Artolazabalek iragarri du "laster" jarriko dela abian Barnahus proiektu pilotua, sexu-abusuaren biktima diren adingabeei arreta integrala emateko

2021-10-13

  • Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua da Haur eta Nerabeen Batzorde Iraunkor Sektorialaren bileraren buru. Bilera gaur egin da, Lakuan
  • Haurrak eta Nerabeak Babesteko Euskal Lege berria eta kolektibo horiekiko indarkeriaren aurkako estrategia izan dira jorratutako beste gai batzuk

 

Vitoria-Gasteiz, 2021/10/13

Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektorialak bilera bat egin du gaur Lakuan. Bilera horretan, adingabeak eta nerabeak babestearekin lotutako hainbat gai aztertu dira. Ildo horretatik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek sexu-abusuen biktima diren adingabeei laguntza integrala emateko Barnahus izeneko proiektu pilotua abian jarriko duela iragarri du. Proiektua Islandian jaio zen, eta Save The Childrenen eskutik iritsi da Euskadira.

Haurrak eta Nerabeak Babesteko Euskal Lege berria eta bi kolektibo horiekiko indarkeriaren aurkako euskal estrategia ere landu ditu Batzordeak.

“Save the Children erakundeak eta erakundeetako talde teknikoek urtebete lanean eman ondoren, hilabete barru beste urrats bat emango dugu. Barnahus eredua euskal errealitatera egokitzeko txosten zehatza aurkeztuko dugu jardunaldi tekniko batean, azaroaren erdialdean”, adierazi du sailburuak.

Era berean, azaldu du Barnahus sexu-abusuko delituen biktima diren adingabeei laguntzeko eredu berri bat dela, eta kasu horretan esku hartzen duten sail guztiak, judizialak zein sozio-sanitarioak, leku berean bildu nahi dituela. Horrela, biktimek bizi izan dutenaren lekukotza zehatza eta osoa eman ahal izango dute, polizia-etxe eta ospitaleetatik urrun.

Barnahusen lehen urratsak Haur eta Nerabeentzako Sexu Abusuen Arloko erakundeen arteko eta sailen arteko lantalde tekniko bat elkartzea izan da. Talde horrek Save The Childrenen dinamizazioa dauka, UPV/EHUko Psikologia Fakultatearekin lankidetzan. Talde horrek Justiziako, Talde Psikosozialetako, Osasuneko, Hezkuntzako, Segurtasuneko, Foru Aldundietako Haurren Zuzendaritzetako eta Arartekoaren ordezkariak izan ditu, inplikatutako eragileen ahalik eta ikuspegi gehien izateko, eta, horrela, diagnostiko bat eta kalitate-proposamen batzuk egin ahal izateko, Barnahus eredua Euskadiren ezaugarrietara eta berezitasunetara egokitzeko modurik onena jasotzeko.

Hain zuzen ere, Charo Arranz, Euskadiko GKE horretako lehendakaria, gaurko bileran izan da, eta, sailburuarekin batera, Barnahus ereduaren alde egin du, “ikerketa sakona” egin ondoren, diagnostiko bat egiteko, eta, horren bidez, eredua Euskadin positiboak eta hobekuntza-arloak ezagutzeko.

“Informazio eta gomendio horiek guztiak azaroaren 12an aurkeztuko den txosten baten zati dira, eta bertan izango dira Artolazabal sailburua eta Bragi Gudbrandbrandsson, Barnahus ereduaren sortzailea”, iragarri du Charo Arranzek, sailburuaren hitzak berretsiz.

Lege-aurreproiektua eta estrategia

Barnahusekin batera, Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektorialak Haurrak eta Nerabeak Babesteko Legearen aurreproiektuaren azken xehetasunen berri eman du. Eusko Legebiltzarrera iristeko izapideak laster hasiko dira. Lege honen helburua da adingabeak eskubideen titular gisa onartzeko bidean aurrera egitea, ez bakarrik babesa merezi duten subjektu gisa.

Lege hori ederki uztartzen da bileran aztertu den adingabeen eskubideak babesteko beste tresna batekin: haur eta nerabeentzako indarkeriaren aurkako euskal estrategia. Duela gutxi, kontraste-tailerrak egin dira administrazio publiko, erakunde eta sistema publikoekin. Baita haurtzaroan eta nerabezaroan jarduten duten Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde eta antolakundeekin eta haur eta nerabeen arretan esku hartzen duten lanbide-elkargoekin ere.

EDE Fundazioa, haurtzaroan, nerabezaroan eta gizarte-lanean hainbat hamarkadatako esperientzia eta ezagutza biltzen dituena, funtsezkoa da estrategia hori dinamizatzeko. EDE Fundazioko Aholkularitza eta Ikerketa Sozialeko arduradun Ainara Cantok azaldu duenez, “parte-hartze prozesu baten aldeko apustua egin da, Euskadiko haurren eta nerabeen ongizatean eragina duen lana egiten duten hainbat eragileren ekarpenak jasotzeko aukera eman duena, eta askotariko esparru eta sistemetatik hedatzen dena: hezkuntza, osasuna, gizarte-zerbitzuak, segurtasuna, justizia, kultura, aisialdia, kirola eta beste batzuk”. Eta gaineratu duenez, “prozesuan zuzenean sartu dira gure lurraldeko haur eta nerabeak, eragiten dien indarkeriari buruz duten ikuspegia txertatzeko”.

Estrategia horren helburua da euskal erakundeak prestatuago egotea indarkeria-mota guztiak prebenitzeko, bai eta goizago detektatzeko eta indarkeria-egoeretan goiz esku hartzeko ere.

Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektoriala Eusko Jaurlaritzako zazpi pertsonak, foru-aldundietako beste hiruk eta Euskadiko udaletako beste hiruk osatzen dute. Horiei gehitu behar zaizkie 11 pertsona gehiago, haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeetakoak; bat Gizarte Laneko Elkargo Profesionalekoa eta beste bat Gizarte Hezkuntzako Elkargo Profesionalekoa.

“Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa izan da 2022an haurrak eta nerabeak babesteko tresna horiek guztiak abian jartzea. Orain esan dezaket legea, estrategia eta Barnahus bere eraldaketaren azken faseari aurre egitear daudela. Hiru tresna horiek Euskadi haur eta nerabeen eskubideen babesaren Europako abangoardian jarriko dute”, ondorioztatu du Beatriz Artolazabalek