Artolazabal: "Indarkeria matxistaren biktimek eremu judizialerako tratu hurbilagoa eta enpatikoagoa aldarrikatzen digute"

2021-11-25

  • Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak genero-indarkeriatik bizirik irten direnen lau elkarterekin izan duen bileraren edukiaren berri eman du Radio Euskadin
  • Era berean aitortu du inor ez dela gai izan honako “arazo hau ebazteko”: zergatik ez den presioa erasotzaileengan uzten, tratu txarrak jasotzen dituztenek bizitza lasaiagoa izateko
  • Irunen izan den migratzaileen heriotza dela eta, Escrivá ministroari “Eusko Jaurlaritzak mugan bizi den egoera dela eta duen kezka”ren berri emateko bidali dion gutunaz hitz egin du

Vitoria-Gasteiz, 2021/11/25

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur iragarri du duela aste batzuk bilera “pribatu eta apal bat” izan zuela genero-indarkeriaren biktimen lau elkartetako –Goizargi, Bizirik, Biziatu eta Debagaraiko Guerreras– ordezkariekin; izan ere, “tratu txarren emaileak salatzeko ausardia duten emakumeei ematen zaien arreta nola hobe dezakegun aurrez aurre” konta ziezaioten behar zuen. Elkarteek eginiko ekarpenak kontuan hartuta, sailburuak esan du topaketan atera zuten ondorio nagusia izan dela kolektibo horrek eremu judizialean “tratu hurbilagoa eta enpatikoagoa” aldarrikatzen duela, nagusiki.

Beatriz Artolazabalek adierazpen horiek Radio Euskadiren Boulevard irratsaioan A25 Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta emandako elkarrizketan egin ditu.

Berdintasuneko sailburuak, elkarrizketaren aurretik, homizidio-ahalegina jasan duen eta, erasotzaileak, espetxean dagoenean ere, etengabe egiten dizkion mehatxuak direla-eta, bizirik irauteko polizia-babesa behar duen biktima baten lekukotza “bortitza” entzun du. Bizirik irten den biktima horrek kontatu du beldurrez bizi dela salatu zuenetik, eta galdetu du ea zergatik ez dituzten erasotzaileak kontrolatzen, biktimak kontrolatu beharrean.

“Hausnarketa hori nik neuk ere egiten diot neure buruari, eta taldean ere, gauza bera. Badakigu hobetzeko bidea zabala dela eta ezin duela ulertu zergatik babestu behar den biktima eta zergatik erasotzaileak eskubide guztiak dituen aitortuta”, azaldu du.  Gai horren inguruan sailburuak aitortu du “legez inor ez dela gai izan arazo hori ebazteko". Horretarako, esan duenaren arabera, egoeraren inguruko hausnarketa sakona egin behar du Gobernuak, baina baita eremu judizialak ere, eta, beharbada, “legeak berrikusi behar dira”.

Artolazabalek defendatu du Eusko Jaurlaritzaren politika berdintasunaren eremuan zeharkakoa dela tartean diren beste zenbait sailekin, besteak beste, Segurtasunarekin, Hezkuntzarekin, Etxebizitzarekin eta berearekin, eta, ondoren, biktimekiko protokoloak hobetzeko beharraz hitz egin du, nagusiki biktimen egoerari dagokionez. “Koordinatu beharra dago, biktimak informatuta egon daitezen”.

Tratu txarren emaileak espetxeetan

Gaur egun, sailburuak emandako datuen arabera, EAEko espetxeetako presoen % 35 eta % 40 bitartean indarkeria matxistarekin zerikusia duten delituengatik daude espetxean; haietatik, % 80 indarkeria matxistaren jokabidea aldatzeko prestakuntza-zentroetara joaten da.

“Prestakuntza. Prestakuntza espezializatua behar da, bai profesionalentzat bai barnekoentzat, jarrera alda dezaten”, esan du.

Maguette kasuaren epaiaren inguruan galdetu diotenean, Artolazabalek aitortu du “babesaren inguruko oker judizial eta sozialetatik ikasi” behar dela, “berriro horrelakorik gerta ez dadin”. Sailburuak, puntu horretan, pasa den astean genero-indarkeriaren biktimei arreta espezializatua emateko taldeekin izan zuen bileraz hitz egin du, eta aldundi eta udalen lanaren balioa nabarmendu du.

Jarraian, iragarri duenez, “urte-hasieran” berriro batuko da bizirik irten direnen kolektiboekin, “zer egingo dugun azaltzeko”, eta “lantaldeekin ere batuko naiz, berdintasunaren aldeko borroka honetan aurrera egiteko ekimen eta ekintzen egutegia” ezarri ahal izateko.

Berdintasuneko sailburuak gai horren inguruan eginiko hausnarketekin amaitzeko, asmo-deklarazio bat egin du: “Nik neuk eta nire taldeak eta Gobernuak EAEn emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko dugun konpromiso pertsonal irmoa helarazi nahi dizuegu. Orduan baino ez gara izango gizarte berdinzalea”.

Kritikak Legarretari eta gutuna Escrivári

A25az gainera, Xabier García Ramsden-ek Artolazabali  Bidasoa ibaian iragaitzazko migratzaileen heriotzaz ere galdetu dio. Horren harira, pasa den igandean, Irungo Harrera Sareak pankarta bat atera zuen, eta, haren bidez, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendaria mugako heriotzen errudun dela salatu zuen.

Artolazabalek, zalantzarik gabe, salaketa “bidegabea, demagogikoa eta suntsitzailea” dela esan du, eta, aldi berean, erakunde eta elkarte guztiek kolektibo horri “erantzun solidario” koordinatua emateko egiten duten lanaren balioa nabarmendu du. Hala ere, Iruneko plataformak arretak nahasten dituela azpimarratu du.

“Hilanderas zentroan iragaitzazko migratzaileei ematen diegu arreta, eta malguak gara baliabidearen okupazioaren arabera; beste behar batzuk dituzten beste profil batzuetarako, abian diren beste baliabide batzuk dituen babes-sare bat dago. Beraz, ez dira ari egia esaten”, esan du, eta, aldi berean, honako hau azaldu du, grafikoki: “Ez litzaiguke bururatuko bazterketa-egoeran dagoen pertsona bat adinekoen egoitza batean sartzea”.

Berriro ere defendatu du baterako migrazio-politika bat Europarako, eta José Luis Escrivá ministroari bidali zion gutun batez hitz egin du: “haren bidez, Eusko Jaurlaritzak Irungo mugan bizi den egoeraren inguruko kezkaren berri eman genion”.

Ondorio gisa, Artolazabal sailburuak iragaitzazko migratzaileei laguntza ematen dieten gizarte-agenteekiko harremanei buruzko hausnarketa bat egin du: “Lehengo eguneko pankartekin ez da ezer eraikitzen. Gainera, beraiei galdetu beharko litzaieke beraiek ez ote diren migratzaileak, batzuetan, muga ibaitik gurutzatzera animatzen ari direnak. Eta hori mezu oso arduragabea da”.

Artolazabalek esan du onartzen dituela “hobetzeko kritikak”, eta aitortu du Iparraldeko elkarteekiko harremanak Irungo plataformarekin daudenak baino “askoz ere emankorragoak eta hurbilagoak” direla.