green Deal-en gai nagusietan jarriko da fokua

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendariak, gaur, hitzarmena sinatu dute, eta, haren bidez, bi erakundeek konpromisoa hartzen dute, jasangarritasunaren inguruko gaien prestakuntzan eta zabalkundean elkarlanean jarduteko. Horrela, Eusko Jaurlaritzak Basque Green Deal ekimenaren berri emateko hartu dituen konpromisoetan aurrera egiten da; ekimen horrek klima-aldaketa leheneratzeko jardueraren ardatz nagusia eratzen du.

Basque Green Dealek, horrez gainera, ingurumen-lidergoa Euskadirako merkatu-aukera bilakatzea ere badu helburu. Programa hori zeharkakoa da, eta, haren jarduketa-arlo nagusien artean, honako hauek ditu: klima-aldaketaren aurkako borroka, trantsizio energetikoa, ekonomia zirkularra, natura-ondarearen kontserbazioa, baliabide naturalen antolamendua eta naturaren kontserbazioa.

UPV/EHUren Udako Ikastaroek, bestalde, Donostia Sustainability Forum antolatzen dute, jasangarritasunaren arloko prestakuntza eta dibulgazioa eskaintzeko. Edizio honetan erronka hauek zehaztu dira: ekosistemak eta baliabide naturalak; osasuna, elikadura eta tokiko garapena; energia, mugikortasuna eta hiriak; enpresa-jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra; eta ingurumen-komunikazioa eta hezkuntza.

Bi ekimen horiek guztiz bat egiten dute antzeko lorpenak lortzearekin, eta, beraz, gaur sinatutako akordioak lankidetza-esparrua ezartzen du, iraunkortasunaren gai nagusietan arreta jartzeko.

Informazio gehiago www.donostiasustainabilityforum.eus webgunean